Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Jose Ramon Zubizarreta izango da EAJ-PNVko Eskoriatzako alkategaia
Jose Ramon Zubizarreta Alegria, 59 urteko irakaslea aurkeztu du EAJ-PNVk Eskoriatzako alkategai datozen udal hauteskundeetarako.
Irakaskuntza munduan jardun du Jose Ramonek betidanik, Almen ikastolan, gerora Arizmendi ikastola izatera pasa zena. Euskadiko Hezkuntza Kooperatiben Federazioko lehendakaria izan zen 8 urtez (1990-1998), baita Gipuzkoako Ikastolek Elkarteko lehendakaria (2002-2007) eta Hezibide elkarteko prentsa eta komunikazio arduraduna ere.
Arlo pertsonalean, mendia du afizio bere esparru guztietan eta baita argazkilaritza ere. Felix Baltistan Fundazioko lehendakaria ere izana da (2001-2006) eta baita Eskoriatzako Kirol Elkarteko mendi saileko arduradun ere (1990-2002).
<br< Bere aurkezpenean, Zubizarretak eskerrak eman nahi izan dizkie bai EAJ-PNVri eta baita pausu hau ematera animatu duten guztiei ere. Orain lau urte abian jarri zuten bidea aipatu du Jose Ramonek, ilusioz beteriko eta Eskoriatzaren alde lanean aritzeko gogotsu dagoen EAJ-PNVko taldea hain zuzen ere.
EAJ-PNVren proposamena onartzera bultzatu duten arrazoien artean, Jose Ramonek aipatu ditu behingoz inposaketarekin bukatu beharra, elkarbizitza edo bizikidetza bultzatzea eta komunikazio hobeago baten premia. Bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiten lagunduko digun proiektu zehatz batekin lan egitea eta inprobisazioarekin bukatu beharra ere azpimarratu nahi izan ditu jeltzaleak.
Ildo honetan, gogoratu du gure herrian gogor jo duela krisiak eta azken hamarkadan ia enpresa erdiak desagertu direla. “Sarritan Fagorretaz bakarrik hitz egiten bada ere, hainbat enpresa dira gure herrian ateak itxi dituztenak edota egun egoera larria bizi dutenak. Horregatik, udaletxetik egoeraren azterketa serioa egin behar da eta beharrezkoak diren erabakiak hartu eta eskualdeko garapen agentziarekin elkarlanean aritu behar dugu” azaldu du.
<br< Bere lan ildo nagusien artean aipatu ditu enpresa-ekimen berriak sustatu nahi dituzten pertsonei laguntzak, herriko merkatari elkartearekin batera sustatu beharreko elkar-lan dinamika berriak edota herriko baserritarren produktuen salmenta bultzatzeko ekimenak, besteak beste.
Zaborren kudeaketa ere gai ardatza izango da, gure herrian dagoen egon ezinari erantzun egokia emateko. Herri galdeketa bultzatuko duela argi utzi du, bosgarren edukiontziaren aldeko apustua eginez. “Birziklatu bai baina herritarrei zigortu ez” azpimarratu du.
Hirigintza arloari dagokionez, arau subsidiarioak aspalditik kadukatuak daudela gogorarazi du eta gai honi heldu beharra nabarmendu nahi izan du. “Zein herri eredu nahi dugun pentsatu behar dugu eta inprobisazioarekin bukatu” azaldu du hautagaiak. Proiektu zehatzak ere aipatu ditu Jose Ramonek, besteak beste herria ingurutako duen oinezkoen ibilbidea eta Bolibarretik sortzen den trafikoa bideratzeko aukera ezberdinen azterketa.
Azkenik, programa lantzen hasiak direla aurreratu du eta dagoeneko herriko hainbat talderekin bilerak egin dituztela. “Herriko elkarteetatik jaso dugun harrera ezin hobea izan da eta herritarrek ere ideia edo ekarpenen bat egin nahi badute, guregana lasai inguratzeko esan nahi diegu” adierazi du alkategai jeltzaleak. Bukatzeko, herritarrak parte hartzera eta elkar-lanera deitu ditu Zubizarretak eta “Gu prest gaude. Eta zuek?” galdetuz amaitu du bere aurkezpena.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/02/03
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


