Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/03/06

EAJ-PNV-k konpromiso zehatzak hartu ditu gizarte babesaren etorkizuna ziurtatzeko

Gipuzkoako diputatu nagusigai jeltzaleak azpimarratu du, ezin direla alde batera utzi sustapen ekonomikoaren aldeko eta gizarte politika aurreratuena ete bermea ematen duenaren aldeko apustua.
EAJ-PNV-k konpromiso zehatzak hartu ditu  gizarte babesaren etorkizuna ziurtatzeko

Gipuzkoako EAJ-PNVren diputatu nagusigai Markel Olanok eta hautagai jeltzale Eider Mendozak, Xabier Ezeizabarrenak eta Imanol Lasak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, Gipuzkoaren kudeaketan eragina duten gaiei buruzko hirugarren proposamena egiteko. Horiek horrela gaurko prentsaurrekoan jeltzaleek Gizarte Politikei buruzko proposamena egin dute.

Horren harira, Markel Olanok EAJ-PNVren gizarte politiken gaineko apustua berretsi du eta honakoa adierazi du: “Gipuzkoan badugu eredurik, hain zuzen ere, Euskal Herri osora hedatu behar den eredua. Eta eredu horrek oinarrian hartzen du elkarlana, hain zuzen ere, Foru Aldundiaren eta gizarte-eragileen – horietako asko irabazi asmorik gabeko elkarteak – arteko elkarlana. Horiekin guztiekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da gizarte-politikak kudeatzeko”.

Era berean, Olanok salatu du, ezker abertzaleak Kabia sortu duela guztia arlo publikotik kudeatzeko pausoa eman nahi izan duelako. Eta horrenbestez, ezker abertzaleak hirugarren sektoreari, hain zuzen ere, gizarte-eragileei eta irabazi asmorik gabeko elkarteei eraso zuzena egin die.

EAJ-PNVren Gipuzkoako Diputatu Nagusigaiak, halaber, segidakoa azpimarratu du: “Gipuzkoan eredua dugu eta eredu horren muina da pertsonak oinarri bezala hartzea”. Horrenbestez, Olanok aurkeztu ditu EAJ-PNVk hurrengo legealdirako gizarte-politiken gainean hartu dituen segidako konpromisoak:

PROPOSAMENA

Garrantzitsua da azpimarratzea, EAJ/PNVren politikaren ikuspuntu eta ikuskera humanista da, alderdi bezala sortu zenetik, gizarteko behartsuenak sozialki babestearen aldeko apustua egin duena.

Gure herrikideen gizarte babesa etorkizunean ere bermatzea da dugun helburua, eta eredua eta zerbitzuak hobetzen sakontzea.

Izan ere, ezin da alde batera utzi sustapen ekonomikoaren aldeko apustua, batetik eta gizarte politika aurreratuena eta bermea ematen duenaren aldeko apustua bestetik. Baliabiderik sortzen ez bada, ezin da garrantzizkoari kasurik egin, inola ere: babesgabe dagoen pertsona, alegia.

KONPROMISO ZEHATZAK

1 - ZAHARTZEARI ETA EZGAITASUNARI ARRETA EMATEKO BERRIKUNTZAN ERREFERENTE IZANGO DEN ZENTROA SORTZEA

Gipuzkoan erreferente izango den zentroa sustatuko dugu, zahartzea eta ezintasuna artatzeko eredu aurreratuen eta berritzaileenak erabiliko dituena, sistema osora zabaltzeko gero. Bai norbere etxean, baita egoitzetan ere.

Beste urrats bat gehiago eman behar dugu. Sekulakoak dira Gipuzkoako arreta, babesa eta  zaintza, baina zerbitzuaren bikaintasunean gehiago sakondu behar dugu, pertsona arretaren gune izango dena, antolaketarako irizpideen gainetik lehentasuna izanik. Pertsonen autonomia sustatuz, egoitza norberaren etxea antzekoa izatea lortzen saiatuz… eta, azken finean, pertsonen bizi kalitatean eta duintasunean irabaziz.

2 - GIZARTE POLITIKETARAKO LANKIDETZA FOROA SORTZEA GIZARTE POLITIKAREN ARLOKO ELKARTEEKIN.

Gizarte ekimenarekin interlokuzio/koordinaziorako Foro Iraunkorra sortzea.
Gipuzkoaren gizarte babeserako eredua sakontzea.

Aurreiritzi ideologikoengatik, eredua aldatzea nahi dutenen kontra, EAJ/PNVk ematen den zerbitzuaren kalitateari emango dio lehentasuna, beste gauza guztien gainetik.

EAJ/PNVk ez du gizarte ekimena ordezkatzea nahi. Osagarritasunaren bila joango gara, lankidetzaren bila. Horretarako, premiazkoa da Gipuzkoan gizarte esparruan lan egiten ari diren hirugarren sektore eta agenteekin lankidetza giroa sortzea. Eskarmentua eta ezagutza elkar trukatzea, eta guztion artean antzemandako behar guztiei aurre egiteko erreakzio koordinatu eta berehalakorako mekanismoak ezartzea.

Eta hori lortzeko, legealdi honetan hirugarren sektorearekiko foru administrazioak agertu duen mesfidantza gaindituz bakarrik egin daiteke. Elkarrekin lan egiteko, derrigorrezkoa da konfiantza berreskuratzea, dauden beharrei erantzun eraginkorra emateko.


3 - UDALEKIN ETENGABEKO LANA EGITEKO PLATAFORMA

EUDELen bidez, Gipuzkoako udalekiko koordinazioa berrartuko dugu. Bukatu da inposizioa eta entzule moduan bakarrik udalek parte hartzen zuten asanblea sistema. Interlokuzioa, elkarrizketa, hausnarketa eta estrategia koordinatuak izango dira, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendurikoa baino. Lurraldean sortzen diren arrisku eta babesgabetasun egoerei erantzutea izango da helburua, eta horretarako premiazkoa da koordinazioa eta elkarrizketa, baita udalekin ere, horiek baitira gizarte zerbitzuetara sartzeko atea.


4 - KABIA MODU ERAGINKORREAN KUDEATU

KABIA erakunde autonomo gisa birformulatuko dugu, eta helburu bakarra izango du: Gipuzkoako udal egoitzak bereganatzea. Bilduk sortu zuen helbururako inolaz ere bihurtu ez dadin, behar diren aldaketak egingo ditugu: gizarte esparruko zerbitzu guztiak arlo publikotik kudeatzea baitzuen helburu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...