Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/09/09

Errefuxiatuen krisia kudeatzeak “epe luzeko” plangintza eskatzen duela adierazi du Imanol Lasak

Ezinbestekotzat jo du herritarren eta udalen erantzun solidarioa “bideratzen asmatzea”, eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzari dagokiola erantzun hori koordinatzea
Imanol Lasa

RNE Gipuzkoa irratiak gaur egin dion elkarrizketan, Imanol Lasa foru bozeramaileak azpimarratu du gipuzkoar guztiek agerian utzi dutela, beste behin, beraien elkartasuna, errefuxiatuen krisia dela eta izan duten erreakzioarekin. “Lurraldeko herri guztiek erakutsi digute, modu batean edo bestean, lagundu egin nahi dutela. Makina bat dei jasotzen ari gara ere, bere burua eskaintzen eta zer egin dezaketen galdetzen diguten herritarrenak. Orain, erantzun hori bideratzen asmatu behar dugu, ekimen zehatzen bitartez, kaltetutako guztiei arreta egokia emateko”.

Ildo horretan, arazoa konplexua dela, eta erantzunak larrialdi hutsetik harago joan behar duela gogorarazi du. “Berehalako kontu bat dago, alojamenduarena, elikadurarena eta osasunarena, baina ezin dugu hor gelditu. Heziketan, edota pertsona hauen artean adinekoak eta adin txikikoak daudela pentsatu behar dugu. Guzti horrek epe luze plangintza eskatzen du”.

Konfiantza badu gaur Eusko Jaurlaritzan egingo den erakunde arteko bilerak norabide horretan aurrera egiteko balioko duela. “Erantzun eraginkorra eta egokia eman behar dugu, herri mailako erantzuna. Foru Aldunditik dauzkagun baliabide guztiak jarriko ditugu gaur Eusko Jaurlaritzaren eskuetan, argi baitaukagu berari dagokiola laguntza koordinatzea, dauzkan baliabide guztiak aztertzea, eta pertsona guzti hauei arreta emateko bitartekoak artikulatzea. Gure onena emango dugu”.

Joan den igandean Azpeitian jazotako istripuaz galdetuta, erakundeek “zuhurtziaz eta lasaitasunez” jokatu behar dutela errepikatu du. “Batzorde bat dago non erakunde guztiok daukagun informazioa jarriko dugun mahai gainean, ondoren txostena osatzeko. Utz diezaiegun teknikariei eta profesionalei ikerketan lan egiten, eta denborarekin erantzuna eman ahal izango diegu agertzen ari diren galdera guztiei”.

Lurralde Historikoen Legea ere izan du hizpide Lasak. “Euskadi mailako eztabaida oso inportanteak dauzkagu esku artean, bai hori eta baita autogobernuarena ere. Akordio eta kontsentsu berriak dauzkagu erakundeetan. Gaia berriak bizi ditugu, eta horrek aukera eman behar digu eztabaida hauei lasaitasunez aurre egiten, beldurrik eta baldintzatzailerik gabe”.

Ildo berean mintzatu da harmonizazio fiskalaren beharraz. “Inork ez du ulertzen hiru ogasun edukitzea, gauza batzuetan oso politika fiskal desberdinak dituztenak. Herri mailako politika fiskala garatu behar dugu”, eskatu du, gogoraraziz kontu hori “PSE-EErekin” sinatutako gobernu hitzarmenaren barruan jasota dagoela.

Errepideen inguruan galdetuta, bestalde, horien finantziazioa bakarrik gipuzkoarren esku ezin dela utzi nabarmendu du beste behin, Gipuzkoa “igarobideko lurraldea” delako, eta “zer edo zer egin behar delako” horrek bide azpiegituren ordainketan eta mantenuan eragina izan dezan. Foru Gobernuak Etxegaraten trafiko astunarentzat ordainsaria ezarriko duela berretsi du, eta baita Gipuzkoako Biribilgunea delakoan ere. Eta gai hau politika sozialekin lotu du; izan ere, Foru Gobernuaren asmoa da bere baliabideen zati inportante bat “Europan eredu den” giza-ongizate sistemari eusteko, eta horretarako, beharrezkotzat jotzen du errepide sarearen autofinantzaketa bermatzea.

Errauskailuari dagokionez, Foru Aldundiak “Europako hondakinen kudeaketarako eredurik aurreratuenetara” gerturatzeko apustua egingo duela azpimarratu du. “Horietan, birziklapenaren alde egiten da, eta birziklatu ezin dena erraustu. Gehien birziklatzen duten herrialdeak, zikloa ixteko errausketa erabiltzen dutenak dira”. Ildo horretan, azpiegitura hori “lehenbailehen” martxan jarri nahi dutela aurreratu du, eta, GHKko zuzendaritza berria eratu den honetan, “segundo bakar bat ere” ez dutela galduko.

Azkenik, Anoetaren eraberritzeaz galdetuta, adierazi du “inork” ez duela zalantzan jartzen “beharrezko obra” dela, eta ziurtatu du Foru Aldundia konprometitu egingo dela proiektua aurrera ateratzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...