Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/02/08

Markel Olano: "Inposiziorik gabe gobernatuko dugu

Gipuzkoako Aldundirako EAJ-PNVren hautagaiak, Markel Olanok, konpromisoa azaldu du pertsonekiko, ekonomiaren suspertzearekiko eta lana sortzearekiko
Markel Olano:

Gipuzkoako Aldundirako EAJ-PNVren hautagaia, Markel Olano, Eibarren izan da gaur, bera buru izango duen Batzar Nagusietarako zerrenda aurkezteko. Elkarrizketa eta adostasunetik gobernatzeko konpromisoa azaldu du jeltzaleak, ezker abertzaleak azken lau urteetan bultzatu duen inposiziotik urrun: “Ezker abertzaleak bere ideologia inposatu nahi du gipuzkoarren errealitatearen gainetik. Eta, horren aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak gizartearekin lankidetza bultzatuko du Herri honen etorkizuna bermatzeko”.

Olanok aurreratu du pertsonen defentsa, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea izango direla, datorren hauteskundeetara begira, bere alderdiaren helburuak. Ildo horretan, ziurtatu du pertsonak egongo direla bere alderdiak bultzatzen dituen ekintza eta politika guztien erdian, inor bide bazterrean gera ez dadin. Horretarako, azaldu du EAJ-PNVk enpresak eta, batez ere, industria, babestuko dituela. Salatu du ezker abertzaleak erabat alboratuta utzi dituela enpresak eta industria, eta biak ezinbestekoak direla krisitik atera eta behar handienak dituztenak defendatzeko. “Enpresek funtzio sozial nabarmena daukate, milaka lan eta aberastasuna sortzen dutelako, gero gizartera itzultzen eta banatzen den aberastasuna, alegia”, adierazi du.

Zoritxarrez, ezker abertzaleak ez dauka argi enpresak direla Gipuzkoako ekonomiaren hazia. Eta, ondorioz, erasotu egiten ditu, Aberastasun Handien Zergarekin. “Europa osoan ez zaie honen tankerako erasorik egin enpresei. Kontutan hartu behar da erakundeetatik bultzatzen diren ekintzetaz hitz egiten ari garela eta horrek enpresa-proiektuen porrota ekartzen duela”, deitoratu du.

Ezker abertzalearen jarrera horren aurrean, Olanok aurreratu du EAJ-PNVk esparru soziala eta ekonomikoa defendatzen jarraituko duela. “Gipuzkoarrek bi ereduren artean aukeratu beharko dute, eta kontutan hartu beharko dute hauteskundeen emaitzen eragin zuzena izango dutela ekonomian eta gizarte esparruan”, ziurtatu du.

Bukatzeko, Olanok nabarmendu du EAJ eta ezker abertzalea desberdintzen dituen gobernatzeko modua. "Bilduren jarrera inposaketa-jarrera izan da. Inposaketa-eskemak egin ditu, herritarrei entzun gabe. EAJ-PNVk ez du inoiz inposaketatik gobernatuko", azpimarratu du.

Adierazpen hori indartzeko hainbat adibide azaldu ditu. Lehenengoa, Batzar Nagusietako oposizioaren gehiengoak eskatutako plan ekonomikoa, Bilduk gutxietsitakoa. Bigarrena, atez atekoaren inguruko zazpi galdeketak: guztietan herritarrek uko egin diote, eta ezker abertzaleak ez ditu aintzat hartu. "Hitza herriari emango ziotela esan zuten. Baina ez dute egin. Bere printzipioak eta estiloa demokraziaren erabat aurkakoak eta inpositiboak dira", argudiatu du.

Zentzu horretan, Joseba Egibar GBBko presidenteak, EAJren eta ezker abertzalearen ereduak kontrajarri ditu. "Batzuek gizartea kontrolatu nahi dute goitik behera, eta guk aurkakoa egiten dugu: herritarrei errespetuz laguntzen diegu bere proiektuak garatzen", konparatu du. Horrela, nabarmendu du EAJ-PNVk ez dituela, ezker abertzaleak bezala, alderdi-interesak defendatzen, baizik eta geure Herriaren ongizatea eta etorkizuna dituela ardatz. "Esperientzia gure bermea da. Demostratuta geratu da hartutako erabaki estrategikoetan asmatu egin dugula. Fidagarriak gara, gure jendean konfiantza izan dezakegu, Herri honen alde lan egiten jarraitzeko prest eta konprometituta gaude", adierazi du.

Iñigo Urkullu Lehendakaria ere izan da Eibarren, Markel eta hautagaitzako gainerako kideei babesa emateko. Bertan elkartutakoei ziurtatu die bere alderdiak proiektu berri bat eskainiko diola Gipuzkoari, lurraldea ireki, suspertu eta hazi araziko duena, alegia”. Hori lortzeko, aurreratu du EAJ-PNV inposizioetatik urrunduko dela, elkarlana eta elkarrizketa bultzatuko dituela, eta pertsonak kokatuko dituela ekintza eta politika guztien erdian. Horrez gain, zehaztu du bere alderdiak ahalegin berezia egingo duela ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko, horiek lurraldea hazteko ezinbesteko bi elementu direlako. “Pertsona solidario eta konprometituak gara. Ideal batekin konprometituak gaude; Herri bezala hazteko helburuarekin. Eta konprometituak gaude ekonomia produktiboarekin, enpresarekin, industriarekin eta pertsona ekintzaileekin. Hori da Nazio eraikuntzarekin daukagun benetako eta egunean eguneko konpromisoa”, adierazi du, Eibarren eredua jartzeko: “munduari irekita dagoen herri ekintzailea da”.

Egungo egoera zaila dela onartu du Lehendakariak, baina guztion artean aurrera egingo dugula ziurtatu du, “Gipuzkoak aukera berri bat merezi duelako”. Ildo horretan, aurreratu du “EAJ-PNV -bere eredu, jarrera, jende eta esperientziarekin- dela gipuzkoarrek bestelako Gipuzkoa lortzeko behar duten aukera”. Errespetua, solidaritatea, lankidetza, berrikuntza, zabaltzea eta adostasuna. Hori da Gipuzkoa hazi arazteko daukagun eredua, guztion elkarlanarekin lortu nahi duguna”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...