Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/03/11

Zalantzan jartzen ditugu Epeleko instalazioa egiteko GHK hondakin partzuergoaren ustez lortutako maileguaren “baldintza ezin hobeak”

Xabier Ezeizabarrenak Foru Aldundiari eskatu dio azaltzeko Epele instalazioaren benetako finantziazio baldintzak, eta argitzeko Foru Aldundia abal-emaile izango litzatekeen, baldin eta GHK hondakin partzuergoak mailegua ordaindu ezin izango balu.
Xabier Ezeizabarrena

Otsailaren 5ean Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak (GHK) aditzera eman zuen akordioa lortu zuela Alemaniako AFK Bank banketxearekin – akordioa urtarrilaren 15ean lortu zen eta bankuak Espainian egoitza bakarra du, hain zuzen ere, Madrilen –. Ondorioz, banketxe alemaniarrak 8 milioi euroko mailegua eman dio GHK-ri, hain zuzen ere, Bergarako Epele auzoan egingo den konposta egiteko planta finantzatzeko mailegua.

Behin hondakin partzuergoak akordioa lortu zuela ezagututa, GHK-k berak esan zuen akordioaren baldintzak ezin hobeak zirela, izan ere %4,3ko interes-tasa du. Baina aitzitik, EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak baldintzak zalantzan jarri ditu eta honakoa esan du: “Akordioa lortu baino egun batzuk lehenago, Donostiako Udalak Kutxabank-ekin mailegua sinatu zuen, hain zuzen ere, 13,5 milioi euroko mailegua Euribor + %0,88ko baldintzarekin, eta Hernanik beste mailegu bat sinatu zuen Caixabank-ekin, hain zuzen ere, 0,4 milioi euroko mailegua Euribor + %1,19ko baldintzarekin. Egun Euribor indizea %0,3 baino gutxiagokoa da, beraz, okerrenean interesa %1,49koa izango litzateke. Horrek erakusten du, GHK hondakin partzuergoak sinatu dituen baldintzek hirukoiztu egiten dutela Hernanin egun batzuk lehenago sinatu zirenak”. 

Baina, Bergarako Epele auzoko konposta egiteko instalazioaren finantziazioa jeltzaleei zalantzak sortu dizkie lehendik ere. Hori dela eta, Xabier Ezeizabarrenak otsailean akordioa zalantzan jarri zuen eta Ingurumeneko foru diputatu Iñaki Errazkin-i finantziazio baldintzengatik galdetu zion eta, era berean, eskatu zion argitzeko ea finantziazioak Diputazioa baldintzatzen duen, hau da, Foru Aldundia abal-emaile izango litzatekeen, baldin eta GHK hondakin partzuergoak mailegua ordaindu ezin izango balu. Izan ere, Europako Inbertsioetarako Bankutik lortutako finantziazioa ez zuen aurreikusten Foru Aldundia abal-emaile izatea eta, gainera, interes-tasak txikiagoak dira Alemaniako banketxearekin sinatutakoak baino.  

Foru Aldundiaren erantzunak ez du batzarkide-talde jeltzalea asetu. Horren harira, Xabier Ezeizabarrenak segidakoa esan du: “Erantzunak zalantza gehiago sortzen dizkigu. Kontraesana dago, izan ere, hasieran jaso genuen informazioak zioen Foru Aldundia abal-emaile zela eta orain jasotakoak, aldiz, ez du horrelakorik zehazten”. Horiek horrela, EAJ-PNVren batzarkideak Foru Aldundiari eskatu dio, argitzeko zeintzuk diren benetako finantziazio baldintzak, izan ere, Foru Aldundiaren etorkizuna baldintzatu dezakete. Gogoan izan, GHKren ekonomia-egoera larria dela, izan ere egungo kudeatzaileek ez dute egoki kudeatu, betiere, Batzar Nagusietan amaitu berri den azterketa-batzordearen txostena kontuan hartuta.

Era berean, Xabier Ezeizabarrenak honakoa gogorarazi du: “Europako Inbertsioetarako Bankuak mailegua eman zuen, besteak beste, Bergarako Epele auzoko konposta egiteko instalazioa eraikitzeko. Baina aitzitik, GHK hondakin partzuergoak beste finantziazioa lortzeko erabakia hartu du eta, horrek, zalantzak sortzen dizkigu, batez ere, atzerriko banketxea delako eta Espainian egoitza bakarra duelako. Ez al dago banketxerik Gipuzkoan ala Euskal Herrian baldintza horiek hobetuko dituenik? Hor dago, adibidez, lehen aipatutako Donostiako Udalaren kasua”.

Azkenik, Ezeizabarrenak Bilduri segidakoa eskatu dio: “Argitzeko zein ondorio izango dituen Europako Inbertsioetarako Bankuaz besteko finantziazioak eta, halaber, azaltzeko nolatan esaten duen finantziazio baldintza horiek ezin hobeak direla, baldin eta Foru Aldundia baldintzatzen badute, izan ere, Europako Inbertsioetarako Bankuaren baldintzek ez zuten horrelakorik aurreikusten”. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...