Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/01/15

Maite Peña: “Bilduko gobernuak ez du ez anbizio ez proiekturik Errenteriarako”

EAJko Errenteriako udal taldeak Bilduk udal kudeaketa albo batera utzi izana salatu du, aurreko urteko aurrekontuak luzatu behar izan dituztelako 2015erako aurrekontu proiektua ez aurkezteagatik. Maite Peñal azpimarratu du gobernuak 2015erako aurrekontuen bitartez ekonomiaren egonkortzearen alde egin eta behartsuenei lagundu beharko liekeela
Maite Pena

EAJ-PNVko alkategai eta bozeramaile Maite Peñak prentsa ohar bidez adierazi du Bilduko udal gobernuak ez duela errenteriarren egoera hobetzeko anbiziorik, ezta Errenteriarako proiekturik ere. Jeltzaleak aditzera eman duenez, udal gobernuak 2015erako aurrekontu proiekturik ez aurkeztea erabaki du, ondorioz, automatikoki joan den urtean onartutako aurrekontuak mantentzen dira. “Jarrera honek bistan uzten du gobernuak ez duela Errenteriaren alde lan egiteko eta egoera hobetzeko ez konpromiso ezta anbiziorik ere” jakinarazi du Peñak.

“Bilduko gobernuak, albo batera utzi du udal kudeaketa datozen udal hauteskundeak prestatzeko” jarraitu du bozeramaileak. Alkategaiaren hitzetan, “hori da Bilduren lehentasun bakarra, izan ere, badirudi gobernuarentzat ez dela lehentasunezkoa proiektu berriak sustatuz ekonomiari bultzada ematea, behartsuenei laguntzearren partidak bideratzea, ezta herritarren egunerokotasuna hobetuko duten proposamenak egitea ere”.

Jeltzaleek gobernuari gogorarazi diote aurrekontuak eta udal zergak udal jardun eta kudeaketaren parte oso garrantzitsu direla eta errenteriarrengan eragin zuzena dutela. Horregatik, EAJ-PNVko udal taldeak ez du ulertzen zertan ari den Bildu udaletxean. “Ez dute aurkeztuko herritarren zein udalerriaren beharrei erantzungo dien aurrekontu proiekturik” gehitu dute, “non dira beraz Bilduren lehentasunak? Horrela erantzun behar al die berengan konfiantza guztia jarri zuten herritarrei?” galdegin dute. “Izugarrizko errespetu falta da herritarrekiko horrela jokatzea” gaineratu du Peñak.

“Galdutako aukera bat da, izan ere, aurrekontuen bitartez ekonomiaren egonkortzea sustatu genezake, proposamenak eginez herritarren benetako beharrei erantzuna eman eta behartsuenei laguntzeko aukera ere izango genuke” deitoratu du Peñak. “Joan den urtean, gogorarazi du, egin genituen proposamenei esker aurrekontuei gizarte laguntzetarako 350.000 euroko diru partida gehitzea eta enplegua sustatzeko krisiaren aurkako plana txertatzea lortu genuen”.

Azkenik, Maite Peña alkategai eta bozeramaileak udal gobernuari eskatu dio lanean hasteko eta azpimarratu du Errenteriak proiektu berriak garatzeko anbizioa duen gobernua behar duela. “Errenteriak guztientzat lan egingo duen, lehentasunak dituen eta ibilbide-orria argi duen gobernua behar du; eta Bilduk aldiz, egungo egoerari egokitutako eta Errenteriaren eta herritarren beharrei erantzuna emango dien aurrekontu proiektua aurkeztu ordez, bere hauteskunde kanpainan zentratzea erabaki du” amaitu du Peñak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...