Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Patxi Amantegi Tolosako EAJ-PNVren datozen udal hauteskundeetarako hautagai-zerrendan aurkeztuko da
Olatz Peon alkategaiak elkarrizketaren bidetik elkar-puntuak bilatzeko helburuz plataformaren baitan Patxi Amantegik egin duen lana azpimarratu du. Amantegik plataformako bozeramaile gisa entzun eta ikasitakoak eta jasotako esperientzia herritarren zerbitzura jarri nahi ditu eta nabarmendu du Tolosa Txukunen aldarrikapenak egokien ordezkatzen dituen alderdia izanagatik aurkezten duela bere burua EAJko zerrendetan
Gaur goizean egindako agerraldian Olatz Peon alkategai jeltzaleak Patxi Amantegi EAJ-PNVren datozen udal hauteskundeetarako hautagai-zerrendan aurkeztuko dela jakinarazi du. Alkategaiak, lehenik eta behin eskerrak eman nahi izan dizkio Amantegiri hartutako konpromisoagatik eta balorean jarri nahi izan du plataformaren baitan egin duen lana. Olatz Peonek azaldu duenez, Patxi Amantegik egindako lana oso egokia izan da, herritarrekin bat egin eta herrian ordezkatutako alderdi politiko guztiekin hitz egin du, aurkako zein aldekoen iritziak entzunaz. “Akordioak helburu, elkarrizketaren bidez elkar-puntuak bilatzen ahalegindu da beti, arazoei irtenbidea ematen saiatuz” azaldu du alkategaiak. “Zer da ba herrigintza herriarekin bat egitea baino? Tolosarren aniztasuna onartu eta errespetatzea baino? Arazoei irtenbidea bilatzea baino? Herriko ordezkari diren alderdi desberdinen arteko elkar-puntuak bilatzea baino?” gehitu du jeltzaleak.
Jarraian Patxi Amantegik hartu du hitza eta bi urte luzez, EH Bilduk Gipuzkoa osoan atez ateko zabor bilketa sistema inposatzeko borondatea azaldu zuenetik, Tolosa Txukun plataformaren bozeramaile izan denak adierazi du urrats bat gehiago emateko momentua dela. Bere hitzetan “bi urte hauetan entzundakoak, ikasitakoak eta hainbat eta hainbat herritarrekin partekatutako esperientziak emandako aberastasuna, Tolosaren, nire herriaren, nire bizilagunen zerbitzura jarri nahi ditut; atez-atekoaren aurka agertu garen herritar guztien ahotsak hurrengo hauteskundeetan oihartzun nahikoa izan dezan”.
Amantegik bi urte hauetako ibilbidea ekarri du gogora, eta eskerrak eman nahi izan dizkie bere ondoan egon diren guztiei. Azaldu du hasiera batean herritar banako gisa parte hartu zuela gobernuak udaletxean emandako informazio bileretan. “Bilera horiek EH Bilduk asmatutako zabor bilketaren ezarpena justifikatzeko eta oinarririk gabeko datu sinestezinak aurkezteko topalekua besterik ez zirela ikusita, zetorkiguna gelditzeko asmoz, kalera atera ginen sinadurak biltzera eta 7000 tolosarrek azaldu zuten atez ateko sistemaren ezarpena geldiarazteko nahia”. “Tolosaldean gertatutakoa ikusita, Tolosa Txukunek, Tolosan, emaitza onak lortu dituela esan genezake, atez ateko inposaketa ekidin eta egokiagoa den edukiontzi bidezko sistema ezartzea lortu dugulako, baina hori poztekoa den arren, ez da nahikoa” adierazi du.
Amantegik gehitu du, bi legealditan mankomunitateko lehendakari izana den Olatz Peonek ondo ezagutzen duela zabor kudeaketa; “bat dator Tolosa Txukunen hainbat planteamenduekin, gaikako bilketa tasa igotzeko nahiarekin, baita gizartearen babesa eta onarpena izango duen sistema jasangarri, eraginkor eta ekonomikoki merkeena ezartzearen alde egitearekin ere”. “Tolosa Txukunek bezala Olatz Peon hautagaiak sinesten du gizarte librean; inposaketaren gainetik, heziketan; eta guzti honengatik aurkezten dut neure burua independente bezala EAJko zerrendetan” adierazi du.
Amaitzeko, EAJ-PNVko alkategaiak azaldu du udal hauteskundeei begira, beste hainbat gaietan bezalaxe, programan zabor bilketa proposamena zehaztuko dutela, nahiz eta, dagoeneko plazaratu duten beren iritzi eta apustua zein den. Horiek horrela, egun Tolosako edukiontzi bilketa sistemak beharko lituzkeen aldaketak azpimarratu nahi izan ditu: edukiontziak Tolosak sortzen duen hondakin kopurura egokitzea; bilketa maiztasuna zabaltzea herritarrei hondakin sailkapena egoki egin dezaten erraztasunak emateko; kale garbiketari hobeto erreparatzea eta beste gai guztietan bezala, hondakin kudeaketari dagokionean erabateko gardentasuna bermatzea. Azkenik, mankomunitateak ezagutzera eman dituen sailkapen kopuruak kontuan hartuta, tolosarrak zoriondu nahi izan ditu Olatz Peonek; herritarrek etxeko hondakinak egoki sailkatzen dituztela erakutsi baitute, administrazioak (udalak eta mankomunitateak) herritarrei modu berean erantzun ez badie ere eta bilketa sistema berriak arazoak sortu baditu ere, “zoritxarrez, horren lekuko dira bilketa puntuetan pilatzen diren hondakinak” esan du Olatz Peon jeltzaleak.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/02/03
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


