Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Josu Mendicute EAJ-PNVren datozen udal hauteskundeetarako hautagai zerrendara batu da
Josu Mendicute, 27 urteko eibartarra, Eibar gobernatzeko Eva Juezek osatu duen taldearen berritasunetako bat da. 1987an jaioa, “bere eibartartasun erregaitzagatik” da ezaguna, baita Eibarren antolatzen diren hainbat ekintzetan parte hartzeagatik ere. Eva Juez buru duen eta “Eibarko transformazioa gauzatzeko bokazioz” EAJk aurkeztuko duen zerrenda eraberrituaren lehen postuetan joango da.
Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da Mendikute eta UPV-EHUn doktoratu aurreko ikasketak hasiak ditu. Gaztea den arren, besteak beste, Eibarko Codesyntax teknologia enpresan eta ETBn zenbait urteetako esperientzia du eta hainbat hedabideetan kolaborazio lanak egiten ditu. Egun, Hezkuntza eta Kultura saileko legebiltzarreko aholkularia da, Iñigo Urkullu lehendakari izendatua izan zenetik. Bere karguak, Eva Juez alkategaiarekin batera, Eibarko zein eibartarren interesak eremu politikoan defendatzeko bide eman dio azken bi urteetan. Eibarko herriko elkartegintza-sareko bere inplikazioagatik ere da ezaguna. 15 urte zituenetik “Cielito” herriko bandako eta Ustekabe fanfarreko partaide da. Batxilergoko ikasle zela San Joango koadrila ekimenen antolakuntzaren buru izan zen eta 19 urteetatik Urkizu eta Auzokoak elkarte taldeen koordinatzailea da, azken elkarte honen eskutik, urtero, Gureakeko langileekin ongintzazko ekitaldia antolatzen du.
Teknologia berriekiko eta eibartar euskarekiko duen zaletasunak eibar.org eibartar internauta elkartearen blogerorik gazteena izatera eraman du. “…eta kitto!” Euskara elkartean ere lagundu du urteetan, eta duela bi urte zuzendaritza-batzordeko kide da. 2011-2012 urte bitartean, Eusko Jaurlaritzako Euskara Aholku Batzordean parte hartu zuen, teknologia berrien adituen mahaiaren baitan.
Ilusioa eta ardura
Mendicutek ez du kargu publikorik izan inoiz, baina ondo ezagutzen du udala, azken 10 urteetan erakunde desberdinen baitan gauzatu dituen hainbat antolaketa-lanak direla eta. Ildo honetatik, adierazi du “uste dut udala herritarrengandik gertuago egon daitekeela eta bizkorragoa izan herritarren eskaerei erantzuna ematerako orduan”, izan ere sarritan “zaila da informazioa eskuratzea eta herritarrei oztopo burokratikoak jartzen zaizkie”. Adibide gisa aipatu du Errebaleko kasua, “horrelako jarrerak ezin dira berriz ere errepikatu gure udaletxean”, hori dela eta gauzak aldatzeko ilusioz eta eginkizunak arduraz aurrera eramateko gogoz aurkezten du bere burua. Horregatik, “udal gardenagoa eta parte-hartzaileagoa lortzea da nire erronka” aipatu du.
Mendicuteren aburuz, helburua nagusia da “krisitik indarberrituta ateratzeko baldintzak ezartzea, enplegua sortzea eta zergadun guztien diruarekin aurrera eramaten diren ekintzak errentagarri bihurtzea. Aipatu ardatzak udaleko edozein sailetan argi egon behar dute, gure proiektuan horrela planteatu ditugu behintzat” esan du.
Eva Juez alkategai jeltzaleak adierazi du “Josuk gaztetasuna eta Eibar kudeatzeko eredua aldatzeko gogoa irudikatzen dituela; urte bete baino gehiago daramagu elkarlanean eta bere bizitasun eta energia eranskorrak dira. Josuren apustua da eibartarrak eta gazteak udal politikagintzaren parte izatea; eibartarrek ideia berriak dituen udal talde berria merezi dutela uste du. Bere ilusio eta gogoa talde osoari transmititzen dizkigu” amaitu du Juezek.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/02/03
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


