Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/05/27

EAJ-PNVren udal taldeak Corrugados irekitzako erakunde arteko lan batzordea eratzeko eskatzen dio berriro ere alkateari

“Enpresak argi utzi du proiektu sendoa duela, eta planta irekitzea oraindik ere bideragarria dela. Beraz, lanean jartzeko garaia da”, nabarmendu du Amaia Etxeberriak
Amaia Etxeberria

Amaia Etxeberria, Azpeitiko Udaleko EAJ-PNVren bozeramaileak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateari eskatu dio, beste behin ere, Corrugadosen irekiera bideratzeko erakunde arteko lan batzorde bat sortzeko. "Enpresak argi utzi du proiektu sendoa duela, negozio, inbertsio eta ekoizpen planetan eta proiektuaren bideragarritasuna bermatzen duten lege-txostenetan oinarritua", adierazi du. Etxeberriaren esanetan, enpresak "ez dio aterik itxi oraindik" udalerrian jarduera berreskuratzeari, eta, beraz, "orain lanean hasi behar dugu, administrazioen artean elkarlanean, eta enplegua eta aberastasuna sortzeko funtsezkoa den jarduera industriala berreskuratzeko formula egokia aurkitu behar dugu. Alkateari eskua luzatzen diogu hori lortzeko".

Etxeberriaren esanetan, erakundeen arteko lan-batzorde batek "eskura dagoen dokumentazio guztia partekatzea ahalbidetuko luke, eta lantegia berriz irekitzea posible egiteko aukerarik egokiena zein den aztertuko luke, hirigintzako eta ingurumeneko baldintza guztiak errespetatuz. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak prozesu hori errazteko borondatea agertu dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena lortzeko ezarritako baldintzak betetzeko inbertsioak egiteko konpromisoa ere hartu du enpresak. Ez genuke ulertuko alkateak horrelako planteamendu bat atzera botatzea, eta uste dugu azpeitiarrek ere ez luketela ulertuko. Are gutxiago bizi dugun krisi ekonomiko honetan".

Zentzu horretan, esan du “ohiz kanpokoa” litzatekeela Nagore Alkortak Azpeitiarentzako "aukera paregabe hau" alferrik galtzen uztea. “Udalerriaren etorkizunerako funtsezko erabakia da, eta eskatzen diogun gauza bakarra da gutxienez atea irekitzeko, elkarrekin lan egiteko eta aztertzeko. Bere ardura da ", gaineratu du. Azaldu duenez, “oraindik garaiz egongo ginateke hondamendi hau gelditzeko, eta Alkorta andrea egoerak eskatzen duen mailara egotea besterik ez dugu espero. Dirurik eskatu gabe, 270 lanpostu zuzen sortu eta 50 milioi inbertitu dituen enpresa bat dugu. Inbertsio horrek, gainera, lana ekarriko lieke inguruko enpresei. Beste edozein lekutan pozik hartuko lukete horrelako aukera bat izatea. Hemen, aldiz, alkateak aurpegian ate itxiz erantzun du. Harrigarria litzateke jarrera horretan tematzea ".

Azpimarratu duenez, "alkatearen eta bere borondate politikoaren esku dago bide ematea, eskakizun guztiak betez", eta berriz ere EAJ-PNVren "lankidetza" eskaini dio “etorkizunean Trukutxoren aukera baztertu gabe".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube