Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Alegazioak aurkeztu dizkio Eibarko EAJk gobernuaren euskararen ordenantza proposamenari
Euskarari merezi bezalako bultzada eta garrantzia emateko 19 alegazio aurkeztu dizkiote euskararen erabilera arautzeko udal ordenantzari. Eibarko EAJk gobernuaren euskararekiko konpromiso falta deitoratu du, ez duelako euskararen erabilera lehenetsi eta ordenantza korrika eta presaka egin duelako
EAJ-PNVko bozeramaile eta alkategai Eva Juezek prentsa ohar bidez azaldu du bere taldeak alegazioak aurkeztu dizkiola gobernuak eratutako euskararen erabilera arautzeko udal ordenantzari. “Gure proposamenekin euskarari merezi eta behar bezalako garrantzi eta bultzada eman nahi diogu eta bere erabilera Eibarko kaleetan sustatu” gaineratu du. “Abenduan ohartarazi genuen modura, 19 alegazio aurkeztu dizkiogu ordenantzari, honek bistan uzten duelako gobernuaren borondate eta interes eza euskararen erabilera bultzatzeko” adierazi du bozeramaileak. “Negoziaketetarako paradarik gabe, jarraitu du jeltzaleak, euskararen egunaren atarian aurkeztu zuen gobernu sozialistak euskarari buruzko ordenantza, korrika eta presaka eta fundamenturik gabe eginda dagoena, eta guk euskarari merezi duen leku eta garrantzia eman nahi diogu”.
Hori dela eta, EAJ-PNVko udal taldeak, edozein kasutan, eta legezkotasunaren baitan, euskararen erabilera lehenestea eskatu du, baita zinegotzi guztiek hizkuntza betebehar berdinak izatea ere. “Ez zaigu bidezkoa iruditzen elebidunak garen zinegotziok ekimen publikoetan euskaraz eta gazteleraz egin behar izatea, eta aldiz, gazteleraz soilik hitz egiten dutenek beste bete beharrik ez izatea” azaldu du alkategaiak. Halaber, jeltzaleek proposatu dute udal sailekin zein hizkuntzetan komunikatu nahi duten erabakitzea herritarren esku egotea, eta ez ordenantzak jasotzen duen modura sailen esku, izan ere, udal sailak behartuta daude zerbitzua euskaraz eta gazteleraz eskaintzera. Modu berean, EAJ-PNVk eskatu du euskal erakundeen arteko harremanetan euskarari lehentasuna ematea.
Bestalde, turismo, zein integrazio gaiei dagokienean, adibidez, ordenantzak ez du beste hizkuntzaren bat erabiltzeko aukerarik jasotzen, horregatik, EAJ-PNVk proposatu du, besteak beste, seinaleztapen eta errotulazioetan gaztelera eta euskaraz gain beste zenbait hizkuntza erabili ahal izatea, beti ere euskara lehenetsita.
Jeltzaleek erakunde pribatuei egindako aipamen nominalak kentzea ere eskatu dute, diru laguntzei dagokienean bidegabekeriarik gerta ez dadin, izan ere, ordenantzak, jatorrian, erakunde jakin baten kurtsoentzako diru-laguntzak aipatzen baititu. Toponimiari dagokionez, jeltzaleen proposamena da, Euskaltzaindiaren irizpide ofizialetatik haratago, izenak zehazterakoan udalak eskumena izatea aipatu irizpideak Eibarko euskalki, ohitura eta borondatearen aurkakoak diren kasuetan.
Azkenik, EAJ-PNVko udal taldeak legeari dagozkion hobekuntza teknikoak egiteko eta formalismo akatsak zuzentzeko eskatu dio gobernuari. Juezek azaldu du alegazioak aurkezteko epea astelehenean amaitzen dela eta ondoren gobernuak horiek aztertzeari ekingo diola, “udal gobernuak egin ditugun proposamenak onartzea espero dugu euskararekiko benetako konpromisoa hartu eta bere erabilera susta dezagun Eibarko kaleetan” amaitu du bozeramaile jeltzaleak.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


