Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/03/05

Miren Elgarrestak beharrezkotzat jo du emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko urratsak ematen jarraitzea

Miren Elgarresta Oñatiko alkatetzarako hautagai jeltzaleak baieztatu du enpleguari dagokionean berdintasuna sustatzeko eta lana eta familia bateragarri egiteko neurriak hartzen dituzten enpresak babestuko dituela
Miren Elgarresta

Igande honetan, martxoak 8, emakumearen nazioarteko eguna ospatuko da, eta horren harira, EAJ-PNVren alkatetzarako hautagai Miren Elgarrestak EAJ-PNVk emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde lan egiteko duen konpromisoa berretsi nahi izan du.

Elgarrestaren hitzetan, “egun oraindik ezberdintasunek irauten dute eta genero diskriminazio kasuak ere ematen dira gure gizartean eta gure herria ez dago errealitate horretatik kanpo”. “Zoritxarrez, oraindik, urrats asko eman behar ditugu eta lan asko dago egiteko alor honetan” gehitu du. Hori dela eta, aurrera pausoak eman diren arren, berdintasun eraginkorra ez da errealitate bilakatu oraindik, horregatik, Oñatiko EAJ-PNVk uste du beharrezkoa dela urrats irmo eta egonkorrak ematea emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna errealitate izan dadin.

Aipatutakoa lortzeko, alkategai jeltzaleak adierazi du EAJ-PNVk, enpleguari dagokionean, berdintasuna bermatzeko neurriak hartzen dituzten enpresak babestuko dituela. Halaber, jeltzaleek lana eta familia bateragarri egiteko lan-orduen antolamendurako neurriak ere bultzatuko dituzte.

Bestalde, EAJ-PNVk hitz ematen du gizarte erakunde bat bultzatuko duela, zeinak honen parte garen guztion arteko zaintza eta arduren banaketa orekatua lortzeko konpromisoa izango duen.

Era berean, “emakumeek beren eskubide indibidual eta kolektiboen erabilpena ahalduntzearen alde lan egiten duten erakunde eta emakumeak babestuko ditugu” aitortu du Elgarrestak. Bestalde, emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko helburuz, EAJ-PNVk gizarteari orokorrean, eta gazteei bereziki, zuzendutako sentsibilizazio eta prebentziorako ekintzak sustatuko ditu.

Azken finean, Oñatiko EAJ-PNVko emakume taldearen ustetan beharrezkoa da gizartearen inplikazioa emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko benetako aurrera pausoak emateko eta baita, egungo gizartea pertsona helburu eta ardatz izango duen gizartea bilakatzeko ere; guztiontzat justuagoa eta lagunkoiagoa izango den gizartea eratzeko. Aipatu guztiagatik, Oñatiko EAJ-PNVk eta modu berezian Miren Elgarrestak, martxoaren 8an antolatzen diren ekitaldietan parte hartzera eta horiek babestera animatu nahi izan dituzte herritarrak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...