Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Maite Peña: “Gobernuaren aurreikuspen ezak eta inprobisazioak aparkaleku eta trafiko arazoak eragin ditu herrian”
Errenteriako EAJk salatu du Bilduko udal gobernuak inprobisazioz hainbat erabaki hartu izanak kaosa eragin duela Errenterian aparkaleku eta trafikoari dagokionean. Jeltzaleak kezkatuta daude larrialdi zerbitzuek Biteri kalera sartu eta bertatik pasatzeko dituzten arazoak direla eta, izan ere, hainbat kasutan denbora luzez itxaron behar izaten dute.
EAJ-PNVko alkategai eta bozeramaile Maite Peñak kezka azaldu du Bilduko udal gobernuak aurrera eramandako herri-lanek eta aldaketek eragin dituzten arazoengatik. Jeltzaleak aditzera eman duenez, gobernuaren aurreikuspen faltak arriskuak, eragozpenak eta aparkaleku eta trafiko arazoak sorrarazi ditu. “Udal gobernuak inprobisazioz jokatzen du, aurretik hartutako erabakiek ekar ditzaketen ondorioak aztertu gabe” gehitu du.
Maite Peñaren hitzetan, “duela hilabete batzuk, ondorioak aztertu gabe eta sor zitezkeen aparkaleku eta trafiko arazoei irtenbide eman gabe, gobernuak Biteri kalean obrak egitea erabaki zuela salatu genuen”. “Bilduko gobernuak 234.000 euro baino gehiago gastatu ditu hiri-erdigunean bidegorria egiten, ibaien albo bietan hiria zeharkatzen duten bidegorriak baditugu ere” gehitu du. Jeltzaleek diotenez, Bilduk ez du Biteri kalerako proiektua ez herritarrekin, ezta gainerako alderdiekin adostu; entzungor egin diete herritarren kexei eta gobernuaren proposamenak ez die errenteriarren benetako beharrei erantzuten
EAJ-PNVk azaldu du Bilduk Biteri kaleko aparkalekuak kendu, kalea trafikora ixteko pibotak jarri eta trafikoa Bidasoa kalera bideratu duela; hori guztia, aurretik inolako azterketarik egin gabe. Peñak dio, “gobernuak inprobisazioz jokatzen duela ikusi ahal izan dugu, nola uler daiteke bestela trafikoa Bidasoa kalera bideratzea eta orain bertan herri lanak egiten hastea? Ez al da hau aurreikuspen eta kudeaketa txarraren adibide garbia?” galdegin du alkategaiak. “Aparkalekuak desagerrarazi eta bizilagunei eragozpenak eragiten dizkien kudeaketa txarraren eredu argia da hau” gehitu du. EAJ-PNVko udal taldeak adierazi du Bilduk lehendabizi Bidasoa kaleko obrak egin beharko lituzkeela, hauek amaituta, Biteri kaleko trafikoa Bidasoara berbideratzeko, “hori da aurreikuspena izatea eta gauzak ondo egitea” azpimarratu du Peñak.
Baina jeltzaleak gehien kezkatzen dituen gaia ondorengoa da: gobernuak jarri dituen pibotak direla eta larrialdiko zerbitzuek Biteri kalera sartu eta Biteri kalea zeharkatzeko arazoak dituzte. “Kezkagarriena da, jarraitu du Peñak, larrialdi egoera batean ezinbesteko dela aipatu zerbitzuak lehenbailehen iristea, eta zenbait kasutan, suhiltzaile edota anbulantziek 10 minutu baina gehiago itxaron behar izan dituzte pibotak jaitsi eta pasa ahal izateko, eta denbora hori erabakigarria izan daiteke larrialdi egoeretan”.
Azkenik, Peñak jakinarazi du “Biteri kalea trafikora ixteak horrelako arazoak ekar zitzakeela aurreratu genuen, baina udal gobernu taldeak ez zituen gure gomendioak kontutan hartu”. Hori dela eta, bozeramaileak, beste behin, Bilduko udal gobernuari eskatu dio arduraz jokatzeko eta seriotasun eta zorroztasunez lan egiteko, beren inprobisazioak, aurreikuspen ezak eta kudeaketarako ezgaitasunak eragindako ondorioak saihesteko. “Udal gobernuak denen onerako egin behar du lan, ondo egindako lana bermatu behar du eta ez inprobisazioz jokatu errenteriarrei arazoak sortuz” amaitu du.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/02/03
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


