Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/07/11

Elkarteen diru laguntza deialdia zabalduko da gizarte inklusioa indartzen jarraitzeko

2017ko deialdira 200.000 euro gehigarri bideratuko ditu Foru Aldundiak irizpideak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzun ahal izateko
Gipuzkoa

Gizarte zerbitzuen eremuan diharduten irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateei zuzendutako diru laguntzen aurtengo deialdia indartzea onartu du Gobernu Kontseiluak. Otsailean egin zen deialdia, 850.000 euroko kopuruarekin, eta beste 200.000 euro bideratzea erabaki da, gizarte esku hartzeko programetara, eta prebentzioa eta sentsibilizaziora. Elkarteek egindako eskaera kopuruari erantzutea da asmoa, Elkar-Ekin programaren baitan egindako deialdiaren aurrean, “proiektu asko eta onak” aurkeztu baitira irizpideak betetzen dituztenak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuaren arabera.

Zehaztu duenez, babesgabetasun egoeran dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten duten elkarteen jarduna bultzatzea dute helburu dirulaguntzok: mendekotasuna edota desgaitasuna, babesik gabeko adin txikikoak, adinekoak, eta indarkeria matxistaren biktimak. Gizarteratze, familia edo boluntariotza arloetan lan egiten duten entitateak ere dira onuradun. 2016an, deialdi honen bidez, 240 programa jarri ziren martxan, Gipuzkoako 95 elkarteren eskutik. Aurten, ordea, Aldundiak dei egin zien elkarteei bazterkeria egoeran edo bazterkeria arriskuan daudenen gizarteratzeari lotutako programak aurkezteko, eta erantzuna “oso ona” izan da. Hala, iaz baino 40 programa gehiago garatzea aurreikusten da. Guztien finantziazioa bermatuko da gaurko neurriarekin.

Gizarte inklusioari lotutako proiektuei eman nahi zaie lehentasuna, Gipuzkoa Europan desberdintasun gutxien duen lurraldea izan dadin Aldundia egiten ari den ahaleginari jarraiki:  “Argi daukagu enplegua dela pertsonen gizarteratzeko tresnarik onena, eta justizia sozialaren oinarria, bizi proiektu duin eta autonomo bat izateko ateak irekitzen dituena. Inklusioaren agenda aktibatzen ari gara”. Hala, Elkar-Ekin programaren bidez,  bazterketa egoeran dauden pertsonen artetik 242 pertsonak (141 emakume eta 94 gizon) lana aurkitu dute azken urtean. 2017ko lehen hiru hilekoan, Gizarte Politika Departamentuko enplegu planetan parte hartu duten parte hartzaileei dagokienez, 925 izan ziren, horietatik 367 gizonezko eta 558 emakumezko.

Pobrezia puntu eta erdi jaitsi da Gipuzkoan 2014. urteari dagokionez, eta orain % 5,1ean dago. Horrek esan nahi du 11.200 pertsona pobreziatik atera direla, baina Peñak ohartarazi duenez, lanean jarraitu beharra dago pobreziako egoera larriak edo bazterketa egoerak kronifikatzen ari direlako. Ildo horretan, eta gaurko neurriaren harira, derrigorrezkotzat jo du hirugarren sektorea osatzen duten gizarte ekimeneko entitate eta elkarteekiko elkarlanean sakontzea, giza-babeserako sistema indartzeko: “Haien gertutasunagatik, askotan gu iristen ez garen tokira iristen direlako, kaleko errealitatea eta behar zehatzak ezagutzen dituztelako… haien lana oso garrantzitsua da eta zaindu egin behar ditugu”.

Aldundiak elkarlanerako hitzarmen finkoak dauzka Gipuzkoako 50 elkarterekin, eta beste 120 baino gehiagora iristen da diru laguntzen bitartez, horietako asko tamaina txikikoak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...