Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/05/06

San Juan-Jardiñeta igogailua errealitate egin nahi du Eibarko EAJk

Errebaleko proiektuari gehitzea inprobisazio desegokitzat jo du Eibarko EAJk. Auzo horretako igogailua jeltzaleek aurrekontuetan aurkeztutako zuzenketetako bat zen
San Juan-Jardiñeta igogailua errealitate egin nahi du Eibarko EAJk

Eibarko EAJ-PNV udal taldeak 2017an egin nahi du San Juan eta Aldatze-Jardiñeta kaleen arteko igogailua. Horregatik, “segundu bakar bat gehiago ere ez galtzeko” eskatu dute, “urte larregi daramatzalako iragartzen eta epez luzatzen”. Josu Mendikutek, EAJren bozeramaileak Eibarko Udalean, uste du egokiena ez litzatekeela Errebaleko proiektua aldatzea eta bertan sartzea, eta “proposamen horrek erakusten du zer nolako inprobisazioa dagoen Udaletxean”.

Eibarko erdigunea eta Jardiñeta igogailuz konektatzea da EAJk eta PSOEk 2016ko udal aurrekonturako lortutako akordioetako bat. Ondorioz, Udalak aurten bertan egin behar luke proiektua, egiteko konpromisoa ere baduelarik. “Aurrekontu-akordioaren muina ekonomiaren berraktibatzea izan da, baina bestelako proiektu sozialak eta hirigintzakoak ere badaude, adibidez Jardiñetako igogailua”, azaldu du bozeramaile jeltzaleak. Gainera, gogoratu du “proiektu hau duela hamarkada batetik hona etengabe iragarri dutela”, 2007an PSOEk bere hauteskunde-egitasmoan jaso baitzuen. “Hitza ematen denean bete egin behar da. Aldatzen eta Jardiñetan bizi direnek azalpenak merezi dituzte atzerapen guzti honengatik”, ohartarazi du.

Kontestu horretan, jeltzaleek ez dute ulertzen Udala aztertzen hastea igogailu hori Muzategitik egitea. “Muzategin eskilara mekanikoak dauzkagu eta, ondorioz, egokiagoa dirudi beste puntu batean egitea igogailua”, azaldu du zinegotzi gazteak. Gainera, galdetu du PSOEk nahi duena ote den igogailua Errebaleko proiektuan gehitzea. “Errebaleko lanak esleituta daude eta dagoeneko badaukagu eztabaida bat balizko gainkostu eta atzerapenen inguruan. Ez dugu prozesua gehiago konplikatu nahi eta onena da igogailua San Juan kaletik egitea”. Izan ere, bestela, 2 igogailu beharko dira Errebaletik Muzategira igotzeko, eta biak eskilara mekanikoen alboan egongo dira. “Ezin zuten hori Errebaleko lanak hasi aurretik pentsatu”, galdetu du Mendikutek harrituta.

2.800 pertsona

Zinegotzi eibartarrak igogailu horren beharra arrazoitu du, “inguruan 1.100 pertsona inguru bizi dira eta, horrez gain, 1.700 ikasle batzen dituzten lau ikastetxe ere badaude (Aldatze, Itzio, Inazio Zuloaga Institutua eta Hizkuntza Eskola)”. Datu horien Debabarrenako Nagusien Kontseiluak egindako txosten batean jasota daude, eta txosten horrek lehentasuna ematen dio igogailu horri. “Auzotarren aldarrikapen historikoa da eta 10 urtez behin eta berriro emandako hitza, eta hala eta guztiz ere, ez dute ezertxo ere egin”, salatu du. Horregatik guztiagatik, gehiago itxaron gabe, behingoz egitea eskatu du.

Abertzale eibartarrek PSOErekin egindako aurrekontu-akordioa betetzea nahi dute, eta alderdi horri eskatu diote “lanean has dadila adostutako proiektuak errealitate bilakatzeko”. Jardiñetako igogailuaz gain, jeltzaleek laster ikustea espero dituzte Birjiñapeko igogailua (merkatalgune barrutik) eta Bidebarrietatik Errekatxurakoa, eta espero dute EAJren ekimenez Hirigintza Batzordeak hartutako erabakia betetzea, igogailu komunitarioak publifikatzeari dagokionez.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...