Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Urkulluk botoa eman zioten gipuzkoarrei eskatu die Goiak Donostian eta Olanok Gipuzkoan eragingo duten "aldaketa onaren alde" bozkatzea
“Inork Bilduren eskuetan utziko luke krisitik ateratzea, Bake eta Bizikidetza planaren lidergoa edo Etorkizunerako Estatus Berria lortzeko akordioa? Ez, ez eta ez" iragarri du Urkulluk EAJ-PNV-k Donostian ospatu duen ekitaldi politikoan
“Euskadira aldaketa ekartzeko orduan, zuen konfiantza erakutsi zenidaten guztioi eskatzen dizuet orain konfiantza hori Eneko Goiarengan jar dezazuela, aldaketa Donostiara ekartzeko, eta Markel Olanorengan, aldaketa hori Gipuzkoa osora ekartzeko. Eneko, Markel eta EAJ-PNV: norabide onean egingo den aldaketa ona". Gipuzkoar guztiei helarazi nahi izan dien mezu honekin amaitu du Iñigo Urkullu lehendakariak, EAJ-PNV-k, gaur arratsaldez, Donostiako José María Sert enparantzan, 200 lagunen aurrean egin duen ekitaldi politikoan. Ekitaldi berean parte hartu dute EBBren presidente Andoni Ortuzarrek, Donostiako alkatetzarako hautagai jeltzale Eneko Goiak; eta Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai Markel Olanok.
Urkulluk esan du Aldundiari eta Gipuzkoako Udalei dagokienez, bi aukera besterik ez daudela: Bildu ala EAJ-PNV. Eta, hiru galdera argi egin ditu. "“Inork Bilduren eskuetan utziko luke krisitik ateratzeko lanaren lidergoa? Inork Bilduren ardurapean jarriko luke Bakearen eta Bizikidetzaren lidergoa? Inork Bilduren eskuan utziko luke, Etorkizunerako Estatus Politikoaren akordioa?" Eta, erantzun bakarra eman du: "Bilduren eskuetan, ez. Oso jende gutxik utziko luke Euskadiren etorkizuna Bilduren ardurapean. Bildu egitasmo blokeatua da, heldu barik dago oraindik: ez dakite gutxiengo egoeran kudeatzen, aniztasuna ez dute inposaketarik gabe ulertzen. Bildu aditua da irteerarik gabeko kaleetan. Horren erakusle argia da Gipuzkoan zaborren inguruan sortu den gatazka: Bilduk heldutasunik eta malgutasunik gabe jardun du, bere eredua inposatu du gizartearen gehiengoaren iritzia errespetatu gabe eta zaborren arazoa irteerarik gabeko kalean sartu du. Bildu da inora ez doan bidea" iragarri du Urkulluk.
Kalezulo horren aurrean, Urkulluk herritarrei eskaini die EAJ-PNVren eredua, "aurrerapen, seriotasun eta kudeaketa zuzenaren abala daukan alderdia, lankidetzan, akordioan eta ezberdinen arteko itunarekin konpromisoa hartu duen alderdia . Batasunez hazi nahi duen Euskadi gobernatzeko eredua eskaintzen dugu. Euzko Alderdi Jeltzaleak lankidetza eta etorkizunerako bide partekatua eskaintzen du. Alternatiba baikor, eraikitzaile eta zuzena eskaintzen du. Euskadi hazten ari da. Industria hazten hasi da, turismoa hazi da, eraikuntza hazi da eta enplegua hazi da. Elkarrekin eginez, lankidetzan, akordioen bidez, hazten eta enplegua sortzen segituko dugu. Ideal batek batzen gaitu, balore batzuekin dugun konpromisoa, Donostia hazi arazteko anbizioa, Gipuzkoa eta Euskadi elkarrekin hazi arazteko gogoa. Koordinazioa, lankidetza eta konpromisoa. Boto bakarra ere ez dugu nahi banaketarako, gatazkarako eta ziurgabetasunerako. Boto guztiak nahi ditugu batzeko eta hazteko".
Ortuzarrek EH Bilduk EAJ-PNVren kontra egin duen kanpaina salatu du "joko zikina izan da nagusi, salaketa faltsuak, panfleto iraingarriak eta gezurrak. Urduri daude. Gipuzkoan gure hautagaiak ezgaitu nahi zituzten, baina justu kontrakoa lortu dute: Eneko eta Markel gero eta indartsuago daude. Bizitzak zenbat buelta ematen dituen!". "Duela lau urte iraultza zekarten besapean, mundua jan nahian zetozen eta orain EAJ da Gipuzkoan aldaketa eragiten ari dena, eta beraiek aginte eserlekuan itsatsita bezala. Beren politika berri hori izan da zaharrena, txarrena, inposizioa, agintekeria eta tolerantziarik eza".
Jeltzaleen buruak Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohiaren hiru esaldi ekarri ditu gogora, Ezker Abertzalekoek besoak irekita hartu dutela azpimarratuz: "Benetako borroka da hurkoarekin bizitzen jakitea, besteei eraso egin gabe", " Bizitza miraria da, ezerk ez du bizitzak baino balio handiagoa". "Gauza guzien gainetik, bizitza errespetatzea, bultzatzea, zaintzea". "Duela hainbat eta hainbat urte, Mujicari kasu egin izan baliote, Gipuzkoa hobeto egongo litzateke, Euskadi hobeto egongo litzateke. Eta euskal gizarteak ez zuen horrenbeste sufrituko", deitoratu du Ortuzarrek. "Hori dena da igandean amaitu behar dena. Eta, horrekin amaitzeko, aldaketa lortzeko, alternatiba bakarra dago: bozkatzea, bozkatzera joatea. Guk EAJ-ren aldeko botoa eskatzen dugu. Zintzotasun osoz pentsatzen dugu gu garela alternatiba bakarra, Gipuzkoara aldaketa on eta lasaia ekartzeko boto probetxugarri bakarra. Bilduk zaborrekin eragin zuen iraultza usain txarreko horren aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak birziklapena proposatzen du, botoak birziklatu behar dira. Duela lau urte, borondaterik onenarekin, Bildu bozkatu zuten horiei, gaur etsituta dauden horiei eskatu nahi diegu beren botoa birziklatzea, askatasun eta onbideratze boto bihur dezatela, EAJ bozka dezatela. Agintekeria gehiago jasan nahi ez dutenei eskatzen diegu beren botoa birziklatzea; herrigintzarako, parte hartzeko, aurrera egiteko, EAJ bozka dezatela. Enplegua sortzeko, hiria mundura zabaltzeko, Gipuzkoak Euskadiko motore industrial eta teknologiko izaten segi dezan, bozkatu egin behar da, EAJ bozkatu behar da. Ideiak ditugu, behar diren pertsonak eta ilusioa ere bai. Behar besteko botoak baino ez ditugu behar. Aldaketa eragiteko indarra behar dugu. Indar hori ematen badiguzue, ez dizuegu hutsik egingo, etorkizun oparoa eraikiko dugu, inolako zalantzarik gabe", amaitu du EBBren presidenteak. Ildo beretik jo du bere hitzaldian Donostiarako Alkatetzarako hautagai jeltzaleak, Eneko Goiak. Ziurtatu du EAJ-PNV dela “hiria eraldatzeko donostiarrek eskatzen duten lidergoa eramateko alternatiba bakarra”. “Donostiara aldaketa ekarriko duen kanpaina aberasgarri baten azken txanpan gaude”, ziurtatu du, eta jarraian aldaketa hori ahalbidetzeko lanean ari diren milaka boluntarioen lana eskertu du.
Goiak deitoratu du ezker abertzaleak kanpainan izan duen jarrera: “Politika egiteko modu berria ekarriko dutela diote, baina kanpainan erakutsi dute betikoa egiten dutela: gure kartelak kendu eta pegatinak jarri gu iraintzeko. Frogatu digute Herri honetan eta Donostian politika egiten zaharrenak direla. Oraindik ere bide luzea daukate egiteke. Errespetua zer den ikasi behar dute. Eta zer den irabazi eta galtzea”.
EAJ-PNVk Donostiarekiko daukan konpromisoa zalantzan jartzen dutenei ere erantzun die hautagai jeltzaleak: “Ez didate errespetua niri galtzen, ez eta alderdiari ere. Aldaketa ahalbidetuko duten donostiarrei galtzen diete errespetua. Haiek izango dira aldaketaren protagonistak. Konfiantza dute nigan, Mirenengan, Juanrarengan, Pilarengan eta Donostiarekin konprometituta dauden beste milaka pertsonengan”.
Jarraian, Gipuzkoako Aldundirako hautagaiak, Markel Olanok, hartu du hitza, eta onartu du kanpaina hau berezia izaten ari dela beretzat. “Indartsu, determinatu eta fidakor nago: Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izango naiz. Ez da norbanako ikuspegia. Herri bat garela sinesten dugu, Euskadirengan sinesten dugu. Euskaldunak gara eta Euskadiren alde lan egiten dugu. Nire ikuspegia gipuzkoarra da, eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izan nahi dut”.
Olanok kontrajarri ditu EAJ-PNV eta ezker abertzalearen gobernatzeko moduak. Jakinarazi du jeltzaleek ezagutzen dutela Gipuzkoako errealitatea, ez bulegoetatik, baizik eta herriz-herri ibili direlako, enpresak bisitatzen eta bilerak izaten langile, eragile kultural eta gizarte zerbitzuetako langileekin. “Argi daukagu zein den erradiografia: Gipuzkoakoa gizarte heldua da, eta bere buruaren jabe denez, ez du merezi etorkortasunarekin tratatzea, ezker abertzaleak egiten duen bezala, uste baitute arrazoia daukatela beti eta gizartea haien jarrera dogmatikoetara hurbildu behar dela”, salatu du. Gogoratu du Ingurumeneko diputatuak, Iñaki Errazkinek, Batzar Nagusietako batzorde batean esan zuela atez atekoa hondakinak biltzeko sistema egokiena zela, eta gizartea horretaz jabetuko zela sistema martxan jartzean. “Arrazoi osoa daukazula pentsatzea eta gizartea horretaz ohartuko dela pentsatzea despotismo ilustratua dela erantzun nion”, ekarri du gogora.
Hemendik aurrera, bera Diputatu Nagusi denean, ziurtatu du Gipuzkoa ez dela adingabeen modura tratatuko: “Merezi duen tratamendua emango diogu, gizartearen eta enpresen germena delako. Errespetatu behar dugu lurraldea, eta horretarako beharrezkoa da ezagutzea”.
Amaitzeko, herritarrei eskatu die erabil dezatela botorako daukaten eskubidea, modu horretan bakarrik egin ahal izango delako aldaketa. “Botoa ez ematea botatzea da. Etxean gelditzea egun daukaguna luzatzea da, Bilduren inposizioarekin jarraitzea bai eta bere jarrera dogmatikoekin ere, herritarrak entzun gabe. Botoa ez emateak aldaketarako itxaropena lapurtzen du. Horregatik, azken deia egiten diegu hautesleei”, ziurtatu du. Ondorioztatu du Gipuzkoan parte hartze altua izanez gero, EAJ-PNVk irabaziko dituela hauteskundeak”.
Nabarmenak...
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



