Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/09/23

Gatazkak elkarrizketaz konpontzeko bideak huts egitean, gehiengo demokratikoaren iritzia errespetatzea da aterabidea

Maria Eugenia Arrizabalaga, batzarkide jeltzaleen bozemaileak, defendatu du Katalunia eta Euskadi herriak eta nazioak direla, beren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen jabe. Gipuzkoako Batzar Nagusiek ontzat eman dute Kataluniaren eta Euskadiren erabakitzeko eskubidea. Osoko Bilkuran esku hartu duten batzarkideen %69k eman dio baiezkoa
Maria Eugenia Arrizabalaga

Kataluniaren eta Euskadiren erabakitze eskubidearen defentsarako ebazpen proposamena onartu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Eusko Alderdi Jeltzalearen eta EH Bilduren aldeko botoekin. 49 batzarkidetatik, 34 baiezko izan ditu bi alderdiek adostutako erdibideko ebazpenak, 9 ezezko eta 6 abstentzio.

“Igande honetan hauteskunde historikoak dira Katalunian”, adierazi du Maria Eugenia Arriabalaga batzarkideak eta erantsi du 2014ko azaroaren 9an “kontsulta izan ez zen kontsulta” egin zuten bezala, igande honetan “autonomikoak izateagatik, plebiszitarioak ez diren hauteskunde plebiszitarioak” egingo dituztela.

“Horrelako gauzak gertatzen dira Estatu batek nazio bakarra aitortzen duenean, eta bere estruktura azpian dauden gainerakoak ukatzen dituenean”, salatu du bozeramaile jeltzaleak eta zera azpimarratu du: “Demokrazian benetan sinesten duenak onartu beharra dauka legeak herriak adierazitako nahiari egokitu behar zaizkiola, eta ez alderantziz: legea estatu quoaren berme huts bilakatu”. Horregatik, “herritarren gehiengoaren borondateari arau-balio esanguratsua eman behar zaiola adierazten dugu, eta beharrezko moldaketak egin behar direla, borondate demokratiko horren adierazpena asetzeko”.

Arrizabalagaren arabera, “Katalunian, 2005ean hustua izan zen Estatut berri baten tramitazioarekin hasi zen orain gailurrean dagoen egonezina”. Alegia, “erdizka eta orraztuta jaio, eta beste zati handi batean, Auzitegi Konstituzionalak hustu zuen Estatut hartatik hasi, eta Itun Fiskal proposamenari Espainiako gobernuak emandako ezezko borobila arte.

EAJren bozemaileak esan du, “guzti horrek izan duela ondorioa: jendea mobilizatzen hasi zen, egoerari aurre egiten, Herriaren ahotsa entzun arazten. Eta mobilizatua jarraitzen du. Jendearen mugimenduak arrastatu ditu ordezkari politikoen pausoak”.

Maria Eugenia Arrizabalagak nabarmendu duenez, “Katalunia eta Euskadi,  Herriak eta nazioak dira. Eta nazio izanda, biei dagokie bakoitzaren etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Herri izaerak dakar berekin subjektu politikoa izatea, eta ondorioz, egituraketa politikoa erabakitzeko eskubidea. Herri bakoitzeko herritarrek dute bere borondate demokratikoz, Herri horren ibilbidea diseinatu eta egiteko eskubidea.”

Batzarkide jeltzaleak azaldu du, “gatazkak konpontzeko ohiko metodoa elkarrizketan, negoziazioan eta herri ordezkari politikoen arteko akordioetan oinarritzen dela, baina asmo horrek huts egiten duenean, edo alde batek besteari muzin egiten dionean, demokratikoki adierazitako gehiengoaren iritzia errespetatzean oinarritu beharko da aterabidea”. Aldi berean, “gezurraren eta beldurraren Estatu estrategia” gaitzetsi du, Euskadin eta Eskozian ezagunak. Horren aurrean, erantzuna zein den azaldu du Arrizabalagak: “Kataluniarrei dagokie erabakitzea, eta guri dagokiguna da, aukera, demokrazia eta emaitza onartzea. Eta ni katalana banintz, argi daukat zein izango litzatekeen nire aukera”. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...