Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Finantzen Kontseiluan adostutako akordioaren irakurketa baikorra egin du
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Gipuzkoak aurreikuspenak bete eta hobetu dituela azpimarratu du, baina 2016ra begira zuhurtziaz jokatzea eskatu du
Gipuzkoako Foru Aldundiak begi onez hartu du gaur hiru euskal diputazioek eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantzen Kontseiluaren baitan erdietsi duten akordioa. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Gipuzkoak aurreikuspenak bete eta hobetu dituela nabarmendu du, eta hori “abiapuntu ona” dela hurrengo urterako. Hala ere, zuhurtziaren alde egin du eta abuztutik hautematen den inertzia positiboa finkatzeko lanean jarraitzeko asmo irmoa agertu du.
Diputatu nagusiak gaur Gasteizen ospatu den Euskal Finantzen Kontseiluaren ostean hartu du hitza. Batzar honetan hiru lurraldeetako diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak aurtengo zerga itunduen zerga-bilketa itxiera aurreikuspena eta hurrengo urteko diru-bilketa aurreikuspenak onartu dituzte. 2016an lurralde erakundeek egin beharreko ekarpenak eta Egokitzapenerako Funts Orokorra ere zehaztuta geratu dira bilkura honen baitan.
Olanorekin batera Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatua, Jabier Larrañaga, bilkuran izan da. “Balorazioa ona da, baina lanean jarraitu beharra dago aurrerabidean jarraitzerik nahi badugu”, esan du diputatu nagusiak bere hitzaldian. Olanok erakundeen arteko lankidetza eta elkarlana hobetzearen alde egin du, bere ustez, alor honetan ere aurrerapausoak ematen jarraitzeko gakoetako bat delako.
Kontzertu Ekonomikoaren defentsa
Kontseilua egin aurretik, hiru Lurralde Historikoetako diputatu nagusiek, Iñigo Urkullu lehendakariak, eta Eudel Euskal Udalerrien Elkarteko lehendakariak adierazpen instituzionala plazaratu dute Kontzertu Ekonomikoaren defentsan.
Euskal erakunde nagusien izenean, Urkulluk adierazi du Kontzertu Ekonomikoa “Euskadi eta espainiar estatuaren arteko elkarbizitzarako itun politikoaren funtsezko osagaia” dela. Horrenbestez, tresna hori zein euskal erkidegoaren autogobernurako sistema “tinkotasun osoz” defendituko dutela ziurtatu du.
1878an Foruak bertan behera utzi zirenekoa gogorarazi, eta Euskal Herriaren eskubide historikoetan kokatu du Kontzertuaren jatorria. “Autogobernurako borondatean eta euskal gizartearen eta bere erakundeen auto antolaketarako gaitasunean oinarritzen du Kontzertuak bere indar-egotea”. Halaber, gogorarazi du euskal eta espainiar gobernuek Kontzertu Ekonomikoaren izaera “mugagabea” adostu zutela 2002an, eta azpimarratu du “bi aldeko itun politiko honek Europar Batasunaren babesa” duela.
Beraien adierazpenean, euskal erakundeek azpimarratu dute Euskadi solidarioa dela Estatuarekin, “dagokiona baino gehiago” ematen duelako, argudiatuz euskal ekarpena %6,24koa dela biztanleria ratioa %4,6koa denean, eta aberastasun ratioa, berriz, %6,07koa.
Ciudadanos eta UPyD bezalako alderdiek, eta PSOEko eta PPk zenbait agintarik Kontzertua eta Kupoa ezbaian jarriz esandakoen harira egin dute adierazpen instituzionala euskal erakundeek.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


