Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/02/04

Tolosako EAJk herritarren 4oo ekarpen baino gehiago jaso ditu martxan jarritako parte-hartze prozesuaren bitartez

Tolosarrak modu aktiboan ari direla parte hartzen prozesuan eta eskerrak eman dituzte jasotako ekarpen bakoitzarengatik. Halaber, tolosarrak parte hartzen jarrai dezaten animatu nahi dituzte beren kezkak helarazi ditzaten eta azpimarratu dute, EAJ-PNV jasotako proposamen bakoitza aztertzen ari dela
Tolosako EAJk herritarren 4oo ekarpen baino gehiago jaso ditu martxan jarritako parte-hartze prozesuaren bitartez

Tolosako EAJ-PNVk duela aste gutxi batzuk partaidetza prozesua jarri zuen martxan tolosarren iradokizun eta proposamenak jasotzeko eta beren Tolosarako proiektua ekarpen horiekin osatzeko xedez. EAJko alkategai Olatz Peonek azaldu duenez, dagoeneko 400 proposamen baino gehiago jaso dituzte. EAJko kideak oso pozik daude herritarren parte hartze altu eta aktiboa dela eta, horregatik, “eskerrak eman nahi dizkiegu tolosarrei egindako ekarpen bakoitzagatik” gehitu du jeltzaleak.

Alkategaiaren hitzetan, “bistakoa da tolosarrek esateko asko dutela eta esaten duten hori kontutan hartzea nahi dutela”. Olatz Peonek gehitu du, “beharrezkoa da herritarrek zer nahi eta behar duten jakitea eta ziur gaude beren ekarpen eta proposamenek gure proiektua aberastuko dutela”. “Herritar asko kexatu dira Tolosa zikina dagoelako eta kale garbiketa hobetzea eskatu digute” azaldu du. “ Beste askok berriz, argiztapena hobetzea, trafiko noranzkoak aldatzea, 5. edukiontzia ezartzea, zaborrak egunero bota ahal izatea edota aurretik zeuden azpiegiturak (lur-azpiko zabor-ontziak) erabiltzea proposatu dute” gehitu du.

Halaber, jeltzaleek gaineratu dute, krisi testuinguru honetan tolosar asko dagoela kezkatuta enplegu ezagatik eta ildo horretatik, besteak beste, ondorengo proposamenak egin dituzte: enpresei proiektu berritzaileekin laguntzea, auto-enplegurako laguntzak eskaintzea edota langabetuei udaletxeko lanpostuetarako kurtso eta praktikak eskaintzea. EAJ-PNVk jaso dituen beste hainbat ekarpenen artean ditugu Monteskuko mantenua hobetzea, Berazubin bertakoentzako aparkalekuak jartzea, Apeaderoko sarbideak hobetzea, haurrekin jolastu ahal izateko eremu estali gehiago sortzea, Tolosak komertzio-hiri gisa duen ospea mantentzeko politikak sustatzea, ebookerako liburuak jaisteko online liburutegia bultzatzea edota Oñatiko gaztelekuan egiten duten modura aisi-sare edota co-working taldeak sortzea.

Azkenik, Olatz Peonek azpimarratu du, jasotako ekarpen, iradokizun, kezka eta proposamen bakoitza aztertzen ari direla eta tolosarrak parte hartzen jarrai dezaten animatu dituzte. Alkategaiak gogorarazi du ekarpenak edota proposamenak egin nahi dituztenek esku-orriaren bitartez edota Facebook (facebook.com/opeonormazabal), Twitter (@olatzpeon), Whatsapp (688 625 230) edota email bitartez egin ditzaketela beren iradokizunak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...