Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Errespetutik gobernatuko dugu, eta herritarren eskutik erabaki eraginkorrak hartuko ditugu”
EAJ-PNVk konpromisoa hartu du Gipuzkoa Bilduren kudeaketak sortu duen blokeotik ateratzeko
Gipuzko Buru Batzarrak ez ohizko Herrialde Batzarra egin du, gaur goizean, Oronak Hernanin daukan egoitzan, hauteskundeetako emaitzak barne kargu, kargu publiko eta EAJ-PNVren hautagaien eskutik aztertzeko. GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, zorionak eman dizkie bertaratutakoei lortutako emaitzengatik, eta, hemendik aurrera, “EAJ-PNVk errespetutik gobernatuko duela aurreratu du, eta erabaki eraginkorrak hartuko dituela gipuzkoarren eskutik”. Orain arte bezala, “seriotasunetik, lan taldean eta zerbitzatzeko bokazioarekin” aritzeko asmoa adierazi dute jeltzaleek, horiek izan baitira, hain zuzen ere, EAJ-PNVren arrakastaren giltzarri nagusiak.
Emaitzak aztertzeko garaian, nabarmendu dute gipuzkoarrek bi ereduren artean aukeratu behar izan zutela igandean, eta Bildu zigortzea erabaki zutela antzeman dutelako ez duela zintzo jokatu, ez dituela herritarrak errespetatu eta ez duela jarrera etikoa izan. Hondakinena, fiskalitatearena eta errepideen kudeaketa koalizioaren gobernatzeko era islatzen duten hiru adibide besterik ez dira. Inposizioa, muturreko jarreretarako joatea eta entzungorrarena egitea izan baitira Bilduren kudeaketaren ezaugarriak. EAJ-PNV ziur da arazoa ez dela ezker abertzaleak ezarritako abiadura izan, baizik eta norabidea.
“Egoera horren aurrean, Gipuzkoarrek agindu argia luzatu digute: Gipuzkoa blokeotik ateratzea. Eta hori egiteko konpromisoa hartu dugu”, jakinarazi du Egibarrek. Ziurtatu du, EAJ-PNVk proiektu eta pertsona egokiak dauzkala zeregin horretarako, eta argi dauka, orain arte bezala, alderdiak asmatu egingo duela erabakiak hartzeko garaian. “Aurrera egin behar dugu, aukerak ezin dira galdu. Egoera paregabea daukagu hori lortzeko, eta determinazioa eta pazientzia politikoa erabiliko ditugu hori lortzeko”, amaitu du.
Ildo berean mintzatu da Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izango den Markel Olano. Aurreratu du Aldundira etxerako lanak eginda iritsiko dela EAJ-PNV, eta lehenengo sei hilabetetan hartuko dituela erabaki garrantzitsuenak. Horrez gain, aurreratu du herritarrekin harremana indartuko duela bere gobernuak, eta hori izango dela, hain zuzen ere, bere gobernuaren marka. “Ezker abertzalea harrokeriarekin aritu da eta hanka sartu du herriz-herri. Guk aukera berria daukagu harremanak berritzeko”, adierazi du.
Donostiako alkate izango den Eneko Goiak ere hartu du hitza, donostiarrei bere taldearengan jarri duten konfiantza eskertzeko eta eman dioten ardura gogotsu beteko duela aurreratzeko. Hori lortzeko, berretsi du ezinbestekoa dela erakundeen elkarlana eta herritarren ondoan egotea, eta bi ildo horiek jorratzeko konpromisoa hartu du. “Uste nuen bezalako da Donostia, eta ez diogu hutsik egingo”, amaitu du.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


