Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/04/19

Pasaia biziberritzearen aldeko konpromisoa berretsi du EAJ-PNVk

Aste honetan bertan 700.000 euroko hitzarmen berria sinatu da Foru Aldundiarekin eta horrek bistako egiten du eta berretsi egiten du alderdiak legealdi honetan Pasaiarekin eta pasaitarrekin hartutako konpromisoa
Nahikari Otermin

Nahikari Otermin bozeramaile jeltzaleak nabarmendu duenez legealdi honetan hitzetatik ekintzatara pasatzea lortu da aurretik egindako lanari esker eta bereziki EAJ-PNVk erakunde guztietan azaldutako konpromisoari eta erakundeen arteko elkarlanari esker

Pasaiako Udaleko EAJ-PNVren bozeramaileak eta Hirigintza Saileko arduradunak, Nahikari Oterminek, aste honetan bertan Foru Aldundiarekin sinatu den hitzarmen berriaren harira esan du alderdiak erabateko konpromisoa hartua duela legealdi honetan Pasaiarekin eta Pasaia biziberritzeko proiektuarekin eta horren lekuko direla egindako inbertsioak eta emandako urrats guztiak.

Gauzak horrela, gogora ekarri ditu dagoeneko hasiak dauden Trinxerpe eta Euskotreneko geltokia lotuko dituen oinezko eta txirrinduentzako bidea eraikitzeko lanak zein Ondartxokoak. Halaber esan du, bien bitartean hirigintza proiektuak egiten eta beharrezkoak diren izapideak gauzatzen ari direla biziberritze proiektu orokorraren baitan aurreikusiak dauden gainerako lan eta proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Plan Bereziaren behin betiko onarpenak ere beste eremu batzuetan esku hartzea ahalbidetzen du, hala nola, Hospitalillon, moilan... baina horrek ez du esan nahi aipatu lanak berehala hasiko direnik,  oso proiektu handiak direlako, sukaldeko lan handia dutenak, alegia.

"Hitzarmen berri honen baitan jarraian azaldutako lanak egingo dira, guztira 700.000 euroko aurrekontua izango dutenak: Donibaneko Gaztelekua lekualdatuko da eta Euskadi Etorbideko igogailua eta Trintxerpeko 3 igogailuen sarbideak hobetuko dira; horietako igogailuetako batek gainera, anbulatorioari eta San Pedroko goiko aldeko bizilagunei zerbitzu ematen die. Gizarte Larrialdietarako pisu bat ere egokituko da, baita zenbait ekipamendu publiko ere eta San Pedroko Gran Sol kalea ere berrituko da.  Azkenik, Pasai Antxoko elizaren fatxada hobetuko da eta topoko arkuak berreskuratuko dira. Beraz, 4 barrutietan lan ezberdinak burutuko dira" azaldu du Oterminek.

Dagoeneko martxan diren lanez gain -oinezko eta txirrinduentzako pasabidea eta Ondartxoko lanak- eta aurreikusiak dauden proiektuetatik haratago - aparkalekua, Trintxerpeko moilako pasealekua, Arraunlari kalearen berurbanizazioa, Lonjaren estaldura...- beste zenbait proiektu ere eramango dira aurrera, guztiak herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko helburuarekin eta baita herritarrei eremu atseginagoa eskaintzeaz gain, enplegu eta aisialdirako aukera berriak eskaintzeko xedearekin ere. "Izan ere, Pasaiak hirigintza adierazle eta adierazle sozioekonomiko baxuak ditu eta horregatik joan den legealditik lantzen ari garen biziberritze proiektuak hirigintza proiektuak jasotzeaz gain, ekonomia suspertu eta lanpostu berriak sortuko dituen ekimenak ere jasotzen ditu" adierazi du bozeramaile jeltzaleak. Horregatik, biziberritze proiektu honen baitan enpresa parkea eraikitzea eta ADINBERRI zentro berritzailea sortzea aurreikusia dago, Pasaia zahartze aktiboari dagokionean erreferente izan dadin eta noski, lan aukera berriak sortu ditzagun" azpimarratu du.

Azkenik, Nahikari Oterminek gaineratu du emandako urratsak erakundeen arteko elkarlanari eta EAJ-PNVk Pasaiarekin eta biziberritze proiektuarekin azaldutako eta hartutako konpromisoari esker direla. "Elkarlanean eta modu koordinatuan lan egiteak hitzetatik ekintzetara pasatzea ahalbidetu digu eta horri esker, gaur egun Pasaiaren biziberritzea, jada, errealitate bat da" amaitu du Oterminek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...