Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Pasaiako Ondartxo pasealekuko lanak amaitzear
Amaitzear diren Ondartxoko obrak, EAJ-PNVk sustatutako Pasaiaren biziberritzearen aldeko estrategiaren baitan kokatuak daudenak, bisitatu ditu Nahikari Oterminek. Jeltzaleek Pasaiaren aldeko apustu eta konpromisoa berretsi dute eta legealdia honetan bezalaxe, datorrenean ere modu berean lan egiteko borondate bera azaldu dute
Udaleko Hirigintza Saileko arduradun eta EAJ-PNVko bozeramaile eta datozen udal hauteskundeetarako alkategaiak, Nahikari Oterminek, amaitzear diren Ondartxo pasealekuko lanak bisitatu ditu, jada pasealekua zabalik baitago herritarrentzat.
Jeltzalearen hitzetan “ekimen hau EAJ-PNVk erakunde guztietan, bai Eusko Jaurlaritzan, Foru Alundian zein Udalean, sustatu eta babestutako Pasaia biziberritzeko estrategiaren baitan kokatua dago”. “Urteak daramatzagu proiektu integral hau lantzen, anbizio eta konplexutasun handiko proiektua dena; baina dagoeneko emandako urratsen zantzuak ikusten ari gara; edonola ere, ezinbestekoa da proiektuaren baitan lanean jarraitzea eta horixe da egingo duguna, gure konpromisoa erabatekkoa eta erreala baita” aitortu du Oterminek.
“Ondartxoko lanak amaitzeko pare kontu besterik ez dira falta eta jada herritarrei zabalik dago pasealekua. Aurrera eramandako lanei esker, orain, pasaitarrek oinezko pasealeku berrituaz gozatzeko aukera izango dute, askoz ere erakargarriagoa dena eta sarbide hobeak dituena” azaldu du. “600m egokitu dira eta herritarrentzako zein bisitan datozen pertsona guztientzako espazio publiko berria egokitu eta berreskuratu da” jarraitu du. “Oinezkoek espazioa irabazi dute eta orain pasealekua seguruagoa, atseginagoa eta irisgarriagoa da pertsonentzat; argiztapena eta saneamendu sarea ere berritu dira eta pasealekuko gunerik zabalenean herritarren elkargune berria sortu da lorategi eta eserlekuekin” gehitu du. Horri esker, aurrerantzean pasaitarrek kalitatezko pasealekua izango dute, beren beharrei egokitutako espazio berria, alegia.
“Izan ere, aipatu lanek, eta baita Biziberritze Planean jasotako gainerako egitasmoek ere, helburu dute Pasaiako hiri eremuen kalitatea hobetzea, pasaitarren bizi kalitatea, egunerokotasuna eta ongizatea hobetzeko” adierazi du bozeramaile eta alkategai jeltzaleak.
“Pasaiarekiko gure konpromisoa erabatekoa da, eta biziberritzearen alde egin dugu lan legealdi honetan eta lanean jarraituko dugu datorren legealdian ere, gainerako erakundeekin elkarlanean, biziberritze proiektuaren baitan urratsak egiten jarraitzeko, horixe baita herritarrek eskatzen digutena eta horretara bideratu ditut nire indar guztiak legealdi honetan Hirigintza Saileko arduradun gisa, guztientzat Pasaia hobeagoa eraikitzeko helburuarekin” azpimarratu du Oterminek.
Amaitzeko, EAJ-PNVko bozeramaile eta alkategaiak aitortu du denborak nahi baino gehiago luzatzen ari diela; “beste behin herritar gisa pasaitarrak ulertzen ditudala esan nahi dut eta pazientzia eta lasaitasuna eskatu nahi diet dagoeneko biziberritze gaiarekin nazkatuta dauden guztiei; askotan emandako urratsak ez dira ikusten, baina zin dagizuet pauso oso garrantzitsuak eman ditugula eta datozen urteak izugarri garrantzitsuak izango direla, horregatik, Planean jasotako proiektu guztiak aurrera eraman ditzagun lanean jarraituko dugu gogor. Ondartxoko lanak amaitzear dira, aurten amaituko dituzte Topoko oinezko eta txirrinduentzako pasealekuko lanak ere eta datorren urtean parkinga eta Adinberri zentroa eraikitzeko lanei ekingo zaie” amaitu du Nahikari Oterminek.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2026/06/10
DONOSTIA
2026/06/09
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



