Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/01/16

Alokairuzko etxebizitzaren inguruan Irunek dituen beharrak helarazi dizkio Iridoyk Alokabideko zuzendariari

Bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du egungo ezegonkortasun ekonomikoko egoeran asko direla babes ofizialeko etxebizitzaren aurrean alokairu sozialaren aldeko apustua egiten duten hiritarrak, eta arazo horri irtenbidea emateko formulak bilatzearen beharra azpimarratu du. EAJ proposamen eta alternatiba desberdinak lantzen ari da gaur egun dagoen eskaera handiari konponbidea ematera bideratutako etxebizitza plana bere hiri proiektuan sartzeko
Xabier Iridoy eta Irune Berasaluze

Xabier Iridoy Irungo EAJ-PNV Udal Taldeko bozeramailea Irune Berasaluze Alokabideko zuzendariarekin bildu zen atzo goizean, etxebizitzari lotuta irundarren beharrak helarazteko helburuarekin. Zuzendaria gure hirira etorri zela aprobetxatuz, etxebizitza hutsak alokairu sozialeko etxebizitza moduan merkaturatzeko Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak abian jarritako programa desberdinak zuzenean ezagutu nahi izan zituen zinegotzi abertzaleak. Halaber, azken urteotan etxebizitzaren eskakizunetan udalerrian gertatu den aldaketa azpimarratu nahi izan zuen.

«Agintaldi honen hasieran, 2011n, babes ofizialeko etxebizitza eskatzen zuten hiritarren zerrenda 2.000 pertsona ingurukoa zen» azaldu zuen EAJ-PNVko bozeramaileak. «Hiru urte hauetan zerrenda hori murrizten joan da, alokairu sozialaren eskatzaileen kopuruak gorakada esanguratsua izan duen bitartean, gaur egun Irunen erroldatutako 1.700 eskatzaileetara iritsi arte» adierazi zuen.

Iridoyren hitzetan, datu horiek agerian uzten dute etxebizitzaren arazoa oso presente dagoela hirian, batez ere, independizatu eta bizi-proiektua garatu nahi duten gazteen artean, baina krisi ekonomiko, langabezia, ezegonkortasun eta finantziazio zailtasuneko testuinguru honetan oso zaila egiten ari zaiena. «Egoera honetan, hiritarren eskaera aldatu egin dela eta asko direla alokairu sozialaren alde egiten dutenak ikusi dugu. Arazo horri irtenbidea emateko formulak bilatu behar ditugu eta gazteek etxebizitza baterako sarbidea izan dezaten erraztu» baietsi zuen.

EAJ-PNV hiriko eragile desberdinekin egiten ari den alderatze lanaren baitan, gai hau mahai gainean jarri dela adierazi zuen zinegotzi abertzaleak, eta jeltzaleak proposamen eta alternatiba desberdinak lantzen ari direla ziurtatu zuen gaur egun dagoen eskaera handiari konponbidea ematera bideratutako etxebizitza plana bere hiri proiektuan sartzeko. Horren harira, datozen egunetarako Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailburuordetzarekin bilera finkatu duela aurreratu zuen Xabier Iridoyk, Irunen dagoen arazoari buruz hitz egiteko eta irtenbideak bilatze aldera, lan koordinatua egiteko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...