Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2019/04/05

Maite Peña: “Errenteriarren kezka nagusiak dira egoera ekonomikoa eta herrian dagoen segurtasun falta”

EAJ-PNVk ezagutzera eman ditu errenteriarrek egindako ekarpenak, partaidetza prozesu baten bitartez bideratuak. Dagoeneko 200etik gora proposamen dira
Maite Peña: “Errenteriarren kezka nagusiak dira egoera ekonomikoa eta herrian dagoen segurtasun falta”

“Errenteriarren kezka nagusiak dira herrian dagoen segurtasun falta eta egoera ekonomikoa, langabezia tasa lurraldearen batez bestekoa baino handiagoa delako”. Hala adierazi du Maite Peñak, Errenteriako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, gaur eguerdian emandako prentsaurrekoan errenteriarrek partaidetza prozesu baten bitartez egindako ekarpenak ezagutarazteko. Prozesuak irekita jarraitzen badu ere, dagoeneko 200etik gora proposamen jaso dituzte.

Maite Peñak nabarmendu duenez, “EH Bilduk gobernuan lau urte daramatzala, errenteriarren kezkak berberak dira: segurtasun falta, egoera ekonomikoa, garbitasun falta eta aparkatzeko arazo larriak”.

Duela zenbait aste Errenteriako EAJ-PNVk partaidetza prozesu bat jarri zuen martxan, errenteriarren proposamen eta iradokizunak biltzeko, herritar guztien postontzietara galdeketa bat helarazita, 2014an Zure Errenteria ekimena abiarazi zenetik egin duen moduan.

Maite Peñak aditzera eman duenez, “dagoeneko errenteriarrek egindako 200etik gora proposamen, kezka eta premiak jaso ditugu; gehienak galdetegia erantzunez izan dira, Zure Errenteria postontzian utzita, baina baita ere e-posta eta sare sozialen bidez ere”. Eta gehitu du EAJ-PNVn “oso modu positiboan” baloratzen dutela herritarren parte-hartze aktiboa prozesu honetan. “Eta horregatik errenteriarrei eskertu nahi dizkiegu egin dituzten ekarpen guztiak”. Alde horretatik, errenteriarrak animatu ditu “beraien kezkak guri helarazten jarraitu dezaten”.

Peñak azaldu du “herritar asko kexatu direla Errenteria zikina dagoelako eta kale garbiketa hobetzea eskatu digute. Asko dira, baita ere, kexatzen direnak aparkaleku faltagatik eta trafiko arazoengatik. Era berean, jendea gehien kezkatzen duen gaietako bat da herrian dagoen segurtasun falta. Horregatik uste dugu txoke plan bat behar dela arazo honi aurre egin diezaiogun, eta ildo horretan elkarlanean ari gara Udalak berriki sortu duen segurtasun batzordearekin, EAJ-PNVren ekimenez.

Bestalde, Peñak aipatu du herritarrek ekarpen positiboak ere egin dituztela, esaterako, “gu animatuz jarraitu dezagun Errenterian udal talde guztien babesarekin abiarazitako bizikidetza eredua indartzen, zeren hainbat hamarkadatan Euskadin indarkeriak gogorren jotako herrietako bat izan zen gurea”.

Halaber, hautagai jeltzaleak esan du errenteriarrak “kezkatuta daudela bai enpleguagatik bati enpleguaren kalitateagatik. Eta argudiatu du kezka horren atzean “datu objektiboak” daudela, izan ere, langabezia tasa Errenterian %10,89ra jaitsi bada ere (2016n %15,1 zen), “oraindik nabarmen altuagoa da lurraldearen batez bestekoarekin (% 8,1) konparatuta”. Hori dela eta, Peñak esan du egoera ekonomikoa eta enpleguaren kalitatea izango direla EAJ-PNVk duen proiektuaren ardatzetako bat.

Peña konbentzituta agertu da herri bat “elkarrekin eta elkarlanean” eraikitzen dela; eta gaineratu duenez, “errenteriarrek asko dute esateko, eta nahi dute guk entzutea. Azken batean, guztiok gara Errenteria eta guztiok egiten dugu Errenteria”.

Azkenik, alkategai jeltzaleak gogorarazi du ekarpenak edota proposamenak egin nahi izanez gero, modu honetan egin daitezkeela: triptikoaren bitartez (edo gabe, ekarpenak Zure Errenteriaren postontzian utzita (Koldo Mitxelena plaza, 4); baita ere Facebook bidez (facebook.com/zure.errenteria) edo  e-mail bitartez (eaj-pnv.errenteria@gipuzko.com). Era berean, hainbat aste dira Zure Errenteria lokala goizez irekita dagoela, eta orain ere bai arratsaldez, 17:00etatik 19:30ak arte. “Bertan jendeari aukera ematen diogu posta bidezko botoa egiteko, ekarpenak zuzenean egiteko eta herritarren dudak argitzeko. Azkenik, Peñak aurreratu du laster hasiko dituztela “auzoz auzoko bisitak”, eta “pozik” entzungo dutela jendeak “esateko daukana”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...