Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Donostian abisuak bidali eta kudeatzeko, mugikorrerako aplikazio berritzailea aurkeztu du Eneko Goiak
Donostian ON izeneko mugikorrerako aplikazio berritzailea aurkeztu du Eneko Goiak, Donostiako EAJ-PNVren alkate hautagaiak. Horren bitartez, donostiarrek kexa, proposamen eta ideiak bidali ahal izango dituzte, “bestelako Donostia” eraikitze aldera. Doanekoa den aplikazio honi esker, salaketa – argazkiak bidali ahal izango dira, egin behar diren hobekuntzen edo konponketen inguruan, eta “erantzun azkar eta eraginkorra eman ahalko zaie”. Honako atalak jasotzen ditu: garbiketa, bide publikoa, seinaleak, pintadak, hiri-altzariak, gune berdeak, argiteria, garraioa, Donostia 2016rako ideiak, Udal instalazioak - kiroldegiak, liburutegiak, bulegoak-, hobekuntzak, eta bestelakoak.
Goiak azaldutakoaren arabera, mezu guztiei emango zaie arreta, eta Udalean erregistratuta geldituko dira. Hala nahi izanez gero, mezua igorri dutenek, beraien proposamen, salaketa edo ideiak nola kudeatzen ari diren jakin ahalko dute, datu pertsonalekin inskribatuz. “Tresna berri honek komunikazio, elkarlan eta kudeaketa eraginkorrak ditu helburu. Komunikaziorako kanal zuzena finkatu nahi da, denbora errealean, kalearen eta Udalaren artean”.
Hautagai jeltzalearen esanetan, Donostia ON aplikazioarekin, pauso berriak eman nahi dituzte “gehienok amets dugun bestelako Donostia horruntz; hiri gardenago eta irekiago baterantz, eta herritarren eskaera eta beharrei erantzun egoki eta azkarra emateko kapaz den Udal ireki baterantz”.
Azpimarratu du telefono mugikorra ezinbesteko elementua dela gaur egungo bizimoduan. “Atzean gelditu dira deiak egin eta jasotzeko tresna besterik ez zeneko garaiak. Elementu honek duen garrantzia ikusita, bere erabilera Udal kudeaketara eta herritarrekiko komunikaziora ere zabaltzea da orain proposatzen duguna”.
Goiak adierazi duenez, Udalak ahalegina egin behar du teknologia berriek eskaintzen dituzten bideak urratzeko, herritarrek aukera izan dezaten erakunde publikoak kudeatzen dituztenei ideiak, proposamenak, ekimenak, iradokizunak, kexak eta eskaerak helarazteko. “Hartara, Donostiarekin konprometituta dauden herritar aktiboak eta parte-hartzaileak sustatuko ditugu”.
Fenomeno berri honen potentziala ikusteke dago oraindik, haren ustetan: on-line eztabaidaguneak, herri-kontsultak, tramiteak... “Argi dago, nolanahi ere, teknologia berriak, herritarrek eskatzen duten gardentasuna bermatzeko erabili behar direla, ondoko informazioa publiko eginaz, esaterako: alkatearen agenda, dokumentazio interesgarria, batzordeetan jorratuko diren gaiak... Eta argi dago ere aztertu egin behar ditugula kudeaketa parte-hartzaileago eta eraginkorragoa lortzeko teknologia berriek eskaini ditzaketen erraztasun guztiak”.
Donostia ON aplikazioa doanekoa da, eta EAJk bide horretatik jasoko dituen argazki eta ideien garrantzia azpimarratu du Goiak. “Ideiagunean ere, 2.100tik gora iradokizun jaso ditugu post-it-etan. Horietako asko, hiri hau handi egiten duten detaile txikien ingurukoak: kaleen garbitasuna eta mantenimendua, pintaketa, espaloi eta bideen egoera... Norabide berean doa Donostia ON. Gauza 'txiki' horiek askotan galdu egiten dira Udalaren programa eta zifra handien saltsan. Baina zerbitzu publikoaren egunerokotasunaren muina halakoetan ikusten da ondoen”. Hori dela-eta, dei egiten die herritar guztiei, mugikorraren bitartez ere, “Donostia hobetzen eta bestelako Donostia egi bihurtzen” lagun dezaten.
* iPhone (App Store): https://appsto.re/es/Qyt55.i
*Android (Google Play): https://play.google.com/store/apps/details?id=com.loremmobile.donostiaon
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/02/03
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


