Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/01/13

Olatz Peon: “Herritarren iritzia ezagutu eta beren proposamenak jaso nahi ditugu Tolosarako etorkizuneko proiektua elkarrekin eraikitzeko”

Horretarako, jeltzaleek triptiko bat bidali eta zuzeneko parte-hartze kanalak jarriko dituzte herritarren eskura tolosarrek ekarpen eta proposamenak egin ditzaten. Olatz Peonek hitz eman du jasotako ekarpen oro aztertuko duela, herritarren proposamenekin datozen hauteskundeetarako programa osatzeko.
Olatz Peon

Olatz Peon alkategaia buru duen lan talde jeltzaleak hilabeteak daramatza tolosar eragileekin biltzen bertako errealitate sozio-ekonomikoa aztertzeko eta Tolosarako etorkizuneko proiektua partekatzeko. Jeltzaleek datozen hilabeteetan jarraipena emango diete topaketa horiei eta eragile ekonomiko zein kirol eta gizarte eragileekin biltzen jarraituko dute, baina oraingoan gertutik tolosar norbanakoaren iritzia da ezagutu eta jaso nahi dutena. Horretarako, EAJ-PNVk triptiko bat bidaliko du etxe guztietara eta zuzeneko parte-hartze bideak jarriko ditu herritarren eskura tolosarrek beren kezkak, eskaerak, iradokizunak, proposamenak… egin ditzaten, “horrela, etorkizuneko proiektua tolosarrek zer nahi duten kontutan izanda eraikiko dugu” gaineratu du alkategaiak.

EAJ-PNVk helburu du proiektu abertzalea, demokratikoa eta inposiziorik gabea eraikitzea, ezker abertzalearen alternatiba garbia izango dena eta udalerriko sentsibilitate desberdinak bilduko dituena, “ez dugu gutxi batzurentzat gobernatu nahi, baizik eta tolosar guztientzat” gehitu du Olatz Peonek. Hori dela eta, EAJ-PNVrentzat beharrezkoa da herritarren kezkak eta beharrak ezagutzea, norbanakoek zein auzoek dituzten arazoak identifikatzeko. “Tolosarroi entzun nahi zaituztegu eta gure proiektuan parte har dezazuen nahi dugu, guztiek izan dezazuen aukera zuen ideiak eman eta zer nolako Tolosa eraiki nahi duzuen erabakitzeko; horrela, gure proiektu proposamena zuen ekarpenekin osatuko dugu” azaldu du.

“Triptiko bat bidaliko dizuegu gure egunerokotasunean eragina duten gaien inguruan iritzia eman dezazuen, hala nola, hondakin kudeaketaren edota trafikoaren inguruan; halaber edozein proposamen edota ekarpen egin ahal izango duzue bertan” azaldu du Olatz Peon. “Modu berean, jarraitu du zinegotzi jeltzaleak, zuzeneko komunikazio bideak jarri ditugu herritarren eskura gurekin harremanetan jartzeko, proposamenak egiteko edota iritzia emateko. Ondorengo sare sozial eta helbideen bitartez jar daitezke gurekin harremanetan: Facebook (facebook.com/opeonormazabal) , Twitter (@olatzpeon), Whatsapp 688 625 230 telefono zenbakian edota olatzpeonormazabal@gmail.com helbide elektronikoan.

“Hitz ematen dut, nire lan taldearekin batera, jasotako proposamen eta ideia bakoitza landuko dudala eta horien bideragarritasuna ere aztertuko dugula” azaldu du. Olatz Peonek jakinarazi duenez, parte hartze prozesua amaitzean, eragileekin egindako bileretan bildutako ekarpen, zein norbanakoen eskutik jasotako proposamen guztien berri emango dute eta horiek guztiak tolosarrekin partekatuko dituzte. “Alkatetza berreskuratu nahi dugu Tolosaren alde lan egiteko, ekimen eta proiektu berriak martxan jartzeko Tolosak antzina izandako indar eta ospea berreskura dezan, eta hori guztia tolosarrekin elkarlanean lortu nahi dugu” amaitu du Olatz Peonek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...