Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/02/27

Errenteriako etxebizitza hutsak merkaturatzeko proposamena landu dugu

Maite Peñak aurkeztutako neurriek helburu dute zailtasun gehien dituzten herritarrei etxebizitza eskuragarritasuna erraztea. Gazteekin, higiezinen agentziekin, Alokabiderekin eta Eusko Jaurlaritzarekin egindako lan-bileren eta alkategaiak eta bere taldeak egin duten lanaren emaitza da aurkeztu proposamena
Errenteriako etxebizitza hutsak merkaturatzeko proposamena landu dugu

“Errenterian etxebizitza huts asko dago eta udal gobernuak hartutako neurriek, hala nola, IBIaren errekarguak, ez dute lortu etxebizitza hutsen kopurua murriztea”, aitortu du bozeramaile eta alkategai jeltzale Maite Peñak. Arrazoi horregatik, eta gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei irtenbidea emate asmoz, EAJ-PNVk udalerriko etxebizitza hutsak merkaturatzeko eta zailtasun gehien dituzten kolektiboei etxebizitza eskuragarritasuna errazteko proposamena landu du.

Talde desberdinen iritziak jasotzeko, arazo zehatzak eta benetako beharrak ezagutzeko eta irtenbide eta aukera desberdinak aztertzeko helburuz, Maite Peñak eta bere lan taldeak hainbat bilera egin dituzte “Zure Errenteria” ekimenaren baitan. Horiek horrela, Errenteriako gazteekin, higiezinen agentziekin, Irune Berasaluze Alokabideko Zuzendari Orokorrarekin eta Eusko Jaurlaritzako Miren Saratxaga Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendariarekin bildu dira.

Maite Peñak adierazi duenez, etxebizitzaren arazoak asko kezkatzen ditu jeltzaleak, horregatik, etxebizitza hutsen arazoari irtenbidea emate asmoz eta diru-sarrera murritzagoak dituzten eta merkatu libreko etxebizitzak eskuratu ezin ditzaketen herritarrei aukera zabalagoa eskaintzeko helburuz hainbat neurri aurkeztu dituzte.

Ildo horretatik, jeltzaleek, zigortu ordez, etxebizitza hutsen jabeei, etxebizitzak alokairuan jar ditzaten sustatzeko, IBIan %20ko hobaria ematea proposatu dute. Halaber, Peñak gehitu du udalak eskura dituen baliabide guztiak jabeek alokairuak kobratu ditzaten bermatzera bideratu behar dituela eta Alokabiderekin hitzarmena sinatzea ere proposatu du talde jeltzaleak.

Bestalde, EAJ-PNVk proposatu du 150 euroko diru laguntza eskaintzea beren etxebizitza hutsa Bizigune programan txertatzen dutenei, “Alokabidek jabeei gehienez ematen dizkien 450 euro horiei 150 euroko diru laguntza gehituz”” azaldu du. Bestalde, jeltzaleek bestelako laguntza ekonomikoak ere aurreikusi dituzte jabeek etxebizitzetan beharrezko obrak egin ahal izateko eta ondoren, horiek alokairu merkatuan jartzeko. “Laguntza horiek gehienez 2000 eurokoak izango dira eta inoiz ezingo dute gastu orokorren %50a gainditu” aitortu du Peñak.

Azkenik, Maite Peña alkategaiak azpimarratu du proposamenek helburu dutela udalerriko alokairuzko etxebizitza parkea handitzea eta herritarrei etxebizitza aukera zabalagoa eskaintzea, zailtasun gehien dituztenei etxebizitza eskuragarritasuna erraztu eta bermatzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...