Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/10/02

Gaur Bergaran hasita, Diputatu Nagusiak Gipuzkoako herriak bisitatuko ditu

Bisitak bi astean behin izango dira, herrialdeko behar eta desafioak bertatik bertara ezagutzeko. Gaurkoan Bergarako Udaleko, zaharren egoitzako eta enpresetako ordezkariekin batzartu da Markel Olano, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpururekin batera
Markel Olano

Herritarren parte-hartzean eta gipuzkoar guztion beharrekiko gertutasunean oinarritutako gobernantza eredu berri bat gauzatzea. Hori da legealdi berrirako Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, modu publikoan hartutako konpromiso nagusietako bat. Norabide horretan pausoak eman asmoz, hain zuzen ere, bi astean behineko bisita sorta bati ekin dio Olanok gaur Bergaran. Lurraldeak bere osotasunean dituen beharrak eta desafioak bertatik bertara ezagutzea izango du helburu.

Hamabost egunean behin, Diputatu Nagusiak herri batean lan bilerak antolatuko ditu bertako Udal, enpresa, elkarte, zerbitzu eta eragile sozialen ordezkariekin. Gisa horretan, tokian tokiko erronka eta arazo nagusiak ezagutzeaz gain, kudeaketa publikoa hobetzeko ideiak jasoko ditu eta eskualde eta herri bakoitzeko errealitateari modu eraginkorrago batean erantzuteko aukera izango du.

Gaur Bergarara egindako bisitan parte hartu du, baita ere, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk. Lansaioa hasteko, bilera egin dute Bergarako alkate Juanje Alberdirekin, zeinek deskribatu dituen herriko egoera eta egitasmo nagusienak. Momentu honetan esku artean dituzten proiektu garrantzitsuenak azaldu ditu Alberdik, hala nola, Mizpirualde zaharren egoitzako zerbitzuak indartzea, merkataritza eta enpresen sarea bultzatzea eta azpiegituretan inbertsio berriak egitea.

“Aurreko legealdian 50 herritan egon ginen eta datozen hilabeteotan beste hainbeste bisitatuko ditugu. Gaur, enpresek eta zahar-etxeak duten errealitatea ezagutu dugu, azken finean txanpon beraren bi aurpegiak direlako. Beharrezkoa da oreka bilatzea. Batetik, aberastasunaren sorrera eta, bestetik, baliabideak modu bidezko batean banatzea”, adierazi du Diputatu Nagusiak.

Ondoren, tratamendu termikoen arloan diharduen TTT enpresaren eguneroko lana ikusi dute Markel Olanok eta Ainhoa Aizpuruk. Berrikuntzaren arloan eredu bat da enpresa bergararra, industria aeronautikoaren baldintza zorrotzetara egokitzen jakin duelako. Bertan izandako bileran, Gipuzkoako industria sarea bultzatzeko neurri konkretuen inguruan mintzatu dira. Bestalde, Enpresare elkarteko –Antzuola, Bergara eta Elgetako enpresak nahiz Debagoienako Mankomunikateak batzen ditu– ordezkariekin ere lansaioa egin dute, Ekonomia Sustapenean sakontzeko bideak aztertu asmoz.

Baita ere, Mizpirualde adinekoen etxeko zerbitzu eta instalazioak ezagutu ditu Diputatu Nagusiak. Bergarako Udalaren menpeko fundazio publiko batek du egoitza honen ardura eta menpekotasun maila ezberdinetako pertsonak zaintzen dituzte bertan. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...