Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gipuzkoako Aldundiak ia amaituta dauka gobernu programako sei proposamen handiak kudeatzeko plana.
Gipuzkoako diputatu nagusiak , Markel Olanok, gaur iragarri du gipuzkoarron babesa jaso zuten gobernu programako sei egitasmo nagusiak kudeatzeko plana ia amaituta daukala Aldundiak.
Hilabete bukaeran aurkeztuko da eta hauek izango dira ardatz nagusiak: zaborren kudeaketa, krisia eta enplegua, gizarte politika, gobernu ona, azpiegituren gestioa eta kultura. "Gipuzkoari bultzada emateko proposamen zehatzak aurkeztuko ditugu eta azken urteotan korapilatu diren arazoei konponbidea emango diegu", esan du Olanok.
Azaldu du kudeaketa planik ahalik eta egokiena egiteko, gizarte eragileekin eztabaidatutako prozesua egingo dela, eta horretarako diputatuekin, foru aldundiko langileekin eta Gipuzkoako eragileekin eztabaidatutako plana bultzatuko dutela. Hiritarren iritzia ezagutzeko ere inkesta bat egingo du Aldundiak. "Gestio plana oso elementu garrantzitsua da guretzat, eta azken emaitza aberasteko ekarpen guztiak jaso nahi ditugu", adierazi du.
Olanok esan du ekonomikoaren suspertzeak garrantzia berezia izango duela kudeaketa plan honetan eta horren erdian kokatu du krisiari aurre egiteko plana. Ildo horretan, esan du Gipuzkoako foru gobernua krisiari aurre egiteko programa batean buru-belarri ari dela lanean eta datorren urteko aurrekontutik 50 milioi euro bideratuko dituela proiektu honetara. Izan ere, Gipuzkoako ekonomia sustatzeko ekimena izango da eta Gipuzkoako gizarte eragileek ere parte hartuko dute proiektuaren diseinuan. Diputatu Nagusiak berak hartu du prozesua gidatzeko konpromisoa. "Ekonomia sustatzea eta lurraldeko eragileei laguntzea dira legealdi honetarako finkatu ditugun lehentasunak. Horrelako neurriekin krisitik atera eta Gipuzkoa lehentasunezko tokian kokatu nahi dugu", nabarmendu du.
Azken datu ekonomikoak kontuan hartuta, Olanok esan du "Gipuzkoa hazkunde ekonomiko batean dagoela eta Euskadiren datu ekonomiko onekin batera, baikor izatera eramaten gaituela honek". Zehazki , uztaileko diru bilketaz mintzatu da Olano, iazkoarekin alderatuta, %5.2 hazi delako diru bilketa. Diputatu nagusiak argitu duenez, diru bilketa osoa 2.669 milioi eurokoa izan da (iaz baino %3.8 gehiago); itzulketak 805 milioi eurokoak ( %0.7 gehiago) izan dira, beraz bilketa garbia 1.864 milioi eurokoa izan da, 2014. urtean baino 93 milioi euro gehiago, %5.2 gehiago alegia. Olanok argitu du lanaren etekinaren eta irabazien gaineko zergen igoeraren ondorioz gehitu dela diru bilketa; BEZa eta PFEZ-A jeitsi egin direla esan du.
Datu ekonomikoekin baikor, Olanok esan du PFEZ-aren eta sozietateen gaineko zergaren kanpainak bide onetik doazela, eta laster ezagutuko ditugun abuztuko datuek baieztatuko duela joera on hori. "Gipuzkoa sendotzea da gure helburua eta bide onean goaz", jakinarazi du Olanok.
Datu ekonomikoen errepasoaren ondoren, diputatu nagusiak esan du foru gobernua lanean erabat murgilduta dagoela; agintaldiko lehen bi hilabete hauek etxea lanean jartzeko eta izendapenak egiteko baliatu dituztela eta aurrerantzean eguneroko lanean murgilduta arituko dela aldundia. "Gipuzkoarrek euren konfiantza eman digute eta ez diegu hutsik egingo. Gipuzkoarron arazoak konpontzera gatoz eta proiektu asko ditugu. Ziur gaude, lau urte barru, Gipuzkoa egoera askoz hobean egongo dela", aurreratu du.
Amaitzeko, Olanok esan du uda "ezin hobea" izan dela, eta batez ere turismo datuei begiratura, azken urteotako udarik onena izan dela Gipuzkoan. Abuztuko datuen faltan, Olanok esan du uztailean 112.500 turismo sarrera izan zirela Gipuzkoako dendetan eta 245.200 lagunek pasa zutela gaua Gipuzkoan, iaz baino %10.9 gehiago. Eta datu on hauek kostaldean ez ezik, barnealdean ere eman dira: kostaldean okupazioa %79koa izan da, barnealdeko nekazal etxeetan iaz baino %14 gehiagokoa. "Datu oso onak dira, eta kontuan izan behar da oraindik abuztua eta iraila falta direla; eta hor, agendan daude, besteak beste, Tabakaleraren irekiera, estropadak, Euskal- jaiak edo Zinemaldia, turista asko erakartzen dituzten hainbat ekitaldi garrantzitsu".
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


