Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/10/07

Euskal administrazioa kalitate demokratikoaren eredu da, eta izaten jarraitu behar du

Gobernu Onari buruzko lan topaketan parte hartu du Joseba Agirretxeak, Gipuzkoako EAJko hainbat alkate eta ordezkarirekin batera
Agirretxea alkateekin

Joseba Agirretxea diputatu eta EAJren Espainiako Diputatuen Kongresurako hautagai Joseba Agirretxeak gobernu onari buruzko lan topaketa egin du Gipuzkoako hainbat alkate eta zinegotzirekin, eta alderdiko beste ordezkariekin batera. Hondarribia, Bergara, Urnieta, Lazkao, Soraluze, Ordizia edota Aretxabaleta alkateak, Kerman Orbegozo eusko legebiltzarkidea, Itziar Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun zuzendaria, eta Imanol Lasa Foru Aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua izan dira bileran, besteak beste. Alor honetan, eta eredugarritasunean bereziki, foru gobernua gauzatzen ari den proiektu eta ekimenen berri eman du Lasak.

Era berean, parte hartzaileek esperientziak eta lan ildoak elkar trukatu ahal izan dituzte gobernu onari lotutako hainbat gairen inguruan: modernizazioa eta desburokratizazioa administrazioan, herritarren partaidetzarako politikak, sareko administrazioa, erakundeen arteko elkarlana, gardentasuna eta datu irekiak, edo zintzotasun instituzionalerako sistemak. Landutakoa “ondo aintzat” hartuko duela adierazi du Agirretxeak.

Topaketaren ondoren, euskal administrazioaren rola aldarrikatu du diputatu eta Kongresurako hautagaiak, kalitate demokratikoaren eta gobernu onaren eredu gisa, eta azpimarratu du ibilbide hori behar bezala baloratu behar dela. “Euskadi mailako erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren lidergoarekin, aspalditik ari dira kudeaketa ireki, garden, gertuko eta parte-hartzailearen aldeko apustua egiten”.

Hala, gogorarazi du horietako askok nazioarteko erakunde independienteen errekonozimendua jaso dutela egindako lan txukunagatik, eta Euskadin onartutako protokolo eta ekimenen artean badaudela “aitzindaritzat” jo daitezkeenak. “Beste hainbat esparrutan bezala, gure herriak herrialde aurreratuenen arrastoa jarraitu du honetan ere. Egia da asko gelditzen dela egiteko, baina norabide egokian gaude”.

Ildo horretan, diputatu jeltzaleak garrantzi berezia eman die erakundeetako ordezkarien jokabide estandarrei, Eusko Jaurlaritzak 2013an adostutako jokabide kodea aipatuz. “Euskadin beti eduko dugu garbi ordezkari publikook jarrera eredugarria eduki behar dugula, eta ez dela nahikoa legea betetzera mugatzea, baizik eta balore eta printzipio batzuk errespetatu, eta etsenplu eman behar dugula. Konbikzio hori erregulazioaren bitartez sendotu da azken urteetan, kode etikoekin, hain zuzen”.

Berezko perfil horretan sakondu du Kongresuan bizi izan duenarekin lotuaz. “Madrilen oso modu garbian ikusi dugu azken urteetan; beste batzuk ustelkeriarekin sekulako arazoak eduki dituztenez, besteoi ere zabaltzen ahalegindu dira, baina ez da hala, Euskadin, kultura demokratikoa, gardentasunaren aldeko apustua, eta ordezkari publikoen ardura eztabaidaezinak izan direlako oro har”.

Hala, Madrilen lan hori sendotu eta defendatzea izango da Agirretxearen helburuetako bat. Dei egin dio Espainiako Gobernuari “erregenerazio demokratikoaren” eta gobernu onaren alde egin dezan, baita Euskadirekin eta euskal herritarrekin duen harremanari dagokionean ere. “’Hemen nik agintzen dut’ leloaren garaiak, egitura hierarkiko erraldoiak, iragana dira jada. Ez dute zentzurik XXI. Mendean, ez dietelako herritarren beharrei erantzuten. Boterearen ikuspegi zaharkitu hori gainditzeko, eta itxieraren ordez elkarlana, lankidetza eta elkarrizketaren alde egiteko garaia da”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...