Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Etxebizitza eta enplegurako sarbidea erraztea, Errenteriako EAJren helburu nagusiak 2016ko aurrekontuetarako
Udal talde jeltzaleak, merkatari eta bizilagunen kexei erantzunaz, berriz ere proposatu du saneamendu arazoak konpontzeko beharrezkoa den ibilgailua xurgatzailea erostea. Halaber, beharrezkotzat jo du zahartze aktiborako plan integrala garatzea helduenen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko eta beren ongizatea bermatzeko.
Gobernu taldeak datorren urterako aurkeztu duen aurrekontu proiektua aztertu ostean, EAJ-PNVren udal taldeak bere proposamenak landu ditu eta horiek Ogasun batzordean aurkeztu ditu taldeko bozeramaile Maite Peñak. Jeltzaleek espero dute gobernuak proposamenak onartzea aurkeztua izan den aurre-proiektua hobetzeko. Bozeramaileak azaldu duenez, EAJ-PNVren xede nagusia da errenteriarrei enplegu eta etxebizitzarako sarbidea erraztea.
Ildo horretatik, eta herritarren beharrei, kezkei eta eskaerei erantzuteko jada beren hauteskunde programan jasotakoaren harira, EAJ-PNVren udal taldeak, aurtengo aurrekontuetan, etxebizitza hutsak mobilizatu eta alokairu soziala sustatzea helburu izango duen diru partida sartzea eskatu du. Horiek horrela, etxebizitza eskuratzeko zailtasun gehien dituzten herritarrei lagundu ahal izango zaie. “Zure Errenteria ekimenaren baitan errenta baxuenak dituzten herritarrek zailtasun handiak dituztela aitortu ziguten. Hori dela eta, Alokabiderekin elkarlan-hitzarmena sinatzea eta udal baliabideak hitzarmen horretara bideratzea eskatu dugu, berriz ere, etxebizitza hutsak mobilizatu eta alokairu sozialeko etxebizitzen kopurua handitzea lortzeko” adierazi du Maite Peñak.
Jeltzaleek aditzera eman dutenez, lana eta etxebizitza izatea dira edozein errenteriarren lehentasuna. “Horregatik, herritarrekin dugun konpromisotik eta gure zerbitzu bokaziotik, erakundeetatik enplegu politika aktiboak sustatu behar ditugu” esan du Peñak. Horiek horrela, jeltzaleen bigarren proposamenak udalerrian enplegua bultzatzea du helburu, bereziki 55 urtetik gorako pertsonen artean. Horretarako, tokiko merkataritza eta ostalaritzan kontratazioak egiteko laguntzak eskaintzea proposatu dute. Jeltzaleek azaldu dute neurri honek helburu bikoitza duela, lanpostu berriak sortzea, batetik, eta tokiko merkataritza eta ostalaritzari laguntza eskaintzea, bestetik. “Ezin dugu ahaztu merkataritzak garrantzia handia duela udalerrian eta lanpostu asko sortzen dituela. Azken batez, saltokiek ematen diote bizia Errenteriari eta horregatik, Udaletik babesa eman behar diegu krisiagatik edota saltoki handiko denden konpetentziagatik ateak itxi behar ez ditzaten” esan du bozeramaile jeltzaleak.
Bestalde, gobernuak herriko saneamendu arazoei irtenbidea emateko beharrezkoa den ibilgailua erosteko konpromisoa hartu bazuen ere, oraindik ez du ezer egin. Hori dela eta, EAJ-PNVk berriz ere eskatu dio ibilgailu xurgatzailea erosteko, hiriko zenbait guneetan duten saneamendu arazoei behin betiko konponbidea emateko. Peñaren hitzetan “saneamendu sistemaren egoera txarrak eragindako usain txarren eta uholdegarritasun arriskuen gaineko kexa ugari jaso genituen merkatari eta bizilagunen eskutik. Horregatik, alkateari ibilgailu xurgatzailea erosteko eskaera egin genion saneamendu sistema garbitu eta arazoa konpontzeko. Eskaera onartu bazuen ere, oraindik ez da ezertxo ere egin, beraz, berriz ere eskaera bera egin dugu neguko euriak direla-eta, arazoak okerrera egin ez dezan”.
Azkenik, EAJ-PNV zahartze aktiborako plan integrala garatzea proposatu du, helduenen ongizatea bermatzeko, beren autonomia indartzeko eta beren artean ohitura osasuntsuak sustatzeko. “Gizartea aldatzen ari da, gero eta gizarte zaharkituago baterantz goaz, horregatik, egungo eta etorkizuneko beharrak identifikatu behar ditugu beharrezkoak diren neurriak lantzeko eta hartzeko, betiere helburu izanik gure nagusiak zaintzea” amaitu du bozeramaile jeltzaleak.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


