Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/01/23

EAJ-PNV-k salatu du Bilduk baserritarren interesen kontra egitea erabaki duela

Batzarkide-talde jeltzaleak osoko zuzenketa egin dio Gipuzkoako Mendiei buruzko Foru Araua aldatzen duen Foru Arau proiektuari, Gipuzkoarentzat funtsezko ekonomia-jardueraren aurka egiten duelako.
EAJ-PNV-k salatu du Bilduk baserritarren interesen kontra egitea erabaki duela

EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok adierazpenak egin ditu gaur goizean, Gipuzkoako mendiei buruzko Foru Araua aldatzeko Bilduren proposamenari buruz. Gogoratu behar da, Bilduk Gipuzkoako Mendiei buruzko 2006ko Foru Araua aldatzeko beste Foru Arau proiektua proposatu duela. Horren harira, Olanok salatu du, Bilduren proposamenak Baserritarren interesen kontra egiten duela, eta aditzera eman du, EAJ-PNVren batzarkide-taldeak, osoko zuzenketa egin diola Foru Arau proiektuari, izan ere, Gipuzkoarentzat funtsezko ekonomia-jardueraren aurka egiten du.

Ildo beretik, jeltzaleen bozeramaileak honakoa gogorarazi du: “Baso-sektoreak garrantzi handia du Gipuzkoan, izan ere, basogintzaren ekonomia-jarduerak eragiten die, besteak beste, baserritarrei, basogintza jarduera berari, zerrategiei edota bigarren transformazioko enpresei (hau da, haltzariak, enbalatzeak, eraikuntza, etabar). Eta, gainera, ehunka lanpostu mantentzen ditu”. Olanoren iritziz, aurreiritzi ideologiko oker batzuengatik, Bilduk baso-sektorearekin harremana eten du eta, horrenbestez, frogatu du errealitatetik guztiz at dagoela.

Era berean, Markel Olanok esan du, bere taldeak bi arrazoi izan dituela osoko zuzenketa  egiteko: “Lehenik, Bilduren proposamenak Baso-Administrazioari gehiegizko eskumenak ematen dizkio eta Udalei eskumenak murrizten dizkie. Eta, bigarrenik, Bilduren Foru Arau proiektuak handiagoa egingo du, foru gobernuaren eta baso-sektorearen arteko talka. Izan ere, baldin eta Baso-Administrazioak baso-berritze prozesuen eta pista zein bide berrien irekieren gaineko kontrola hartuko balu, baso-sektorea egoera larrian utziko luke eta, beraz, sektorearen bideragarritasuna mugatuko luke”.

Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak, halaber, segidakoa adierazi du: “Bilduk egindako Foru Arau proiektuak mendien zaintza, kudeaketa eta erabilera arteko oreka apurtuko du, izan ere, kontserbazioa hobetzeko asmoa aitzakiatzat erabili du mendiaren zikintzea eta baztertzea dakartzan neurriak bultzatzeko”.

Azkenik, hona hemen Markel Olanoren hitzak: “Ezaguna da foru gobernuaren baitan eztabaida etengabea izan dela legealdian zehar baso-sektorearen aldekoen eta ekologisten aldekoen artean. Eta behin Bilduren foru arau proposamena ikusita, argi gelditu da baso-sektorearen aurkakoak eztabaidan garaile izan direla”. Hori dela eta, Olanok Bilduren aginteko foru gobernuari honakoa eskatu dio: “Baso-sektorearen aurkako ekimenak baztertzeko eta harremanak berreskuratzeko”. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...