Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/11/29

Eibarko segurtasun-arazoak ez ezkutatzea exijitu du EAJ-PNVk

Eibarko EAJ-PNV udal taldea haserre agertu da “Udala etengabe ezkutatzen ari delako gauetako segurtasun-arazoak”. Josu Mendicute bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, “bizikidetza baketsudun Eibarren alde egiten dut, eta horretarako, giroa gaiztotzen duten elementu batzuk kanporatu behar ditugu”.
Josu Mendicute

EAJk berriro ere proposatu du Udaletxeko Trafiko Batzordea eraldatu eta aurrerantzean Segurtasun Batzorde izatea. “Udal honek ez du inongo lekurik herritarren segurtasunaz hitz egiteko”, salatu du ordezkari abertzaleak. “Ez dut Eibar hedabideetan ikusi nahi labankadei edo borrokei buruzko albisteetan, azken urtean zehar azaldu garen bezalaxe. Eta, horretarako, ezin dugu gure ardura alboratu”, ohartarazi du.

Eibarko Udaltzaingoak armak erabili behar ote dituen, eztabaida hori piztu da azken asteotan hiri armaginean. Larunbat gauean Eibarren izandako borroka eztabaida hori ematen ari den garaian gertatu da. Mendicuteren esanetan, “Udaltzaingoaren zereginak argitu behar ditugu. Polizia da, ez aparkaleku mugatua kontrolatzeko empresa edo udal karguen garraio pribaturako txoferrak”. Hori dela eta, uste du Udalak espazio bat ahalbidetu behar duela hiriaren segurtasun erronkak aztertzeko, udaltzainekin eta beren ordezkari sindikalekin batera. 

Horregatik guztiagatik, Mendicutek “neurri politikoak” eskatu ditu, Udaltzaingoak “behar duen garrantzia izan dezan eta udaltzainek Udalaren babesa senti dezaten”. Horretarako, Trafiko Batzordea indartzea proposatu du, izan ere, “egindako proposamen txikiak ere ez digute lantzen uzten: badoak lortzeko erraztasunak edo OTA/TAO, adibidez. Gai garrantzitsuei heltzeko ordua iritsi da. Eta segurtasuna gai garrantzitsua da”, amaitu dute jeltzaleek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...