Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/09/28

Lehendakariak Gipuzkoako proiektu estrategikoak babestu ditu

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Aldundiaren Kudeaketa Plana aurkeztu dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariari. Dokumentua biharko Gobernu Kontseiluan onartuko da
Iñigo Urkullu eta Markel Olano

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, Ajuria Enean izan da gaur Iñigo Urkullu lehendakariari Kudeaketa Planaren berri ematen, legealdi honetan Foru Aldundiaren jarduna gidatuko duen dokumentua. Urkulluk Kudeaketa Planak jasotzen dituen proiektu estrategiko eta lan ildoei bere oniritzia eta sostengua eman eta eskaini dizkie. Batzarrak agerian utzi du, beste behin, egun bi erakundeen artean dagoen sintonia ona.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kudeaketa Plana bihar onartuko da Gobernu Kontseiluan, Markel Olano diputatu nagusi izateko ardura hartu zuela 100 egun betetzen diren aste berean hain zuzen. Foru Gobernuak gaur aurkeztu die dokumentua Aldundiko langileei eta asteazkenean Batzar Nagusietan eztabaidatuko da. Ostegunean gizarte zibilari aurkeztuko zaio Tabakaleran ospatuko den ekitaldi batetan.

Lehendakariarekin bilkura amaitu ostean, hedabideei eginiko adierazpenetan, Olanok erakundeen arteko loturak estutzearen alde agertu da eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlana eta konfiantza legealdiko “ezaugarri nagusia” izango direla azaldu du. Diputatu Nagusiak “bene-benetan” eskertu dio lehendakariari Gipuzkoako proiektu estrategiakoak eta Aldundiaren lan ildo eta proposamenei eskainitako “babes, gertutasun eta elkarlana”.

Olanok argi utzi nahi izan du berak zuzentzen duen Gobernua, nahiz eta gehiengoa izan Batzar Nagusietan, ez dela “jarrera inposatzailetan” eroriko. “Bakarrik ezin ditugu gobernu proiektuak aurrera atera”, esan du. Kudeaketa Planak, azaldu duenez, Aldundia praktikan jartzen ari den gobernantza berria du oinarri, eta kanpora zein barrura begirako lidergo partekatua, jarrera irekia eta elkarrizketarako eta elkarlanerako joera ditu ezaugarri. “Administrazioaren jarrera eraldatzera goaz, jada ez du balio agindu hutsak”, defendatu du Olanok. Bere ustetan, “nola egiten den” proiektuaren exekuzioa bera bezain garrantzitsua da.

Halaber, diputatu nagusiak susperraldi ekonomikoa bultzatzeko planaren berri ere eman dio lehendakariari, Foru Aldundiaren gobernu ekintza sostengutako duen bigarrengo zutabea. “Helburua Gipuzkoak legealdi honetan jauzi kualitatiboa ematea da”, azaldu du Olanok. Enpresei sostengua ematea, hondakinen arazoari irtenbidea ematea, azpiegiturak hobetzea, zerbitzu sozialak bermatzea, gobernu ona eta euskara eta kulturaren sustapena, gogoratu du Olanok, legealdirako Foru Aldundiak bere gain hartu dituen helburu nagusiak dira.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...