Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Nahikari Otermin: “EH Bilduk errespetua faltatuz eta erasotuz ezkutatu nahi ditu bere kudeaketarako ezgaitasunak”
Oterminek berretsi du udal gobernu taldearen kudeaketa ekonomiko ezin okerragoak urtetik urtera udal funtzionamendurako gastu eta pertsonal gastuak gora egitea eragin duela, ohiko udal jardunak gauzatzeko kanpo enpresak kontratatzeaz gain
Joan den otsailaren 10ean Pasaiako EH Bilduk egindako adierazpenei erantzunaz, EAJ-PNVko alkategai eta bozeramaileak adierazi du, beste behin ere, EH Bilduk errespetua faltatuz eta erasotuz ezkutatu nahi izan dituela bere kudeaketarako ezgaitasunak. “Bilduk ez ditu kritika politikoak onartzen, oraingoan ere, irainetara jo baitute erantzuteko orduan, beraiek bezala pentsatzen ez dugunon aurrean hartu ohi duten jarrera errepikatu da beste behin, jarraitu du Oterminek, iseka, beldurra eta irain garaiak atzean utzi ditugu eta gizarteak zintzotasunez eta errespetuz jokatzen duten politikariak exijitzen ditu”.
EAJ-PNVk gehitu du EH Bilduk azken urteotan aurrera eramandako kudeaketa ezin okerragoa izan dela. Ondorioz, udal funtzionamendu gastu eta pertsonal gastu handienetarikoa duen udalerrietako bat da Pasaia. “Egia da, haiek azaldu duten modura, udalak Antxoko frontoiko zein Donibaneko eraikin soziokulturaleko mantenu gastuak ordaindu behar dituela, baina baita atez ateko sistemaren mantenu gastuak zein beren sistemarako kontratatu dituzten 15 langileen soldatak ere”. Halaber, jeltzaleek adierazi dute, ohiko udal jardunak gauzatzeko udal gobernu taldeak kanpo enpresak ere kontratatzen dituela, “kanpo enpresak kontratatzen ia diru gehien gastatzen duen udalerrietako bat da gurea” gehitu dute. Horrek guztiak arazo bat dakar, udalak diru kantitate handiak behar dituela oinarri, dituen gastuei aurre egin ahal izateko, ondorioz ez dago inbertsioetarako dirurik.
Halaber, udal gobernuaren kudeaketa txarraren beste adibide bat da udalaren aurrezteko gaitasuna eza, izan ere, udal gobernu taldea ez da gai udalak dituen aurrezki garbi eta diruzaintzako gerakinarekin udala zorpetu gabe inbertsioei aurre egiteko. Labur esanda, udalak ez du nahikoa gaitasun aurreikusitako gastu eta inbertsioei aurre egiteko. Udal kontu hartzaileak adierazi modura, “maileguaren sarrerarekin finantzatzen diren inbertsioak, kapital sarrerarik ezean, aurrezki garbiaren bidez finantzatu beharko lirateke. Izan ere, finantzatzen diren inbertsioak neurri handi batean funtzionamendu arruntari lotuak dira, eta beraz, ez dute justifikatzen mailegu bat eskatzeko erabakia, are gutxiago finantza merkatuak egun zorpetzeari begira jartzen dituzten baldintza gogorrak kontuan hartuta”.
Jeltzaleek zalantzan jartzen dituzten diru sarrerei dagokienez, alkategaiak azaldu du, horien ziurtasun ezak aurrekontu desoreka eragiten duela, horregatik dio: “kezkagarria dena ez da nik diru sarrera horiek osotasunean jasoko ez direla zalantzan jartzea, baizik eta kontu hartzaileak hori horrela izan daitekeela berrestea da”. “Hau da, kontu hartzaileak berak ez du argi ikusten horiek osotasunean jasoko ahal izatea eta horrek udalak duen gaitasuna zalantzan jartzen du, eta kontutan izan behar dugu udal teknikari gisa, kontu hartzailea, ekonomia arloan gaitasun eta ezagutza handia duen pertsona dela” esan du Oterminek. Kontu hartzailearen hitzetan: “diru-sarrerak aurreikuspenak diren neurrian, badute ziurtasun gabezia bat. Dena den, azken urteetako likidazioak aztertuta, nabaria da dirusarrera arrunt jakin batzuetan ziurgabetasuna nabarmenagoa dela, hala-hola: eraikuntza zerga, eta UFFFetan (Fondo Forala). Horiek horrela, plantea liteke aurreikuspen horiek osotasunean ez jasotzea, edota bestela, hainbat gasturen betearaztea sarrerek izaten duten bilakaeraren arabera egitea”. Honen harira Oterminek esan du: “honek gure kezka baieztatzen du eta kontu hartzaileak berak dio komenigarria litzakeela zuhurtziaz jokatu eta aurrekontu proiektuan aurreikusitako diru sarrera batzuk osotasunean ez jasotzea”.
Azkenik, EAJ-PNVko udal taldeak adierazi du “agerikoa da datuak ez direla guk nahi bezalakoak, baina hori da gure errealitatea, hori da udal gobernu taldearen ezgaitasunaren ondorioa; beste behin ere aurrekontu proiektu desorekatua aurkeztu baitigute”. Bozeramaile eta alkategai jeltzaleak azpimarratu du “aurrekontu proiektu orekatua izango bagenu, prest geundeke eta gustura egingo genituzke pasaitarren egunerokotasuna hobetuko luketen proposamenak”. Ildo beretik, aurrekontuetan talde jeltzaleak gehituko lituzkeen hainbat proposamen aipatu ditu, hala nola: eskalerillaseko irisgarritasuna hobetzeko igogailua, haur jolastoki eta Arrokaundieta merenderoa hobetzea; enplegua sustatzeko krisiaren aurkako plana, tokiko merkatari eta ostalariei diru laguntzak eskainiz edota pankartak eta kartelak ezartzeko panelak jartzea Pasaiak islatzen duen utzikeria eta zikintasun irudia hobetzeko helburuz.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/02/03
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


