Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/21

Josetxo Mendizabalek zestoarako 10 konpromisoak aurkeztu ditu

Konpromisoen artean, Osinbeltz zabortegi ez bilakatzea edota Arroa Behean eskola berria eraikitzea jasotzen ditu
Josetxo Mendizabalek  zestoarako 10 konpromisoak aurkeztu ditu

Josetxo Mendizabalek, Zestoako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, bere taldekoak lagun zituela, udal hauteskundeetarako prestatu duen programa aurkeztu du hamar konpromisoetan jasota. Asteazkenean Kultur etxean egindako ekitaldiarekin amaitu du auzoz auzo programa zabaltzen egindako ibilbidea. Esan du alkatetzarako hautagai hautatu izan zenetik zestoarrekin izandako bilera eta harremanetan adierazi dizkioten ekarpen eta lehentasunak jasotzen dituela.

Hautagai jeltzaleak adierazi du Osinbeltzeko zabortegia gerarazteko helburuarekin arituko dela talde osoa eta horrela honakoa esan du: “Gipuzkoako Foru Aldundiak Osinbeltzeko harrobirako duen proiektua betirako geldiarazteari lehentasun osoa emango diogu”. Eta zaborren gaiarekin jarraituz, gaineratu du gaikako bilketa mantenduz sistema egokitu behar dela kudeaketa ekonomikoagoa, iraunkorragoa eta herritarrentzako erosoagoa lortuz.

Jarduera ekonomikoari dagokionez, hautagai jeltzaleak ekonomiaren sustapenaren alde egingo duela iragarri du: “sektorearen ikerketa sakon bat bideratuz merkatuaren aukerak jakiteko eta udal baliabideak optimizatuko ditugu ekintzaileei erantzuteko”. Honetarako, Zestoako ordenantza fiskalak aztertzea proposatzen du “diru sarrerak gutxitu gabe eta aurrekontuen sail batzuk birmoldatuz, inbertsioak egiteko ahalmen ekonomikoa handiagoa izan dezagun”. Horren harira, Mendizabalek jakinarazi du herriko merkatari elkarteekin dagoen gaur egungo dinamika indartuko dutela: “Ostalaritzarekin, merkataritzarekin eta dauden turismo eragileekin osatutako lan mahaia bultzatuko dugu gure eskaintza turistikoa merkatuan hobekien kokatzeko helburuarekin eta birgaitze urbanistikoa landuko dugu herri erakargarriagoa lortzeko”.

Auzoei dagokionez, zerrenda buruak adierazi du Arroa Beheko ikastetxe berria egiteko prozesuan “gainean” egongo dela, eta berdin egingo duela inguru urbanistikoa berrantolatzeko, etxe berriak sustatzeko eta inguruko errepideen hobekuntza exijituko diola Diputazioari. Halaber, herriko auzoetako ordezkariez osatutako Batzorde bat eratuko duela agindu du “esperientziak eta proiektuak partekatzeko helburuarekin eta guzti hau modu egokian egiteko, herritarren parte hartzea arautuko duen ordenantza osatuko dugu”.

Gizarte zerbitzuak bermatzeko, behar diren diru-kopuruak mantentzearen alde agertu da eta erakunde eta elkarteekin elkarlanean gizarte zerbitzuen mapa berria ezarriko duela esan du.

Amaitzeko, futbol zelai zaharra, Urola ibairaino dauden lurrekin batera, aisialdirako gune bilakatzea proposatuko du. Baita ere, egun praktikatzen diren kirolen dibertsifikazioa landuko du eta Zestoak dituen ekipamenduen hobekuntza proposatu du, horretarako eskuduntza duten erakundeekin elkarlanean. Zumaiara doan “bide berdea” garatzea eta baserrietako bide publikoen mantenua ere jasotzen dira Josetxo Mendizabalek aurkeztutako hamar konpromiso hauetan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...