Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/03/10

GHKn EAJ-PNVren kudeaketa egokia izan zela berretsi du Gipuzkoako Probintzia-Auzitegiaren epaiak

BEIk emandako “mailegu pribilegiatuaren” estaldura gisa kontrataturiko swaps izenekoak, Bilduk berak bihurtu zituen “toxiko” eta “espekulatibo”
Maria Eugenia Arrizabalaga

Bilduren jokaera zuzentzen duen epai bat gehiago ezagutu berri dugu. Zubietako balorizazio planta eraikitzeko kontratuaren ebazpena baliogabetzat jo zuen epaiaren ondoren, beste epai batek agerian utzi du Bilduk Gipuzkoako erakundeetan erabili zuen bidegabekeria eta dogmatismoa

2013ko maiatzean, Hondakinen Kontsortzioaren aginpidea bereganatu eta bi urtera, Ainhoa Intxaurrandietak eta Antton Letek (GHKko presidente eta zuzendari kudeatzaileak Bildutik) demanda jarri zuten epaitegietan, erraustegia eraikitzeko behar zen finantziazioa estaltzeko aurreko legealdian kontrataturiko “swap” izenekoen izaera “espekulatibo” eta “toxikotasun handia” oinarri hartuta.

Demanda horri emandako epaia irakurri ondoren, honako hauek esan daitezke:

  • Swaps horiek Inbertsioetarako Europako Bankuak eskatzen zuenera egokitzen ziren modu zorrotzean, hau da, ziurgabetasunak ekiditeko interes finkoa ziurtatzen zuten proiektuak iraungo zuen denbora osoan, beti ere PIGRUGen aurreikusitako errauskailua eraikitzeko “mailegu pribilegiatua” emateko GHKri.
  • Ez zegoela kontratatu zen produktuaren baldintzak hobetzen zituen beste formula alternatiborik. Bilduk planteatutako beste aukerak desegin egin ziren, garestiagoak izateagatik, baina baita espekulatiboak zirelako.
  • Kontrataturiko interes tipoen estaldura produktua ez zela jatorrian “espekulatiboa”, (lotura zuzena zuelako aurreikusitako inbertsioarekin eta BEIk emandako maileguak beharrezkoak zirelako)
  • Kontrataturiko swaps horiek “produktu espekulatibo” bihurtu zirela, justu Bilduk erraustegia ez egiteko erabakia hartu zuenean.

Beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren bozeramaile bezala GHKn PNVk hartutako erabakiak egokiak izan zirela uste dut eta kontu horretan guztian, benetan “toxikoa” izan den gauza bakarra, Bilduk Zubietan erraustegia ez eraikitzeko hartu zuen erabakia izan dela.

Bilduk hartutako erabakiaren ondorioen gaineko erantzukizun politikoa, eta soilik politikoa, agerikoa dela. Baita erabaki horren kuantifikazioa ekonomikoa ere:

1- Hamaika miloi euro kalte-ordainetan Eraikuntza-enpresei eman beharrekoak, kontratu-ebazpena baliogabetzat jo delako.

2- Hirurogei miloi euro publiko bankuei eman beharrekoak, aurreikusitako inbertsioa egin gabe.

3- Beste berrogeita hamar miloi euro, hondakinen bidez energia garbia sortzeko energia-saria galtzeagatik.

4- Eta horri guztiari erantsi behar diogu, 2014ean martxan egon beharreko hondakinen kudeaketarako azpiegitura 2019ra arte ez izatea eta, ondorioz, Gipuzkoako diru kutxarako gain-kostua.

Lurraldeko herritar guztien poltsikoetan izugarrizko zulo ekonomiko horrek, EAJ-PNVren iritziz, arrazoi bakarra du eta da, Bilduko kudeatzaileek hartutako erabaki politikoa, jarrera dogmatikoetan bakarrik oinarritutakoa, Gipuzkoako gehiengo demokratikoaren kontra eta indarrean zegoen Foru Arauaren kontra.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube