Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/06/15

Andoaindarren eta bereziki behar gehien duten herritarren aldeko lana sendotu du EAJ-k Udalean

Legealdiaren azken txanparako, “ilusio, gogo eta proiekturik” ez zaie faltako, zinegotzi taldeak aurreratu duenez. Urte hain latz hauetan “etxekalte” jardun izana leporatu diote oposizioari, “eskuak luzatu beharrean, trabak jarri” dituztelako.
Andoaindarren eta bereziki behar gehien duten herritarren aldeko lana sendotu du EAJ-k Udalean

Andoaingo EAJ-PNVren udal-taldeak legealdiaren hiru urtetako balantzea egin du, taldeak Andoainen eta andoaindarren alde egindako etengabeko lanari balioa emanez eta legealdiaren azken txanparako lana eta ahaleginak areagotzeko konpromisoa berretsiz. Hala, Mari Jose Izagirre, Alex Huitzi, Txitxu Ruiz eta Imanol Goenaga zinegotziek egindako agerraldian, jeltzaleek “Andoainek aurrera egiten jarrai dezan” egin duten lana azaldu dute. Hain zuzen ere, Izagirre alkateordeak aldarrikatu duenez, “iparrorratz argia” izan dute: “Behar gehien dutenen alboan egotea da gure lehentasuna eta baliabide tekniko, ekonomiko eta pertsonal guztiak erabili ditugu egoera zailenei aurre egiteko”. “Tokiko jarduera ekonomikoaren aldeko apustua, azpiegitura eta obra berriak, hirigintza eraldaketak, ingurumenaren eta naturaren babesa eta Andoaingo kaleak berriz ere bizirik ikustea”, horiek EAJ-k ezarritako lehentasunak datozen hilabeteei begira.

Pandemiak eragindako krisi sozial eta ekonomikoari erreferentzia eginez hasi dute, hain zuzen, balorazioa zinegotziek. Hala, “aurrekaririk gabeko egoera horren aurrean Udalak izan duen erantzuteko ahalmena” azpimarratu dute, “denbora azkarrean egokitzeko gaitasuna erakutsiz eta etengabe erabakiak hartuz” eta, berretsi duenez, “beti andoaindarren ongizatea lehenetsiz”. Hala ere, izurritearen latzena gaindituta, Ukrainaren inbasioak eta mundu mailako testuinguruaren ezegonkortasunak eragindako larrialdi humanitarioaren zein eragin ekonomiko zuzenen aurrean, datozen hilabeteetako ikuspegia ziurgabetasunez betetzen duela adierazi dute. Horren aurrean, “kudeaketan eta herritarren alde lanean”, atsedenik ez dutela hartuko agindu dute. “Zailtasunez jositako urteak izan arren, lanerako eta itxaropenerako gaitasuna” ez omen du galdu jeltzaleen udal-taldeak eta legealdiaren amaierako urterako indar, gogo eta proiekturik ez zaiela falta iragarri dute. “Guztiok batera atera behar dugu aurrera, inor atzean utzi gabe”, borobildu du Mari Jose Izagirrek.

Oposizioaren lankidetzarako gogo falta

Urte hain nekez hauen aurrean, egoera latzak sortutako eragozpenak kontuan hartuta, oposizioaren jarrera ere kritikatu nahi izan du EAJ-PNVk. “Etxekalte, krisiaren garai gogorrenetan eskua luzatu beharrean, trabak jarri dituzte” salatu duenez, eta jokaera horrek “iparra galdua” dutela salatu dute. Are gehiago, “saldu nahi digutena salduta ere, udalerriaren berraktibazio sozio-ekonomikoa errealitate bat da, eta datozen hilabeteetan are nabariagoa izango da, ahalegin guztiak egiten jarraituko dugulako egoera gainditu eta hazkunde joerari ekiteko”. Hala, “akordioaren eta lan partekatuaren bidetik” jarraituko dute jeltzaleek Andoaingo Udalean, “demagogiaren eta populismoaren aurrean, errealismoa eta lana” eskainiz, eta “iluntasun eta itsukeriaren aurrean, argitasuna”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube