Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/07/01

EAJ-PNV Deba: «Osio geldirik izanda Debak ez du etxebizitza etorkizunik»

Debak duen etxebizitza arazoarekin kezkatuta azaldu da EAJ-PNV alderdia. EH Bilduren Udal gobernu taldeak geldirik dauka Osioko eremuaren garapena legegintzaldia hasi zenetik, eta herriak duen etxebizitza arazoak bere horretan jarraitzen du, irtenbiderik gabe.
Osio

Alderdi jeltzalea jakitun da, Osioko eremua garatzea urteetako prozesua izango dela, eta hortik pausuak lehenbailehen eman beharraren arrazoia: «azken urteetan pausurik eman ez izanak esan nahi du Debak ez duela etxebizitza etorkizunik epe ertainera. Debak duen etxebizitza arazoa argia da, ikuspuntu guztietatik eta Osio klabea da horretan. Gazteek zein aukera dute Deban etxebizitza bat erosi eta herrian geratzeko? Eta adinagatik edo beste hainbat beharrengatik etxebizitza egokitu bat behar dutenek ba al dute aukerarik Deban? EAJ-PNVk ezin du ezikusiarena egin eta beste alde batera begiratu».

Babes Ofizialeko etxebizitzak, aurreikusita

Alderdi Jeltzaleak gogorarazi du aurreko legealdian hainbat moldaketa egin zirela Osion egin beharreko lanak zehazten ziren fitxa urbanistikoan: «Osioko hirigintza garapenak etxebizitza ugari aurreikusten zituen, hasiera batean egin zen proiektuan. Aurreko legealdian, EAJ-PNV Udal gobernuko kide zela, egokitu egin zen proiektu hura, eta Babes Ofizialeko etxebizitzei lehentasuna ematea erabaki zen. Baimen guztiak bideratu ziren gauzatu ahal izateko, eta egin beharreko zuzenketak eta egokitzapenak ere egin ziren. Legealdia amaitu zenean azken baimen bat falta zen proiektua garatzen hasi ahal izateko, eta baiezko hori EH Bildu gobernuan zela iritsi zen. Hau da, EH Bilduren gobernu taldeak Osio garatzen hasi ahal izateko baimen guztiak ditu gaur egun, baina hala ere ez dute ezer egin».

Babes Ofizialeko etxebizitza kopurua handitu izanak erantzuna emango die herritar askoren beharrei: «EH Bilduren Udal gobernu taldea uko egiten ari zaio herritar askok, gazte zein gazte ez direnek, duten etxebizitza beharrari. Izan ere, Babes Ofizialeko etxebizitza gehiago aurreikustearen arrazoi nagusia izan zen baldintza ekonomiko jakin batzuetara egokitutako etxebizitzak izatea Deban, duinak eta herritarrentzat eskuragarriak izango zirenak».

Esku-hartze bat behar duen eremua

Etxebizitza arazoaz gain, EH Bilduren Gobernu Taldea Osioko eremuak behar duen esku-hartzeari ere uko egiten ari zaiola salatu du EAJ-PNVk:  «Debako herriak bizi duen utzikeria salatu dugu behin eta berriz, eta Osioko eremuaren degradazioa horren adibide garbia da. Eremu honetarako aurreikusitako berrurbanizazio lanek ez dute soilik etxebizitzak eraikitzea aurreikusten, auzoan hainbat lanketa egitea ere aztertzen da. Debako sarreran dagoen auzo honek esku-hartze bat behar du, bertan bizi diren bizilagunen eskaera historikoa ere bada Osiok dituen beharrei aurre egitea. Arazo eta erabaki ezberdinak medio, urteetan garapen ezberdinak aurreikusi dira Osiorentzat, nahiz eta momentuz aurrera eraman direnek ez duten erantzun integral bat aurreikusi. Osioko auzotarrei entzun egin behar zaie, eremuak dituen beharrak aintzat hartu behar dira, eta kronologia bat markatu behar da, exekuzio plan bat egin. Bada garaia, Debako herriaren eremu zabal bat hartzen duen auzo honi behar duen konponbidea emateko».

Debarren beharrei erantzuna emateko, lanean

EAJ-PNVk azaldu du, betidanik egin duela lan proiektu honen alde: «Udal gobernuan geundean, eta erabakiak hartzeko aukera izan dugunean, hartu egin ditugu; aurrera-pausuak eman dira. Eta oposizioan egon garenean, lehen eta orain, proiektu hau garatzearen alde egin dugu lan. Begi-bistakoa da Debak duen etxebizitza arazoa eta gaiari heldu egin behar zaio, hartu behar diren erabakiak hartu eta aurrera egin. Debarren etxebizitza eskubideak lehentasuna du EAJ-PNVrentzat».

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...