Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/08

Eneko Goiak hiria hobetzeko eta bestelako Donostia lortzeko ideak jaso ditu liburu batean

Alkatetzarako hautagaiak Victoria Eugenian aurkeztu ditu zenbait ideia “hiri ireki, anitz eta abegitsua” lortzeko.
Eneko Goia bere liburua aurkezten

Hilabete luzez hiriko eragile eta hiritarrak entzun eta proposamenak jaso ondoren, Donostiako Alkatetzarako hautagaiak, Eneko Goiak, hiria hobetzeko eta bestelako Donostia lortzeko ideiak jaso ditu liburu batean. Gaur arratsaldean egin du aurkezpena Victoria Eugenian. Alderdiko eta Jaurlaritzako kide esanguratsu asko izan dira ekitaldian, besteak beste, Bakartxo Tejeria, Markel Olano, Joseba Egibar, Eider Mendoza, Arantza Tapia, Cristina Uriarte, Josu Erkoreka eta Donostiako hautagaitzako kideak.

Alkatetzarako hautagaiak azaldu du lagun batek egin ziola liburua idazteko proposamena, herritar eta eragileen eskutik jasotako ideiak batzeko.  “Prozesu aberasgarria izan da, hiria nola ikusten dudan eta etorkizunean nolako izatea nahi dudan pentsatu behar izan dudalako”, adierazi du. Liburuan, Josu Marotoren 10 ilustrazio eta Iñigo Urkulluren hitzaurrea aurkituko ditu irakurleak.  

Ekonomiaren sustapenari buruz hitz egiten hasi da Goia, eta Donostia eta Gipuzkoaren arteko itun estrategikoa defendatu du, uste duelako ezinezkoa dela Donostiarik gabeko Gipuzkoa, ez eta Gipuzkoarik gabeko Donostia ulertzea. Bikote paregabea osatzen duela esan du, eta eskutik joan behar dutela. Etorkizunera begira, proposatu du Donostiaren erakusleihoa erabili behar dela Gipuzkoako abantailak sustatzeko, esaterako, industria sektorea. “Donostiako industria sektorea indartu behar dugu, BPGren %5 delako, eta hori lortzeko bidea izan daiteke Donostiako erakusleihoa”, argudiatu du.

Alkatetzarako hautagaiak hiriko merkataritzaren garrantzia azpimarratu du, eta ohartarazi du sektore hau aldatzen ari dela marka handien etorreraren ondorioz. “Batzuk fenomeno hori gelditzeko tentazioa izan dezakete, baina arriskua dagoen lekuan abantaila ikusi behar dugu, gure bertako merkataritza sustatzeko bidea emango digulako”, azaldu du.

Turismoaz ere mintzatu da, eta honi buruzko gogoeta egin behar dela aurreratu du. Jakinarazi duenez, Donostia oso erakargarria da kongresuen, festibalen eta gastronomiaren inguruko turismorako, eta  ildo horiek belaunaldi berrien bidez etorkizunean ere bermatzea da helburua. Hori lortzeko, Kursaaleko Kubo aretoa eta Miramar jauregia sustatzea proposatu du.

Kulturaren inguruan, Euskal Hiriaren garrantzia nabarmendu du, “Donostiaren bidez geure nortasuna ezagutarazteko aukera ematen digulako”. Horri lotuta, kulturaren bi kontzeptu konbinatzeko apustua egin du: kontsumorako produktuarena eta pertsonaren garapenarena. “Ez dira termino kontrajarriak. Bi helburu horiek lortu behar ditu kulturak, bai eta aberastasuna lortu ere”, defendatu du. Adibide bezala, esan du erakundeek Donostia 2016 sustatzeko jarriko dituzten 48 milioiek itzulia izan behar dutela hirian.

Donostiari etorkizun oparoa lortzeko, Goiak ziurtatu du ezinbestekoak direla azpiegiturak. “Beste batzuk azpiegiturak zalantzan jartzen dituzten bitartean, guk proiektu estrategikoen alde egiten dugu”, esan du Leitzarango Autobiaren adibidea jarri eta Abiadura Handiko Trena defendatzeko.

“Eta hau guztia, zertarako?”, galdetu du, honakoa erantzuteko: “donostiarrak ondo bizi daitezen”. Goiak berretsi du bere helburua dela hiri ireki, anitz eta abegitsua lortzea, baloreetan aberatsa den hiria, alegia. “Askok tolerantzia eta integrazioaz hitz egiten dute, baina nik ez ditut gogoko termino horiek. Tolerantziaz hitz egitean badirudi esaten duzula ‘ez zaitut gustuko, baina aguantatzen zaitut’. Etaberbera integrazioarekin: badirudi esaten duzula ‘zatoz eta izan zaitez ni bezalakoa’. Nik nahiago dut elkarren arteko errespetua”, onartu du. Puntu honetan, donostiarren izaera solidarioa nabarmendu du, eta esan du abertzaletasunari lotutako terminoa dela. Izan ere, “solidarioa zarela esaten duzunean adierazten duzuna da arduratua zaudela zeure komunitatekoei gertatzen zaienarekin. Kontzeptu abertzalea da”.

Edadetuei ere erreparatu die Goiak. Jakinarazi duenez, biztanleen %22,7k 65 urte baino gehiago ditu, eta 15 urteko epean hiru donostiarretik bat egongo da adin esparru horretan. “Hirugarren adinekoei buruz hitz egiten denean, askotan eztabaida arretaren inguruan izaten da. Baina, nire ustez, helburua izan behar da bermatzea herritar hauek gizartean aktiboki parte hartzea”, azaldu du.

Goiak landu duen beste gaietako bat izan da “Donostiak Urumea ibaiarekin daukan zor historikoa”. Azaldu duenez, Donostia itsasoari begira bizi izan da, eta  bizkar eman dio ibaiari. “Egoera hori aldatzeko momentua ailegatu da Urumeak aukera paregabeak eskaintzen dituelako”, defendatu du.

Azkenik, baloreen garrantzia azpimarratzeko beharra aipatu du, Donostian giza eskubide eta pertsona guztiak errespetatu behar direla uste duelako. Goiak zalantzan jarri du egungo Udal Gobernuak egindako kudeaketa, uste baitu memoria historikoari lotutako omenaldiak bakarrik antolatu dituela ez diela behar bezalako arreta jarri ETAren biktimei. “Hiriaren argazkia distortsionatu dute”,salatu du gogoratzeko Donostia dela ETAren biktima gehien dituen hiria, 107 hain zuzen ere. “Honi guztiari buruz hitz egin behar dugu. Ez egozteko, ez aurpegiratzeko, baizik eta pertsona hauekin daukagun zorra kitatzeko. Gertatutakoa ezin dugu ahaztu. Ez litzateke bidezkoa”, argudiatu du, gogoratzeko giza eskubide eta biktima guztiek errespetu bera merezi dutela azpimarratzeko.

Liburuaren aurkezpena amaitzeko, bideo hunkigarria proiektatu dute. Bertan, Goiaren familiako zenbait kide, lagun eta alderdikide azaltzen dira. Guztiek gauza bera errepikatu dute: gizon ona dela Goia, eta donostiar amorratua, bera izango dela bestelako Donostia eraikiko duena.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...