Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/12/11

Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuak gizarte politikak eta industria ehunaren sustapena ditu oinarri

Maria Eugenia Arrizabalaga: “Zentzurik gabeko kontrapartida ekonomikoetan oinarritutako ezinezko baldintzak eskatzeak, ez dio diskurtsoaren sinesgarritasunari inongo mesederik egiten. EH Bildu eta Podemosek azken parte-hartzeetako “estilo katastrofista” erakutsi dute berriz ere”.

Maria Eugenia Arrizabalaga pozik azaldu da Gipuzkoako Aurrekontu Foru Arauak bere ibilbidea jarraituko duelako, gaurko Osoko Bilkurako lehen urratsa gainditu eta gero. “Honakoa, Gipuzkoako egoera errealari erantzuten dion aurrekontua da – azaldu du Arrizabalagak – Gizarte Politikak eta industria eta ekonomia sustapena oinarri dituen aurrekontua. Gipuzkoako lurraldearen suspertze eta garapen ekonomikorantz garamatzan aurrekontua, alegia”.

Oposizioko taldeek aurkeztutako zuzenketei dagokienez, bozeramaile jeltzaleak esan du, EH Bildu eta Podemosek ohiko “estilo katastrofista” erakutsi dutela beste behin. “Katastrofismoaren diskurtsoak baina – erantsi du Arrizabalagak – badu eragozpenik: behin sabaia jo denean ez dago gorago igotzerik argumentuetan eta gehiegikeriak sinesgarritasuna kentzen dio norberaren diskurtsoari. Zentzurik gabeko kontrapartida ekonomikoetan oinarritutako ezinezko baldintzak eskatzeak, ez dio diskurtsoaren sinesgarritasunari inongo mesederik egiten”.

Jarraian, Maria Eugenia Arrizabalagak, oposizioak aurkeztutako zuzenketak aztertu ditu eta azpimarratu du, “EH Bilduk azaldutako argumentuak, eta hein batean Podemosek aurkeztutakoak ere, aurreko urteko aurrekontu eztabaidan erabilitako argumentu berak dira eta deigarria da bereziki – erantsi du jeltzaleak – aurreko urtean aurkeztutako zuzenketetako esaldi jakin batzuk hitzez hitz jaso izana aurtengoetan ere”.

Kupoaren legeari egindako kritikei dagokionez, Arrizabalagak esan du, “Kupoaren akordioa itxi izana ona da euskal herritarrentzat orohar, eta ona da gipuzkoarrentzat ere. Ona da herritarrentzat eta ona erakundeentzat. Besteak beste, Gipuzkoako Udalek gordetako 24 milioiko funts-hornidura erabili ahal izango dutelako”. Bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri du, “Kupoaren erregularizaziotik 2017an Gipuzkoako Ogasunak BEZ-aren likidazioan %64 gehiago jaso du. Eta 2018an, Euskal Erkidegoan beste 600 milioi bilduko dira “normalizatutako” BEZa dela eta”. “Kupoaren likidazioa ixtea lortu izanak – azpimarratu du Arrizabalagak – kontuak erregularizatu izana, gure erakundeen finantza arrisku nagusia saihestu izana, ona da. Kupoaren Legearen eguneratzea onartzea lortu izana, ona da. EH Bildu, Madrilen, lege berriaren botazioan abstenitu izana aldiz, ez da ona – erantsi du - .

Bozeramaileak fiskalitatearen gaiari heldu dio jarraian. Oposizioak ohi erabilitako gaia, baina gaurkoan ere ohi bezala, argumenturik gabea. “Sozietateen Zergari dagokionez – esan du – egia da tipo nominala jaitsiko dela, enpresa handientzat %28tik %24ra eta txikientzat %24tik %20ra. Baina era berean, Oinarri Negatiboen Konpentsazioa murriztu egingo da eta dedukzioen aplikazioa ere zorroztu eta mugatu egingo da. Hartutako neurrien ondorioa enpresek orokorrean gehiago ordainduko dutela da”.

Azkenik, EH Bilduk behin eta berriz planteatzen duen Gizarte Politiken inguruko eztabaidari dagokionez, “2018 aurrekonturako gizarte politiketan betetako inbertsioaren homogeneizatutako datu errealek argi eta garbi erakusten dute – azpimarratu du Arrizabalagak – 2014ko aurrekontuek jasotako maila gorenera iritsiko direla, urte hartan aurrekontuaren %48ra iritsi zen Bildu. Hau da – erantsi du – egungo gobernuaren urte guztietako datuak, Bilduren aurreko gobernuko datuekin alderatuta, konparatibak egungo Foru Gobernuaren alde egiten du nabarmen”.

“Laburbilduz – amaitu du Arrizabalagak – Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak Gipuzkoako egoera errealari erantzuten dio, gipuzkoarron interes publikoa gogoan hartzen ez duen argumentuetatik urrun; eta Gizarte Politikak eta industria eta ekonomiaren sustapena ditu oinarri, Gipuzkoako lurraldearen suspertze eta garapen ekonomikorantz garamatzan aurrekontua, alegia”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...