Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gobernuek enpresei lagundu behar diete hazten eta enplegua sortzen jarraitzeko
Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak, Joseba Barandiaran ekonomia adituak, eta Eneko Goia eta Markel Olano hautagai jeltzaleek segidakoan bat egin zuten: “Ezinbestekoa da arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana sustatzea, aurrera egiteko eta lehiakorrak izaten jarraitzeko”.
Donostiako IdeiaGunearen programaren barruan, atzo Gipuzkoako EAJ-PNVk Elkarrizketan saio berria antolatu zuen Bukatu al da krisi ekonomikoa? izenburupean. Diputatu nagusigai Markel Olanok, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak eta ekonomia aditu Joseba Barandiaranek gaiari buruzko iritzia eman zuten. Donostiako Alkategai Eneko Goia izan zen hitzaldiaren moderatzaile. IdeiaGunea bete zen eta, besteak beste, Gipuzkoako ekonomia arloko hainbat ordezkari bertaratu ziren.
Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia lehena izan zen iritzia ematen: “Globalizazioaren ondorioz, erabakiak azkarrago hartu behar ditugu eta, horretarako, ezinbestekoa da estrategia ondo lantzea. Era berean, globalizazioaren ondorioz, gizartea indibidualista bihurtu da eta, horri aurre egiteko, gure balioak erabili behar ditugu, hain zuzen ere, Euskadin bultzatzen dugu elkarlana”.
Arantza Tapiak hainbat giltzarri aipatu zituen krisiari aurre egiteko eta, besteak beste, segidakoa azpimarratu zuen: “Gipuzkoa eta Euskadiko enpresek aukeratu behar dute kostu baxuko merkatuaren eta merkatu elitistaren artean, izan ere, egun ez dago lekurik ertaineko merkatuan, hain zuzen ere, Gipuzkoako zein Euskadiko enpresa gehienek kokatuta dauden merkatuan”. Horrenbestez, Tapiak honakoa gaineratu zuen: “Enpresa txiki, bizi eta malgu batek, hain zuzen ere, munduko merkatura moldatzen den enpesa batek, etorkizun handiagoa izango du, mugitzen ez den enpresa handi bat baino. Beraz, ezinbestekoak izango dira, berrikuntza, malgutasuna, moldatzeko eta kudeatzeko gaitasuna, eta informaziorako eta komunikaziorako teknologiak egoki erabiltzea”.
Era berean, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburuak esan zuen, etorkizuneko giltzarrietako bat energia izango dela: “Energiaren kostua giltzarri izango da eta kontsumitzaileok pentsatu behar dugu nola kontsumituko dugun energia hori eta zer egingo dugun enpresek eraginkorrak izaten jarraitzeko, betiere, kontuan hartuta beste batzuen menpe gaudela”. Gainera, Arantza Tapiak segidakoa azpimarratu zuen: “Gobernuek enpresei lagundu behar diete hazten eta enplegu sortzen jarraitzeko”.
Bestalde, Joseba Barandiaran ekonomistak honakoa adierazi zuen: “Galdera krisialdia amaitu den ala ez izan beharrean segidakoa da: ¿Zer egin behar dugu gizartearen bizi-kalitatea mantentzeko edo hobetzeko?”. Horren harira, Barandiaranek esan zuen, ezinbestekoa dela enpresarien eta langileen arteko harremanak hobetzea. Izan ere, baldin eta elkarlana sustatzen ez badugu, zaila izango zaigu aurrera egitea. Halaber, Barandiaranek elkarlanaren alde egin zuen, herri txiki batek dituen abantailak erabiltzeko.
Ildo beretik, Joseba Barandiaranen ustez, mundua gehiago aldatuko da eta guztiok izan beharko gara malguak. Horrenbestez, epe laburrera segidako hiru giltzarri aipatu zituen: demografia, teknologia eta ingurunea. Hona hemen Barandiaranen hitzak: “Piramide demografikoetan kezkatzeko datuak daude, hain zuzen ere, gizartearen zahartzeari buruzko datuak: egungo datuak kontuan hartuta, 2050.urtean Euskadik biztanleria aktibo txikiagoa izango du, hain zuzen ere, Ibarretxe lehendakariaren garaian zegoen enplegua baino txikiagoa. Beraz, hezkuntzak garrantzi handia du, gizarte lehiakorra izaten jarraitzeko”.
Amaitzeko, Markel Olano diputatu nagusigaiak honakoa azpimarratu zuen: “Ezinbestekoa da enpresei laguntzea krisiari aurre egiten, izan ere, enpresak dira Gipuzkoako ekonomiaren ardatza”. Hortaz, Olanok salatu zuen, egun hainbat politika- eta gizarte-eragilek ez dutela onartzen enpresek gizartean duten eginkizuna: “Eta gogoratu behar da, enpresek Gipuzkoako enpleguaren %85 sortzen dutela. Beraz, esfortzua egin behar dugu Gipuzkoako industria indartzeko”.
Diputatu nagusigaiak, halaber, esan zuen, egun eztabaida dagoela, hain zuzen ere, lehiakorragoak izateko, aberastasuna sortzeko eta aberastasun hori banatzeko eredu aldaketa beharrari buruz: “Eztabaida horretan parte hartu behar dugu eta azpimarratu behar dugu enpresen garrantzia, izan ere, herritar guztiek ez dute oso argi egoerari aurre egiteko industria sendoa dugun ala ez”.
Azkenik, Markel Olanok honakoa adierazi zuen: “Gipuzkoak gizarte- eta ekonomia-eredu eredugarria du, baina aitzitik, ezker abertzaleak eredu hori zalantzan jarri du eta ez du egoki kudeatu. Izan ere, ezker abertzaleak Gipuzkoako beharrekin bat egiten ez duten erabakiak hartu ditu eta, gainera, enpresa talde handi bati – hain zuzen ere, enpresa esportatzaileei – bizkar eman dio. Eta hori egiteko arrazoi bakarra honakoa da: ezker abertzaleak enpresen gaineko aurreiritziak ditu eta, ondorioz, enpresen garapena eta, beraz, Gipuzkoako ekonomia- eta gizarte-garapena kaltetu ditu”.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


