Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/04/13

EAJ-PNV: «Musika Eskolaren proiektuari lehentasuna ematea eskatzen dugu, aurrera egin eta lanak 2022-2023an hasi ahal izateko»

Alderdi jeltzaleak gogorarazi du legegintzaldia amaitzeko urtebete falta dela eta hainbat proiektu inolako zehaztasunik eta aurrekontu-partidarik gabe planteatzea kea saltzea eta behar batzuei ateak ixtea dela.
EAJ-PNV: «Musika Eskolaren proiektuari lehentasuna ematea eskatzen dugu, aurrera egin eta lanak 2022-2023an hasi ahal izateko»

Martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatu zen, besteak beste, EH Bilduk gobernatzen duen Oñatiko Udalaren 6.324.258,20 €-ko soberakina zertarako erabiliko den.  Besteak beste, EH Bilduren Gobernuak 1.727.714,29 €-ko zortzi proposamen berri aurkeztu zituen, 785.000 € kiroldegiko obren prestamoaren 2023ko kuota aurreratzeko, Euskaltegiko inbertsioak egiteko, Azkoagainen hobekuntzak egiteko, Urgainen obrak egiteko, brigadarako kamioi berri bat erosteko, Arantzazu auzoko ur-horniduraren sarerako inbertsioak egiteko, Araotz auzoko ostatuko aparkalekua urbanizatzeko 85.000 €-ko eta Torreauzoko bidegorrirako zubia egiteko. Proposamen horien inguruan, EAJ-PNVk Torreauzoko bidegorriari behin betiko irtenbidea emateko beharra azpimarratu du: «ados gaude Torreauzoko zubirako 250.000 euro erabiltzearekin. Aspalditik ari gara eskaera hori egiten, eta badirudi azkenean aurrerapausoak emango direla».  Landa auzoetara bideratutako proposamenei dagokienez, alderdi jeltzaleak dio ez dela nahikoa: «auzoetarako partida 164.000 eurotan handitzea eskatu dugu, auzo-alkateen eskaera da eta lehen ere eskatu genuena. Bestalde, Udalak ez du aurreikusi Zubillagako trenbide zaharraren zubia handitzea, eta, guztiok dakigun bezala, egungo zubiaren zabalerak asko zailtzen du inguruko baserri eta mendietara iristea. Zubillaga auzoko bizilagunek proiektua ordaindu zuten, haren beharra agerian utziz, eta EH Bilduko gobernu taldeak entzungor egiten jarraitzen du, nahiz eta proiektua gauzatzeko kostua oso handia ez izan, 62.000 €» Beraz, alderdi jeltzaleak eskatu du kiroldegiko maileguaren amortizazioa berriro aurreratu beharrean (785.000€), diru hori eskura izatea, besteen artean adibidez auzoetako eskaerei irteera emateko.

3 milioi euro baino gehiago, zehaztu gabe

Gerakinera itzulita, EAJ-PNVk gogorarazi du, Gobernu Taldearen proposamenaz gain, Oñatiko Udalak 3.098.014,77 €-ko gerakina izango duela 2022rako. EH Bilduk kopuru hori hiru proiektu nagusitara bideratzea proposatu du: emakumeen Etxea (badu aurretik partida bat erosketara zuzentzeko), Musika Eskola eta Urrutxuko zabortegia zigilatzea.

Hiru proposamen horiek Oñatirentzat beharrezkoak badira ere, alderdi jeltzaleak argi dauka gobernuaren kudeaketa faltaren ondorioz oraindik ez dakigula proiektu horietako bakoitzera zenbat bideratuko den, ezta gutxi gorabehera ere: «beste askotan bezala, proposamenak behar bezala egitea eskatzen dugu. Inolako aurrekontu-partidarik gabeko hiru proiektu planteatzea kea saltzea da. Legegintzaldia amaitzeko urtebete falta da, eta proiektuetan aurrera egin nahi badugu, horiek zehaztasun handiagoa behar dute. Ez dakigu 3.000.000 euroko soberakinak EH Bilduk planteatutako hiru proiektuetako bati,  biri… aurre egiteko izango diren, edo beste baten batek tokia izango duen edo ez. EAJ-PNV gobernuan balego, jakina, kudeaketa oso bestelakoa izango litzateke».

Alderdi jeltzaleak Musika Eskolaren proiektua jarri du adibide gisa: «oraindik ez dute diagnostikoa egitetik amaitu eta kronogramari erreparatzen badiogu, atzeratzen ari garela ikusiko dugu. Proiektu honi lehen­tasuna ematea eskatzen dugu, 2022-2023 ikasturtean Musika Eskola berriaren obrekin hasi nahi bada».

EAJ-PNVren proposamenak 2021eko soberakinerako

Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk egunero lanean jarraitzen duela gogorarazi du, oñatiarren premia ezberdinak lehenesteko helburuarekin. Horrela, bai aurretiazko Batzordean bai Osoko Bilkuran lau proposamen egin dizkio gobernu-taldeari, gerakinaren zati batekin gauzatu ahal izateko.

Lehenengo proposamenaren helburua da Oñatiko futbol zelaiari behin betiko irtenbidea ematea: «EH Bilduk Azkoagaingo arazoa konpontzen ez duten adabaki ezberdinak proposatzen ditu, aldi baterakoak. Zuzenketetan proposatu genuen 15.000€ erabiltzea kirol-ekipamenduetarako kokapen posibleei buruzko azterketa bat egiteko; onartu bazuten ere oraindik ez dira diagnostikoarekin hasi. Gure ustez, konponbidea behin betikoa izan behar da, eta horregatik eskatzen dugu 350.000 euroko partida ekonomiko bat (350.000 €) aurreikustea kirol-ekipamendua instalatzeko lursailen erosketarako, Udalak ez baitu lursailik behar horiek asetzeko, eta horrela,  segurtasunez laster sortuko diren beharrak planifikatu eta aurreratu behar ditu udalak, Aloñari lehenbailehen irtenbidea eman nahi bazaio behintzat».

Bigarren proposamenak landa-mendien digitalizazioa jasotzen du: «Gaur egun, lursailak mugarriz mugatuta daude. Katastroko hainbat aplikaziotan aurki ditzakegu, baina guztiak 50eko hamarkadan ateratako airetik ateratako argazkietan oinarrituta daude. Gaur egun, GPS teknologiei esker, koordenatuen bidez muga daitezke lursailak, eta errealitatera zehatz-mehatz egokitzen dira. Gure ustez, proiektu hau 4 eta 5 urte arteko epean gauzatu beharko litzateke, eta, beraz, urtean 120.000 euroko partida bat eskatzen dugu».

Atletismoko pista egiteko proiektua egitea da EAJ-PNVren beste proposamenetako bat: «gaur egun oñatiarrak udalerriz aldatu behar dira kirol hau praktikatzeko. 50.000 euro bideratzea eskatzen dugu».

Eta, azkenik, lehen aipatutako 62.000 euroak Zubillagako trenbidearen zubi zaharra zabaltzeko erabiltzea ere proposatu du alderdi jeltzaleak: «Horrela, baserritarrak arazorik gabe sartuko lirateke inguruko baserri eta mendietara».

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...