Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gardentasunean, gertutasunean eta eraginkortasunean oinarritutako web orri berria aurkeztu du Aldundiak
Gizartearen eskakizun eta behar berrietara egokitutako tresna izango da www.gipuzkoa.eus ataria, Imanol Lasak azpimarratu duenez
Aldundiaren egunerokoa, bere jarduerak eta bere ordezkarienak Gipuzkoako herritarrei gerturatu, eta erakundearekiko duten harremana erraztu. Hori da www.gipuzkoa.eus web orriaren helburu nagusia. Atari berritua aurkeztu du gaur Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak. Foru gobernu berria ezartzen ari den gobernantza oneko politika berriaren komunikazio tresna nagusietako bat izango da webgunea, eta “gertutasuna, gardentasuna, eta gizartearen behar eta eskakizun berriekiko egokitasuna” dira bere ezaugarri garrantzitsuenak.
Webgunearen bitartez, diputatuen agendaren berri eduki ahal izango dute herritarrek denbora errealean: ekitaldi ofizialak, aurkezpenak, laneko bidaiak, norekin batzartzen diren eta zertarako… egunerokoan egiten dutena, hain zuzen. “Transparency International-ek finkatutako gardentasun adierazle nagusietako bat da agenda publikoa, eta hemendik aurrera bete egiten dugu”, nabarmendu du Lasak. Formatu desberdinak aztertu dituzte –Obama, Erresuma Batuko gobernua, Txileko ministroena…-, eta azkenik egutegiarena aukeratu dute, argiena eta bisualena delako.
Atal horretan ere, diputatu guztiekin harremanetan jartzeko bitartekoak zehazten dira –telefonoa eta helbide elektronikoa-, sare sozialetan dituzten perfilekin, haien kurrikulumekin, eta zuzendarienekin batera. Departamentu bakoitzeko informazioa ere ematen da: aurrekontua, aurrekontuaren betetze maila, eta proiektu eta lan ildo azpimarragarrienak: “Zer egiten dugun, zeinek egiten duen, eta zergatik. Hori azaltzea da helburua”, esplikatu du.
Tramiteen atalak ere eraldaketa sakona izan du: “Gure kezka nagusia izan da ahal genuen guztia erraztea eta arintzea kontsulta eta gestio guztiak; bai herritarrenak, bai elkarteenak eta baita enpresenak ere”, adierazi du diputatuak. Horretarako, bilatzaile prediktiboa txertatu da. Erabiltzaileek egindako tramite eta bilaketa errepikatuenak agertzen dira. Eta posible da ere bilaketak gaikako kategorien arabera egitea –hirugarren adina, disgaitasuna… Beka eta dirulaguntzen inguruan dagoen informazio guztia “modu errazean” eskuratu ahal izango da.
Era berean, garrantzi handia eman zaio Irekia izeneko atalari. Herritarrei zuzendutako espazio honetan, inkestak egingo dira, eta kontsultak, datu irekiak –open data-, aurrekontu partidak eta gardentasun adierazleak plazaratuko dira. Horrez gain, orrialde bat sortu da gaika antolatutako kanpo loturekin; bertan, erabiltzaileek gardentasunari eta kontu emateari lotutako informazio interesgarria topatuko dute. Gogoratu behar da Dyntra gardentasun neurgailua kontuan hartuta, puntuazio altuena lortzen duen Estatuko erakundea dela Aldundia: “Apustu horretan sakondu nahi dugu”, aurreratu du Lasak.
Azala, berriz, informazio eta datu erabilgarriek osatzen dute: eguraldia, alerta eta abisuak, errepideen egoera, Gipuzkoan dauden ekitaldien agenda… Halaber, aktualitate atalaren diseinua eta nabigabilitatea hobetu dira. Albiste guztiak agertuko dira bertan, prentsa oharrekin, eta ikusentzunezko materialekin batera. Diputatuen agerraldi nagusiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira. Atal honetan aukera dago komentarioak publikatzeko, galderak, kontsultak edo eztabaidak bideratzeko asmoarekin.
Euskarri guztietara egokitzen da webgunea. Erresoluzio bakoitzera moldatzen du bere egitura, erabilera atsegina eta erraza ziurtatzeko. Horretarako hainbat bitarteko erabili dira: tipografia ikusgarriak, testuingururako informazio menuak, menu eta azpimenu zabalgarriak, botoi handiak, argitasuna azalpen eta garapenetan… dena erraztasuna bilatuz prestatu da.
Ahalegin handia egin da ere lehenagotik zeuden wegbune tematiko eta sektorial guztiak bateratzeko, argitasunaren mesedetan. “Premia handia zegoen. Aldundiaren web orrialdeak aztertu ondoren, ikusi genuen 192 zeudela, guztira. Eta oso diseinu eta planteamendu desberdinekoak. Oso inportantea zen herritarrentzat interesgarriak izan zitezkeen eduki guztiak web bakar baten aterkipean jartzea. Gainera, berritze prozesu honetan etekin guztia antolatu zaizkie dauzkagun baliabideei, eta IZFEren euskarri teknikoari”, azaldu du diputatuak.
Hala eta guztiz ere, iragarri duenez, dagoeneko prestatzen ari diren asmo handiko proiektu baten “lehen fasea” baino ez da: “Esan genezake orain arte egindakoa, Aldundiaren menpe dauden zerbitzu eta orri guztiak sarean integratzeko proiektuaren aurreneko urratsa dela. Baina hau legealdi osoko lana izango da”. Horretarako, lehiaketa publikoa deituko da.
Aldundia gauzatzen ari den kudeaketa eta komunikazio eredu berrian, eta Orain Gipuzkoa egitasmoan kokatu du webgunearen eraldaketa Lasak. “Ez da titular bat, ez da aurpegi garbiketa, eta ezta errekurtso estetiko hutsa ere. Herritarrei begira, garrantzi eta ikusgarritasun handiko proiektua da gaur aurkezten duguna. Gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunea gipuzkoar guztion webgune bihurtzen da. Gaur, gure ‘home’-a denon etxea da, garai berrietara egokitutako etxea”.
Hori dela eta, herritarrei dei egin die webgunea erabili dezaten, eta webgunea hobetzeko egokitzat jotzen dituzten iradokizun, ekarpen eta kritika guztiak egin ditzaten.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


