Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/05/22

EAJ-PNVk "oreka berdearen" alde egiten du, klima aldaketari aurre egiteko

Naturaren kontserbazioa eta landa eremuen garapen ekonomikoa uztartzeko apustua egin dute jeltzaleek Bergaran egindako ‘Entzunez Eraiki‘ lan saioan
EAJ-PNVk

Euzko Alderdi Jeltzaleak Gipuzkoako udalerriak zeharkatzen jarraitzen du “Entzunez Eraiki” entzute-prozesuaren bitartez, bere proiektu politikoa alderdikideekin eta herritarrekin kontrastatu eta ekintza politikoa aberasteko asmoz. Eta gaur Bergaran egin du, ingurumen gaietan sakontzeko asmoz, Euskadik eta, zehatzago, Gipuzkoak bizi duten benetako egoeraren errepaso zehatza eginez. Biodibertsitatearen nazioarteko egunaren bezperan, arloko arduradun politikoek, gaian adituak diren profesionalek eta lehen sektoreko ordezkariek ingurumenaren zaintzaren eta nekazaritza-jardueraren arteko oreka bilatzeko beharraren inguruko hausnarketak partekatu dituzte

Jardunaldia Imanol Goenaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen adituak zuzendu du, eta klima-aldaketaren aurkako borrokan ezinbestekotzat jo du oreka berdea-ren apustua egitea. Ohartarazi du “Gipuzkoan baserriek eta baserritarrek berezibiziko funtzioa bete izan dutela mendetan, elikagaiak sortzeaz gain, ingurune naturalaren zaintzaile nagusi izan direlako. Baina industrializazioaren iritsierak errealitatea erabat aldatu zuen, milaka urtetako bizimodua atzean utziz”. Momentu hartan, baserritar asko industrian lanean hasi zirenean, hiriguneen hazkundea eta baserriguneen hustutze prozesua hasi ziren. 

Goenagaren ustez “urtetan zehar desoreka hori hazten joan da eta orain inflexio puntu batetan gaude: Baserria eta hiriaren arteko oreka berrezarri behar da, landa eremuen garapen ekonomiko-soziala sustatuz”. Nork zaintzen du gure ingurumena? Nork ekoitziko ditu gure elikagaiak? Azken pandemiak agerian utzi du zein garrantzitsua den tokiko eta kalitatezko elikadura bermatua izatea. 

Goenagarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako zuzendari diren Xabier Arruti eta Arantza Ariztimuño izan dira saioan eta biek ala biek familia-nekazaritzan oinarritzen den nekazaritza eta abeltzaintza ereduak defendatu dituzte.  "Eredu jasangarriak dira; ingurumena errespetatu, zaindu eta babesten dutenak; hortaz, ezinbestekoak dira lurraldearen kudeaketarako”, defendatu dute. Baserritarren figura balioan jarri dute “tokiko produktuez hornitzen gaituztelako, osasungarriak, kalitatezkoak, eta gure kultura gastronomikoari eusten laguntzen dutenak”.

Bergaran egin den jardunaldian, EAJ-PNVk ezinbesteko jo du natura ondarearen kontserbazioa eta landa guneen garapena bateragarri egitea, “txapon beraren bi aurpegi direlako kontserbazioa eta jarduera ekonomikoa”. Zehazki, naturguneak zaintzeak negozio-aukera berriak sor ditzake ekonomia zirkularrean, bioekonomian edo nekazaritza-sektorean, osasunari eta ongizateari lotutako onurez gainera.

Biodibertsitateari dagokionez, fauna eta floraren habitat adierazle ezberdin kontutan hartuta, Euskadi egoera onean dagoelaargudiatu du Arrutik. “Kosta eta mendia uztartzen dituen kokapen geografiko berezian bizi gara eta kontutan hartu behar da Europar Batasuneko lurraldearen % 1 baino zertxobait bat gutxiago izan arren, Euskadik Europaren intereseko habitat guztien % 35 inguru hartzen dituela”, gehitu dute.

Gure ongizatea eta etorkizuneko belaunaldiena ekosistema osasuntsuak kontserbatzearen menpe dago, eta horretarako muturreko jarrera protekzionistak ekidin behar dira jeltzaleen ustetan. Hori dela eta, ondorioztatu dute landa ingurunea babestea dela klima aldaketari aurre egiteko ekimen eraginkorrenetarikoa. Horretarako ezinbestekotzat jo dute oreka berdea bideratuko duten politika publikoak sustatzen jarraitzea. Imanol Lasa GBBko Berrikuntza Politikoko arduradunak azaldu duenez, EAJk naturaz eta mendiaz gozatzea bermatuko duen oreka sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, baita etorkizuneko baserritarrei bide emango diena kalitatezko produktu osasungarriak eta horien ekoizpen-eredu jasangarria bermatzekoa ere, klima aldaketaren aurkako borrokan sakondu, eta gure nortasun bereizgarria balioan ipintzeko asmoz. 

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube