Alderdi Eguna 2019

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/09/05

Gipuzkoa aitzindari da gobernu eredu kolaboratiboan eta kultura politikoaren berritzean

Gizarte antolatuari eta herritar orori dei egin die diputatu nagusiak, “gipuzkoar eredua” oinarri hartuta, lurraldearen etorkizuna eraiki eta elkarlan espazio berrietan parte hartzeko
Gipuzkoa aitzindari da gobernu eredu  kolaboratiboan eta kultura politikoaren berritzean

“Determinazio osoa dugu eta ahalegin zintzoa egiten ari gara herritarren eta erakundeen aldentzeari aurre egiteko”. Gisa horretan laburbildu du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, lurraldeko gobernu eredua berritzeko Foru Aldundiak bere buruari jarri dion helburu “estrategikoa”, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez mamitu dena. Datorren legealdi honetan egitasmo hori “indartu eta sakondu” egingo dutela iragarri du gaur diputatu nagusiak eta gainontzeko “erakunde, elkarte, alderdi politiko eta herritar guztiei” dei egin die elkarlan eta esperimentazio espazio eta gune berrietan parte hartzera.

“Gauzak berdin egiten jarraitzea ez da posible. Herrigintza demokratikoan sinesten dugunok partekatu beharko genukeen gogoeta da. Demokraziaren eta gure gizartearen oreka, ongizate estatuaren oinarriak daude jokoan”, aldarri egin du Olanok, gaur goizean Donostiako Miramar jauregian eskainitako hitzaldian. Diputatu nagusiak Etorkizuna Eraikiz, kultura politiko berria jardunaldiaren irekieran hitzaldia eskaini du, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkarekin batera.

Egungo munduak bizi dituen aldaketen aurreran eratzen ari den kultura politiko berria izan dute mintzagai ikastaroan, herritarrek politikarekiko duten jarrera aztertuz eta herritarrek politikan parte hartzeko modu berriak landuz. Entzute handiko hizlariak elkartu dira Miramar jauregian, Done Jakue Unibertsitateko politologoa den Anton Losada edota Complutense Unibertsitateko Metodologia irakaslea den Carolina Bescansa, esate baterako. Jose Maria San Segundo eta Rosa Gomez analistek eta Xabier Barandiaranek, Gipuzkoako diputatu nagusiaren aholkulariak osatu dute zerrenda.

Gipuzkoar eredua, “giltzarri”

Bere hitzaldian, “gizartearen eta instituzioen aldentzea” gainditzeko garaian, lurralde txikien eta tokiko administrazioen papera azpimarratu du. “Giltzarri eta aitzindari izan behar dugu”, erantsi du. Horretarako, gipuzkoarron artean oso errotuak diren bi baliori egin die erreferentzia: ekintzarako eta elkarlanerako joera. Lurraldeko “eredu propio” hori, bere esanean, erakundeen eta politikagintzaren “alor guztietara” zabaltzeko premiaz ohartarazi du.

“Gure enpresek, elkarteek, erakundeek, giza taldeek garai zailenetan ere eutsi diete balio horiei. Harrokeriarik gabe eredu hori aldarrikatu nahi dut. Lankidetzarako prestutasuna eta ekintzarako joera, balio horiek gidatu behar dute gure jarduna alor guztietan. Gobernantza eredu berrietan sakontzeko ere, hori behar du izan zutabe. Ekitea, elkarrekin ekitea”, gogoeta egin du.

Testuinguru horretan, Etorkizuna Eraikiz programak erdigunean jarri duen “ekintza eta esperimentazioa” nabarmendu ditu. “Hil ala bizikoa da, proiektu eta egitasmo konkretuak gauzatzea. Ezinezkoa izango da herritarren eta erakundeon arteko lubakia gainditzea, ekintza eta emaitza ukigarriak, begi-bistakoak, lortzen ez baditugu”, osatu du.

Horren lekuko, enpresetan aukera berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea sustatzeko programa esperimentala aipatu ditu Olanok. Dagoeneko 40 proiektu pilotu gauzatu dira egitasmo honen baitan, 8.000 laguni eraginez. Hainbat enpresetan dagoeneko “aldaketa positiboak” bultzatu dituen programa dela goraipatu du eta, gainera, modu parte-hartzailean garatutako lerro honen ondorioak dagoeneko Aldundiko politiketan txertatu direla azpimarratu du.

Horrez gain, politika publikoak elkarlanean garatzeko desafioa “erakundeon estrategiaren erdigunean” kokatzeko beharra iradoki du diputatu nagusiak, “gizartearengana gerturatu, entzun eta gizarteak deliberazio publikoan parte hartu” dezan. Gaineratu duenez,  “gizartearen beharrizan eta desafio berriei erantzutea, honek izan behar du gure lanaren helburu nagusietakoa”. Hortik Etorkizuna Eraikizen bitartez “gai kritiko” batzuen inguruan “elkarlan eremuak eta espazioak” sortzeko erabakia: desberdinkeria, aldaketa klimatikoa, krisi demografikoa, mugikortasun jasangarria, zibersegurtasuna eta elikaduraren etorkizuna, kasu.

“Gizartera gerturatu eta elkarlanean aritzea ezinbestekoa du desafio horiei aurre egiteko. Herrialde txikia gara, kolaborazioa bultzatu behar dugu erakunde eta eragile sozio-ekonomiko guztion artean. Kultura politiko berri hori finkatzeak izugarrizko garrantzia du Gipuzkoaren etorkizunerako”, adierazi du Foru Aldundiko ordezkari nagusiak.

Estatuko politika, “kezka” iturri

“Politikaren sinesgarritasuna” berreskuratzeko bidean, Olanok ohartarazi du hori ez dela bateragarria “adierazpen erasokorrarekin, taktizismo erabatekoarekin, sare sozialetako akzio-erreakzio antzuarekin, nahiz etenik gabeko zasca edo belarrondoko mediatikoekin…”. Estatuko panorama politikoari erreparatuz, azaldu duenez, “ez du balio politika berria bultzatzeko balizko neurriak defendatzea”, gure jardun politikoan “bestelako eskema” aplikatzen badugu.

“Ezin dira gobernu berri bat osatzeko negoziaketak erabili kontrarioa ahultzeko edo norbere errelato politikoa indartzeko”, kritika egin du. Horregatik, Madrileko gobernua osatzeko “tirabira antzuak” eta “zailtasunek” sortzen dioten “kezka” azaleratu du Olanok. Batetik, “Gipuzkoarako oso garrantzitsuak” diren zenbait proiektu “geldirik” daudelako eta, bestetik, “beharrezko” dugun kultura politiko berriaren “kontrako norabidean” doazelako.

Horren aurrean, lurraldean eta, oro har, Euskal Herrian “sendo” ageri den “elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko kultura” hobetsi ditu diputatu nagusiak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube