Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Errenteriako EAJ-PNVk haur parkeen mantenurako kontu saila handitzea proposatuko du
Haur parkeen egoeraren jarraipena egin dute jeltzaleek azken hilabeteetan eta legealdian bakarren batzuk konpondu badira ere, EAJ-PNVren iritziz, gure herriko haur parkeak, oro har, nahiko utzita daude.
Errenteriako EAJ-PNV 2019ko udal aurrekontuen proposamenari aurkeztuko dizkion emendakinak prestatzen ari da. Lanketa horretan, udal gobernuak aurkeztutako proposamenak jasotzen duen haur parkeen mantenurako kontu saila motz gelditzen dela ondorioztatu dute jeltzaleek. Hori dela eta, aurrekontu proiektuari aurkeztuko dizkieten emendakinen artean, kontu sail honen igoera jasoko dute.
Azken hilabeteetan, jeltzaleek, haur parkeen egoeraren jarraipena egin dute eta legealdian bakarren batzuk konpondu badira ere, EAJ-PNVren iritziz, gure herriko haur parkeak, oro har, nahiko utzita daude. Izan ere, puntualki haur parkeren bat edo beste berritu bada ere, hamarnaka dira gure auzoetan dauden haur parkeak eta gehienetan ezer gutxi egin denez, horien egoera nahiko kaxkarra da, oro har.
Jeltzaleek, parkeen egoeraren azterketa egiteaz gain, urtez urte egindako inbertsioak ere aztertu dituzte. 2015ean, esaterako, “Urbanizazioak” kontu sailaren barruan haurren parkeen mantenua txertatuta bazegoen ere, ez zen horietan inbertsiorik egin. 2016an, aipatu kontu sail horretan, Antonio Valverde parkea konpontzea aurreikusten zuen aurrekontuaren memoriak, baina ez zen horrelakorik egin. Urte horretan, “Beraungo parkearen estaldura” kontu saila sortu zen, izenak berak dioen helburuarekin, eta hori izan da legealdian egin den inbertsiorik handiena haur parkeei dagokienean, 178.475,06 euro, hain zuzen ere. 2017an berriz ere aurreikusi zen Antonio Valverde parkea berritzea, “Urbanizazioak” kontu sailean, baina berriz ere ezerezean gelditu zen eta haur parkeei dagokienean, soilik, 7.600,13 euro erabili ziren, Pontikako haur jolas parkea konpontzeko. Aurten, azkenik berritu da bi urte lehenagotik aurreikusita zegoen Antonio Valverdeko haur parkea, “Hiri altzariak” kontu saileko 77.113,30 euro erabilita. 2018ko aurrekontuek, “BEEL Haur parkeak” izeneko 20.000 euroko kontu saila jasotzen dute eta hori erabili da Bizarain ikastetxeko jolas parkea eta Hombrados Oñatibiakoa konpontzeko. Udal gobernuak 2019rako aurkeztutako aurrekontu proposamenak, azken kontu sail hori mantentzea besterik ez du aurreikusten haur parkeei dagokienean eta horri nahiko motz gelditzea irizten diote jeltzaleek. Hori dela eta, aipatu kontu saila diru gehiagoz hornitzea eskatuko du EAJ-PNVk bere proposamenean.
EAJ-PNVk 2019ko udal aurrekontuen lanketarekin jarraitzen du, errenteriarren beharrei ahalik erantzun egokiena emango dieten aurrekontuak osatze aldera. Bide horretan eta jarrera eraikitzailearekin, aurkeztuko ditu bere emendakinak eta horien inguruan adostasunetara iristeko, orain arte izan duen jarrera irekiari eutsiko dio. “Ez dago gure esku egiten ditugun emendakinak onartzea, izan ere, udal gobernuak badu nahikoa bozka bere proposamena osotasunean onartzeko, baina gure esku dago aurrekontua hobetuko duten proposamenak mahai gainean jartzea. Beraz, guk gure lana beteko dugu, aurrekontuak hobetzen saiatuko gara eta udal gobernuaren esku geldituko da aukera hori baliatzea” amaitu dute jeltzaleek.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2026/06/10
DONOSTIA
2026/06/09
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



