Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/01/16

Usurbilgo EAJK aurrekontuen aurka egin du inbertsio gutxi eta ezker abertzalearen intereseko proiektuak atzeman dituelako

Usurbilgo EAJ-PNVk Bilduko Udal Gobernuak 2015erako diseinatutako aurrekontuen aurkako bozka eman du, proposamen “eskasa eta alderdikoia” dela iruditzen zaiolako. Alkatetzarako hautagai jeltzaleak, Josune Urkolak, azaldu duenez, gabezia handiena inbertsioen atalean dago. Izan ere, zeregin honetara bideratutako diru kopurua “oso txikia” da, eta, ondorioz, aurten ez da “inbertsio aipagarririk” exekutatuko herrian.
Josune Urkola

Zehaztu du 2015erako aurrekontua 10.482.470 eurokoa izango dela, eta kopuru horren %8,7 bideratuko dela inbertsioetara, zehazki 919.000 euro. Etorkizunari begira, iruditzen zaio “prebisio gutxiko” inbertsioak direla: “gure ustez, inbertsio partida handitu eta gastu arruntak gutxitu behar dira, horretan onurak herritar guztiengana ailegatuko direlako, eta ez gutxi batzuengana”.

Kontrako botoa emateko beste arrazoi garrantzitsua Bilduk Buruntzaldeako eskualderako sortu nahi duen garapen agentzian dago.Urkolak gogoratu du Udalak 182.000 euro gorde dituela ekimen honetarako, baina EAJk susmoa dauka du diru kopuru hori “asko handitu beharko dela”. Izan ere, Bilduk agentzia eskualdeko sei herrien eskutik sortu nahi bazuen ere, gehiengoa daukan hiru herritan bakarrik egin ahal izango du oposizioko gaienerako alderdiak aurka agertu baitira. Eta, ondorioz, agentzia Usurbil, Hernani eta Astigarragara mugatuko da ziur aski. Hala balitz, hiru herriek aurrera egiteko diru gehiago jarri beharko luketela uste du Urkolak. “EAJk eskualde osoko herriak bilduko dituen agentzia bat nahi du; Buruntzaldea osoari zerbitzu emango liokeena. Ez dugu hiru herrietarako proiektu bat babestuko, ez dauka inongo zentzurik”, ondorioztatu du.

Beste arrazoia hondakinena izan da, Udalak proposatzen duen kudeaketa “garestiegia” delako jeltzaleen esanetan. “Usurbilgo hondakinen kudeaketak 822.000 euroko gastua dauka eta zerga bilketaren bidez 520.000 euro biltzen dira, beraz, 300.000 euroko desfasea dago”, azaldu du hautagaiak. Hori dela eta, EAJk, gastua murrizteko asmotan, egungo bilketa zerbitzua berrikusteko apustua berretsi du.

Laburbiltzeko, nabarmendu du EAJk ezezko botoa eman duela aurrekontuen bozketan, “inbertsio gehiago aurreikusi behar zirelako aurrekontuan eta gutxiago, aldiz, eskualdeko garapen agentzia eta ezker abertzaleak aldebakartasunetik babesten dituen gainerako proiektuetarako”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...