Alderdi Eguna 2022

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/03/15

Asmoz eta jakitez

Teleberriaren laguntzaz ekiten genion solasaldi politikoari. Aitak hasi eta nik jarraitu, Amak isildu-eta-bazkaltzen-hasteko agintzen zigun arte. Ordurako banekien jeltzalea nintzela. Ez nuen Alderdiarekin inolako harremanik, ez nuen afiliaturik ezagutzen, baina horretarako ez da karnetarik behar, norberak badaki. Gogoan dut hamalau urterekin eskola-bidaia egin genuela Italiara eta afalorduan klase kide batek EAJ kritikatu zuela. Barrutik eta bat-batekoan erantzun nion: “Aizu, ni PNVkoa naiz”.
Asmoz eta jakitez

Umekeriak-umekeria, Aitak somatuko zuen politikarako grina nuela eta behin bota zidan: “Markel, EGI da EAJren gazte erakundea, zergatik ez duzu batzokian galdetzen?”. Jakina, hamasei urte nituen –eskola, futbola, lagunak− eta ez nion kasurik egin. Haatik, hiru urte geroago banuen orduko Interneten zer bilatu: EGI. Euzko Gaztedi. Email helbidea. Mezua. Eta, egun batzuk geroago, Xabi Insausti beasaindarrak ongietorria egin zidan Gipuzkoako EGIra.

Azken lau urteotan nik izan dut, gainontzeko Erki kideekin batera, taldera gerturatu diren gazteei harrera egiteko ardura. Atsegin handiz egindako talde-lana, zinez. Gure aurrekoek eraikitakoari bultzada emanez; Aia, Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Getaria, Hernani, Hondarribia, Ikaztegieta, Irun, Lazkao, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Usurbil, Zaldibia, Zarautz eta Zumaiako gazteok osatzen dugu gaur-gaurkoz Gipuzkoako EGI.

Eta, zer gara EGI kideak? Ba, finean; gazteak, abertzaleak, humanistak eta demokratak. Abertzale baikor eta aurrerakoiak. Giza eskubide eta askatasun indibidualak beti oinarri, konplexurik gabe aldarrikatzen dugu: 1) euskaldunak garela, 2) euskara dugula berezko hizkuntza eta 3) Euskadi dela gure aberria. Izan ere, Europa eta munduko nazio guztien elkartasuna helburu, euskaldunok ez gara inor baino gehiago, baina ezta inor baino gutxiago ere. Horiek horrela, Euskal Herriak badu, nola ez, bere etorkizun politikoa bide baketsu eta demokratikoen bitartez erabakitzeko eskubidea eta EGI kideok, ozen eta argi diogu; gu euskal estatua sortzeko jaio ginen. Euskadi Europako nazio bat da eta gure helburua, bai horixe, euskal emakume eta gizon libreez osaturiko euskal estatu propio eta askea da.

Jakin badakigu, aldiz, herrien burujabetasuna ez dela oparitzen. Nazioen askatasuna eguneroko herrigintzaren eta begirada zabaleko jarduera politikoaren ondorio izanik, gure nagusiek dioten bezala, “independentziarako abaguneak prest eta lanean hartu behar gaitu”. Ildo horretatik, hain zuzen ere, azken urteotan gazteon prestakuntza lehentasun bilakatu da Gipuzkoako EGIn. Kasu, adituak gonbidatuz eta urte osoan zehar, Euskadiren erronka nagusi diren gaiak lantzen ari gara; besteak beste, gazteon bizi baldintzei dagozkionak, ingurumenaren zaintza, teknologia berrien garapena eta aplikazioa, genero-berdintasuna eta askatasun sexuala, memoria eta elkarbizitza, gizartearen zahartzea, euskararen erabilera, etorkinen gizarteratzea, euskal autogobernuaren bilakaera eta Europar Batasunaren etorkizuna. Halaber, gure konpromisu irmoa da euskal gazteriaren interesak jokoan diren foro, gune eta lan-talde guztietan gure proiektu abertzale eta euskaltzalea aldarrikatzea. Asmoz eta jakitez.

Bizitzaren legeak aginduta, honakoak dira EGI kide bezala idatziko ditudan azken lerroak, eta ezin amaitu EGI kide guztiei elkarrekin bizitakoengatik eskerrak eman eta, bereziki, Gipuzkoako EGI kideei besarkada estua bidali gabe. Katea ez da eten. Gipuzkoar gazte ugari datoz atzetik, euskal abertzaleon egitasmoa indarrez hauspotu eta gure herriaren ongizate eta askatasunaren alde lan egitera. Izan zirelako gara eta garelako izango dira.

Gora EGI! Gora Euskadi Askatuta! 

Markel Aranburu

Gipuzkoako EGIkidea

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...