Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/07/31

Egibar: “Bakea finkatzea eta erabakitzeko eskubidea gauzatzea izango dira datozen urteetako erronkak”

Gipuzkoako Diputatu Nagusiak aurreratu du lurraldeak jauzi kualitatibo garrantzitsua emango duela hurrengo lau urteotan
Egibar: “Bakea finkatzea eta erabakitzeko eskubidea gauzatzea izango dira datozen urteetako erronkak”

Euzko Alderdi Jeltzaleko ordezkari eta kideek ekitaldia egin dute eguerdian, Mutrikun, alderdiaren 120.urteurrena ospatzeko, eta Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, nabarmendu du EAJ-PNV “oso indartsu” dagoela maiatzeko hauteskundeak geroztik. 1986. urteko eszisioa ekarri du gogora ondorioztatzeko alderdiak oztopoak gainditu dituela eta Gipuzkoako lehen indarra izatera ailegatu dela. “Zatiketek pertsonak, taldeak eta alderdiak ahultzen dituzte. Baina guk egoera gainditzen jakin dugu, eta eszisioaren aurretik izandako baino emaitza hobeak lortu ditugu”, esan du.  Gaineratu du emaitza onak ETAren indarkeria amaitu ondoren ailegatu direla, EAJ-PNV bakarrik aurkeztu denean Bilduk batzen dituen alderdi guztien eta indar konstituzionalisten aurka.

“Ardura gurea da orain, eta gauzak ondo egin behar ditugu, herritarrekin kontatuta, eta ez, ezker abertzaleak egin duen moduan, inora ez garamatzaten ameskerien bidez”, ziurtatu du. Ildo horretan, zehaztu du “ez dela berdin politikan egotea politikan sinesten duzulako edota indarkeriak bezala porrot egin duten estrategiak baliagarri ez direla ohartu zarelako”.

EAJ-PNVren jarrera erabat bestelakoa izan dela aipatu du, Herri honen gidaritza berea izan baita Gernikako Estatutua babestu eta bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua egin ondoren. Gogoratu du duela 11 urte, alderdiak Estatutu Berria eta Kontsulta Legea ere bultzatu zituela, baina ekimen hauek ez zirela aurrera atera ezker abertzaleak gai hauek ETAren esku uzten zituelako, honek Espainiako Gobernuarekin zuzenean negozia zitzan nahiago zuelako.

Kataluniak ez bezala, ziurtatu du Euskadin “etxerako lan asko dagoela egiteko”. Esaterako, ETAren amaiera ixtea. Ildo horretan, salatu du prozesua nahi baino mantsoago doala ezker abertzaleak ez dakielako nola kudeatu, eta PSE-EE eta PP denbora irabazi nahian dabiltzalako ETAren ondorengo denbora politikoari ez diotelako aurre egin nahi”.

Beste behin ere, gogoratu du indarkeriaren amaierak aukera paregabea eskaintzen duela behin betiko bakea finkatu eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Bere iritziz, “oso zaila izango da bide hau alderdi konstituzionalisten eskutik egitea, PSOEk hainbestetan errepikatu duen federalismo asimetrikoa proposatzen duelako eta PPk ez duelako ez eta gaiari buruz hitz egin nahi”. Zentzu horretan, helburu berdinak izan eta Herri honengan sinesten dutenen arteko elkarlanaren alde egin du, nahiz eta badakien horrek denbora eta pazientzia eskatuko duen. Hala eta guztiz ere, aurreratu du EAJ-PNVk ez diola beti itxarongo 30 urteko atzerapena dakarren eta estrategia anker eta okerraren ondorioz motxila bete dakarren ezker abertzaleari: “Guk  gidatuko dugu prozesua, independentzia baita nazioen arteko errespetua bermatzeko modu onena”, defendatu du.

GBBko presidenteak Kataluniaz ere hitz egin du, eta esan du datozen hilabeteetan gertatzen dena “oso garrantzitsua izango dela kataluniarrentzat, euskaldunentzat eta Estatuarentzat”. Adierazi duenez, “ezberdinak gara eta ibilbide desberdinak egin ditugu, baina parean Estatu bera daukagu; elkarrizketari eta negoziazioari ezetz esaten diona, eta debeku eta mehatxuen bidea erabiltzen duena”. Egibarrek uste du kataluniarren gehiengoak independentziaren aldeko apustua egingo duela, eta, hori gertatzean, aurreratu du Eusko Legebiltzarra izango dela Kataluniaren independentzia aitortuko duen lehen erakundetakoa.

Azkenik, udazkenean izango diren hauteskunde orokorrei buruz mintzatu da, eta ondorioztatu du aukera onena EAJ-PNVren aldeko botoa ematea dela”. Argudiatu du euskaldunak nork defendatuko dituen dagoela jokoan. “Ez gaitzatela nahasi. Arraizek dioen bezala, PP bota behar dela esateak, zer esan du? Bere jendeari Podemosen alde bozkatu behar dutela esaten ari da?”galdetu du.

Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Markel Olanok, ere hartu du hitza, eta gidatzen duen erakundetik ardura eta umiltasunarekin gobernatzeko konpromisoa hartu du. Azaldu du bere helburua dela arazoak konpontzea eta Gipuzkoari merezi duen lekua bueltatzea. “Lau urtetan jauzi kualitatibo garrantzitsua eman behar du lurraldeak. Norabide aldaketa eman eta indartu behar dugu, Gipuzkoari ondo joaten bazaio Euskal Herri osoari ondo joango zaiolako”, ziurtatu du.

Azaldu duenez, lurraldea ahuldu egin da azken lau urteetan Bilduk egindako kudeaketaren ondorioz: “Blokeo orokorra egon da, eta Gipuzkoak pisua eta autoestimua galdu ditu. Orain, arazoak konponduko ditugu ideiak argi ditugulako eta zer nahi dugun dakigulako”.

Olanok uste du egiten dena bezain garrantzitsua dela gauzak nola egiten diren. Eta, horregatik, berretsi du bere Gobernuak gauzak egiteko modua aldatuko duela. Hau da, pertsona eta gizarte zibil organizatuarekin etengabeko harremana izango duela. 

Diputatu Nagusiak ezarritako beste erronka da lurraldearen oreka lortzea. “Zergatik ez daude gipuzkoarrak bere hiriburuarekin harro? Gipuzkoar sentimendua ahuldu delako, eta bakoitza bere bailarara begira dagoelako”, adierazi du. Horren aurrean, egoerari aurre hartzeko borondatea erakutsi du: “Eskualde guztiekin lan egingo dugu oreka berreskuratzeko”.

Ikurrinaren igoera ere egin da Mutrikuko ekitaldian. Eta lan hori egitearen arduradunak batzokiko sortzaileetakoak izan ziren José Javier Lete eta maría Pilar Lekube izan dira. José Ángel Lizarbe alkatea ere izan da bertan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...