Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/02/28

EAJ-PNVk Andoaingo eraikin publikoetan irisgarritasuna bermatzeko eskatu du

Udalak esku hartzen ez duenez, mozioa aurkeztu dute jeltzaleek herritarren eskaerei erantzuna emateko eskatzeko.
EAJ-PNVk Andoaingo eraikin publikoetan irisgarritasuna bermatzeko eskatu du

Andoaingo Euzko Alderdi Jeltzaleak mozioa aurkeztu du Udalean, eraikin publikoetan irisgarritasuna bermatu dadila exijitzeko. Alkatetzarako hautagai jeltzaleak, Mari Jose Izagirrek, jakinarazi du herriko zenbait eraikin publiko ez daudela egokituta, eta mugikortasun arazoak dituzten herritarrek arazo handiak dituztela horietan guztietan sartzeko. Izan ere, eskailera, koska eta oztopo arkitektonikoek sarrera zailtzen diete mugitzeko arazoak dituzten pertsonei. EAJ-PNVren mozioak Arrate frontoia, Urigain kultur etxea eta udaletxea aipatzen ditu, besteak beste. “Jakin badakigu bizilagun asko hurbildu direla Udalera irisgarritasuna hobetzeko eskatzen, baina arazoa ez dute konpondu, eta eraikin publikoetan sartzeko arazoak dituzte oraindik andoaindar askok”, ziurtatu du.

Chonci García bezalako zenbait herritarren testigantzak entzun ditu Izagirrek mozioa aurkeztu baino lehen. García andoaindarra da, eta mugikortasun arazoak ditu; ondorioz, ezin da Arrate frontoira joan sarreran dauden eskailerak ezin dituelako bere kabuz gainditu. “Bere semea pilotan jokatzen ikustera joan nahiko luke, baina ezinezko zaio. Andoaindar asko Asunen egoeran daudela jakinik, behar-beharrezkoa iruditzen zaigu hobekuntza lanak egitea irisgarritasuna bermatzeko”, nabarmendu du Izagirrek.

Oscar Letamendik ere oztopo eta zailtasun ugari gainditu behar izan ditu. Duela lau urte udaletxea egokitzeko beharra adierazi eta plazaratu zuen. Izan ere, udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu zuen bere burua “Zinegotzi aukeratu izan balute, ezingo zatekeen udaletxeko pleno aretora bere kabuz igo sarreran dauden eskailerengatik. Lau urte ondoren egoerak bere horretan jarraitzen duela salatzen du, alegia, ezer ere ez dela konpondu”.

Tankera hauetako testigantzak entzun ostean erabaki du EAJ-PNVk mozioa aurkeztea. Eztabaida datorren udalbatzan izango da. Jeltzaleen mozioak eskatzen du eraikin publikoak erabili ahal izatea bermatu diezaietela herritar guztiei, batez ere mugikorasun arazoak dituztenei. Horrez gain, diru kopuru zehatza gordetzeko eskatzen dio Udalari, eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko lanak ordaintzeko. Oztopo arkitektonikoak ezabatu eta irtenbide teknikoak ezartzea proposatzen dute jeltzaleek. “Gainerako alderdiek gure proposamenaren alde egitea espero dugu, ekimen honek andoaindar askoren eguneroko bizimodua hobetzen lagunduko lukeelako”, ondorioztatu du Izagirrek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...